Ezin
Kaixo Agurtzane,
Erlantz naiz, eta orain dela hilabete batzuk hasi nintzen nire bikotekidearekin. Oso gustura gaude, berba piloa egiten dugu eta erabat maiteminduta gaude. Baina momentua heltzen denean, sarketa egitea niretzat ezinezkoa da; nire buztanak ezin du. Beherantz doa. Zer da gertatzen zaidana? Zer egin konpontzeko? Agobioa gero eta handiagoa da. Bikotekidea desesperatuta dago; are gehiago, uste du ez nauela erakartzen. EZ DA EGIA!!
Aupa Erlantz,
Eskerrik asko hain gardena izateagatik! Ea zuei, eta bide batez hainbati, laguntzen dizuedan!
Erekzioa galtzea, guk nahi ez dugunean, ez da kontu xamurra; are gutxiago behin baino gehiagotan zakila zutitzen ez denean guk nahi dugun unean. Beste alde batetik, esan beharra dago egoera hori bizitzan zehar behin baino gehiagotan gerta daitekeen zerbait dela.
Erekzioaren fisiologia ulertzea ezinbestekoa da egoerari beste leku batetik eusteko. Zakila ez da hezur bat, ezta muskulu bat ere; zakila ehun kavernoso edo arolez (esponjosoa) osaturiko organoa da. Zakilean dauden hainbat hartzaile prest daude aktibatzeko, eta estimulu desberdinek aktibatzean, zakilaren erekzio-mekanismoa martxan jartzen da:
-
Sistema muskularra: Zakilaren muskuluak uzkurtu egiten dira eta horiek odola sakatzen dute barruan geratzeko, odolaren irteera ekidinez.
-
Sistema baskularra: Odol-hodiak zabaldu egiten dira eta zakilera askoz ere odol gehiago sartzen da.
Sistema bi horien ondorioz, zakila luzatu eta handitu egiten da. Baina, zerk jartzen du sistema martxan?
Erekzioa bultzatzen duten nerbio-bulkadak anitzak dira; ohikoenak estimulu sexualak dira, baina ez beti. Zure kasuan, adibidez, zuen arteko harreman erotikoan egiten dituzuen estimuluei esker (musuak, laztanak, begiradak…) exzitazioa areagotu egiten da, betiere sarketaren saiakera izan baino lehenago.
Baina gure baitan ardura edo kezka sentitzen badugu, gure nerbio-sistema erlaxazio-egoera exzitagarri batetik alarma-egoera batera pasatzen da. Momentu horretan, odola berriro ere gorputzerantz bueltatuko da eta erekzioa galdu egingo da. Gure nerbio-sistema alertan baldin badago, ezin dio exzitazioari eutsi. Eta seguruenik hori da zuri, Erlantz, gertatzen zaizuna.
Elkarrekiko desioa handia bada ere, egoera behin baino gehiagotan gertatzen denean, ardura eta agobioa areagotu egingo dira. Zelabaiteko presioak eta larritasunak ez diote utziko desioari bere bideari eusten.
Zer egin?
Lehenik eta behin, EZ jarri zalantzan bata bestearekiko desioa edota sarketa izateko gogoa. Bigarrenik, EZ jarri zalantzan zeure burua.
Hona hemen proposamen batzuk:
-
Zuretzat (Masturbazioa): Jolas bat proposatzen dizut. Begiratu zer gertatzen den masturbatzen zarenean: nola doan gogortzen zure zakila, zenbatetan gertatzen zaizun zakila oso tente egotea eta, bat-batean, kontzentrazioa galduz gero, zakila bigundu egiten dela. Jarraian, ikusi nola berreskuratzen duzun, jolasean, beldur barik, espektatiba barik… egonean egonez.
-
Biontzat (Erotika partekatua): Saiatu zuen erotika beste era batera gozatzen. Hau da, sarketa erronka edota helburu izan beharrean, murgildu beste joko batzuetan, koitoa albo batera utzita: musuak, laztanak, igurtziak, jolasak… Biok ere beste modu batzuetara gozatuz eta elkartuz. Zuen arteko konfiantza berreskuratuz.
Ez dakigu zehazki zergatik gertatu den lehen aldian, baina argi dago aukera berri bat agertu zaizuela zuen azalean beste era batera egoteko: desioari eusteko eta ezjakintasuna jakin-minaren hauspo bihurtzeko.


