Agurra
Kaixo Agurtzane,
Elene naiz, Batxi bigarren maila errepikatzen nago. DBH 2. mailatik Jonerekin nago. Berak Batxi 1 errepikatu zuen. Elkarrekin hainbat esperientzia zoragarri izan ditugu: gure lehenengo musuak, maitemina, ikastolan piper egin, gurasoei gezurretan ibili lagunak ginelakoan bata bestearen etxean lo egiteko elkarrekin, gure lehen aldia, nire lehen orgasmoa berarekin, gure koadrilakoei esan bikote ginela, denborarekin gure gurasoei, azterketak elkarrekin prestatu… Baita ere hainbat talka, gure moduak oso desberdinak zirelako edo ez genituelako bakoitzaren desioak edo beharrak asebetetzen… haserrealdiak, berbaldiak, ilusioak… Denbora guzti honetan elkarrekin hazi gara, aberastu, handitu eta zabaldu.
Baina azken ikasturtean, ez dakigu zergatik, bakoitzak bere espazioa behar du inoiz baino gehiago. Bakoitza bere bidea eraikitzeko pausoak ematen ari gara, ia konturatu gabe… Barre egiten dugu elkarrekin, musukatu eta oheratu… baina sentitzen dugu gero eta adiskideagoak garela beste ezer baino… Gure bion artekoan, gure baitan, zerbait joan da galtzen eta zerbait ere eraikitzen; modu desberdinean joan da gauzatzen gure harremana. Oso arraroa egiten zaigu, oso ondo gaudelako elkarrekin baina ez da lehengoa. Beharbada ez du zertan izan behar, horrenbeste denbora pasatu ostean… baina uste dugu haratago doan sentsazio eta sentimendua dela. Bakoitzaren bideak aldentzen doaz modu gozagarri bezain mingarri batean.
Jone eta biok harrituta gaude. Hainbatetan egiten dugu berba honi buruz, eta ez dugu ulertzen nola aldatu den gure elkarrekiko sentimendua, sakonean maitasuna sentitzen badugu ere. Ez dugu uste ezer egin dugunik hona heltzeko, ez dakigu ezer egin ahal dugun honi buelta emateko, baina dirudi amaiera dela. Baina horrela? Beste barik? Ez zuen izan behar traumatikoagoa? Ondo gabiltza? Nola egin…
Kaixo Elene, eta kaixo Jone ere bai, imajinatzen zaituztet biok berba hauek irakurtzen-eta!
Eskerrik asko bihotz-bihotzez hain modu gardenean idazteagatik, zuen ibilbidea kontatzeagatik eta zuen orainaldiko momentua azaltzeagatik. Benetan. Elkartzen garenean, bihotzak eramaten gaitu inoiz ez dakigun ze lektura eta zenbat denborarako. Maitemina edo hasierako bulkadak sentitzen ditugunean, betirako delako sentitzen dugu eta edozer dela posible, eta izan liteke. Nahiz eta gertukoen esperientziengatik, entzun edo irakurtzen dugunagatik badakigun bideak hainbat modutan eraiki eta deseraiki egiten direla, hor gaudenean, maite dugunarekin bidea egitea ederrena da eta inportanteena bidea da.
Zuk hain ondo azaldu duzun moduan, elkarrekin hainbat bizipen aberasgarri izan dituzue, gozoak eta beste batzuk gaziak, baina denekin elkarrekin hazten zareten sentsazioa izan duzue. Zuen maitasunak zeharkatu zaituzte, eta hori izan da zuen harremanaren akuilu eta saria. Seguru nago horri esker ere pertsona hobeak, azkarragoak, enpatikoagoak, ulerkorragoak, gozoagoak, helduagoak… bilakatu zaretela. Zalantza barik. Horren adierazle da gaur, hemen, egotea zuen istorioa kontatzen.
Zuek dena hain ondo azaldu ostean, ez dakit gauza handirik daukadan esateko. Bidaia luze honetan, 6 urtetan (12tik 18ra, gutxi gorabehera), hazkuntza-prozesua itzela izan da. Edonorentzat adin-tarte hori bada-eta. Zuen kasuan, denetarikoak biziko zenituzten, eta erritmo desberdinak eta modu desberdinak izan arren, orain ere leku berberera heldu zarete elkarrekin. Ez da oso ohikoa, baina horrek zera diost:
-
Maitasunak dirau.
-
Maitasuna aldatu da.
-
Bakoitzaren bideak leku gehiago hartu du.
-
Bakoitzaren bideari egiteko beharra handitu da.
-
Adiskidetasuna beti bezain sakona da.
Hor zaudete. Aitortzea ez da erraza, beldurrak agertzen direlako, baina hainbatetan esan dugun moduan beldurra gure bidaidea da, eta lagungarria ere bai. Beldurrak guri laguntzeko: astiro egiteko agurra, astiro egiteko bakoitzaren bidaia, astiro ez ahazteko elkarrekin ikasi dugun guztia, astiro batak besteari laguntzeko ahal duen neurrian…
Ez da gozoa jabetzea, ez da erraza… Zoragarria da daukazuen adinarekin hain helduak izatea elkarri kontatzeko, laguntzeko eta agurrari bere lekua emateko. Agur esateak prozesu bat darama… Beharbada zuek ikasturte honetan, ia konturatu gabe, horretan ibili zarete, eta orain jabetza gorpuztu da. Beharbada ikasturtearen amaierarekin batera dator beste fase bat. Ea nora zoazten eta nora eramango dituzuen zuen hurrengo urratsak. Beharbada bizitzak beste leku batzuetara eramango zaituzte, elkarrengandik urrun ala ez; argi izan orain zabiltzatela eraikitzen nola behar duzun guzti hori bideratu. Aprobetxatu astiro:
-
Eskertzeko.
-
Maitatzeko.
-
Elkarri nahi diozuena eman edo konpartitzeko, egiteko.
-
Adiskidetasunari nolako lekua emango diozuen argitzeko.
-
Bakoitzak behar duen lekua babesteko.
Prozesua bizitzen da bidea eginez; horrek esango dizue zertan zabiltzaten, zer behar eta zer gura duzuen. Batzuetan, hasieran inportantea zena, denborarekin ez da, eta alderantziz. Ikasitakoa eta bizitakoa ez da ahaztuko; orain beste urrats batzuetan ipiniko duzue zuen ondarea.
Hoberena opa dizuet bihotzez!!!












