Sutu

Eder naiz eta 16 urte ditut. Idazten dizut arazo bat daukadalako. Aspalditik datorren kontu bat da; hasieran lagunekin edo gurasoekin lotuta zegoela uste nuen, baina ez da horrela. Orain dela bi hilabete mutil batekin hasi naiz irteten (zoratuta nindukan), eta “pronto” horiek kanporatzen hasi dira; askorik ez, baina bai batzuk. Oso maiteminduta gaude, eta badakit zerbait egiten ez badut, sutu egingo naizela eta hark popatik bidaliko nauela. Gainera, ez dut nahi horrela bizi; ez da ona niretzat, ezta nik maite ditudanentzat ere. Zer egin behar dut horrelakoak ez izateko? Nola baretu dezaket barrena?


Aupa Eder!!

Eskerrik asko zure konfiantzagatik. Benetan ez dela erraza horrelako minak ateratzea eta partekatzea. Uste dut lehen pausua eta bigarrena ere emanda dauzkazula: lehena, zer gertatzen zaizun konturatu zarenean; bigarrena, laguntza eskatu duzunean. Ezin dugu ahaztu tarte horretan egon den prozesua ere oso garrantzitsua izan dela. Baloratu egin duzuna, hor daudelako hurrengo urratsak emateko gakoak.

Haserrea emozio bat da; berez ez da txarra, ezta ona ere. Gehienetan, haserrea sentitzen dugunean, ez zaigu gustatzen: desatsegina izan daiteke eta egonezina sortu lezake. Hori horrela izan arren, kontuan hartu beharrekoa da emozioak lagungarriak direla. Kasu honetan, haserreak gure mina non dagoen edota nondik datorren jakiteko balio digu, baita gure mugak zeintzuk diren jabetzeko ere. Aldi berean, haserrea sentitzen dugunean eta kudeatu ezin dugunean, okerrago sentiarazten gaitu. Zelan ez!

Zuk diozun moduan, “pronto” horiek, haserraldi labur horiek, aspalditik detektatu zenituen. Orduan, zerbait badakizu horri buruz, baina hobeto ulertzeko, hona hemen zenbait alderdi begiratzeko:

Sua irten denean

Gehienetan, sua irteten denean, zerbaitek gure emozioen puntu sentikor bezain indartsu bat ukitu duelako izaten da. Momentu hori baino lehenago, ziurrenik (jabetu gabe ere), behin baino gehiagotan sentitu izan duzu ziztada hori. Beharbada leunagoa izango zen. Baina enegarrenean sentitzen dugunean, denboraren poderioz pilatu dena erraz aterako da.

Aspaldiko kontua baldin bada, ziurrenik aspalditik datorren mina delako da. Eta, dirudienez, oraindik ez duzu ikasi barrena nola eutsi emozioei kasu eginez. Baina hori gurean zaila da ikastea, irakasteko moduak gehienetan zigorraren bidezkoak izan direlako: sentitzen duguna lurperatuz. Sarri, helduok guk egiten ez duguna eskatzen dizuegu seme-alabei eta gazteei; gogoratu helduon adibidea eta jokabidea direla irakaslerik handienak.

Ariketa: Informazioa biltzea Hasi "pronto" horiei buruz idazten. Galdeiozu zeure buruari: noiztik daude hor? Noiz irteten dira errazen? Zein egoeratan sentitzen duzu ziztada hori? Zer gertatzen zaizu barruan? Zer sentitzen duzu gorputzean? Hitza eman emozio horri, ea zer esaten dizun. Tarteka informazioa biltzeak zure burua hobeto ulertzen lagunduko dizu: batetik, jakiteko zuretzat zer den hain mingarria, eta bestetik, zer egin dezakezun horren azpian zer dagoen jakinda.

Suari bidea

Zure galderan esan didazu “pronto” horiek zure mutil-lagunarekin izan dituzula, baina askotan kontrolatu dituzula eta txikiak izan direla. Berri ona da hori! Zerbait egiten ari zara, eta gainera eraginkorra izan da. Zorionak. Horri begiratuko diogu.

Ariketa Zer egin duzu gorputzean min, ziztada edo kolpe hori sentitu duzunean? Nola lortu duzu baretzea? Zer esan diozu zeure buruari? Arnasa hartu duzu? Beste alde batera begiratu duzu? Hor daude gakoak jakiteko nola egin diozun aurre ziztada horri, barruan korapilatu eta lehertu baino lehen.

Suaren eraikuntza

Lehen aipatu dizudan moduan, askotan gure sua ziztada asko pilatu direnean irteten da. Gutxien espero dugunean lehertzen da.

Ariketa Zure egunerokoan, bakarrik zaudenean, zelako sentimenduak dituzu? Zerk arduratzen zaitu edo zerk ematen dizu bueltaka buruan ("rayatu")? Sarri sentitzen zara beteta, bukle batetik irten ezinean? Hitz ezkorrak esaten dizkiozu zeure buruari? Txarto sentitzen zara? Bilatu informazioa zeure burua hobeto ulertzeko eta ondo egoteko behar duzuna lantzeko.

Barea bilatzen

Hona hemen bide batzuk barneko barea sentitzeko. Bideak bilatu, martxan jarri eta geurera egokitu behar ditugu. Poliki bada ere, geure egiten ditugunean, denborarekin berez irtengo zaizkigu, orain “pronto” horiek moduan.

  1. Zer da ondo egiten dizuna eta lasaitasuna ematen dizuna? Kirola egitea, dantzatzea, jolastea, musika entzutea, masturbatzea ("pajak egin"), lagunekin berba egitea, lo egitea, mutil-lagunarekin egotea... Denak dira garrantzitsuak. Hasi zuretzat errazena denetik.

    • Gorputza mugitzea: Izerdia botatzea (kirola, mendia, dantza, abestea, garrasi egitea) ezinbestekoa da tentsioak askatzeko. Horren ostean, arnasa astiroago hartuko duzu eta gorputza lasaituko da. Dutxa on batek bakean utziko zaitu.

    • Pantailak eta bideo-jokoak: Sare sozialak eta bideo-jokoak gozagarriak dira, baina burmuina hiper-estimulatu egiten dute. Horren ondorioz, barrena arinago mugitzen da eta urduritasuna sortzen da. Karga handia baduzu, zaindu pantaila-ohiturak eta saiatu natura gehiago bilatzen. Naturak berezko barea ematen digu.

  2. Barneko epailea: Batzuetan sentitzen baduzu zure buruaren barruan norbait badagoela etengabe zer egin behar duzun esaten, zigortzen edo errua sentiarazten, askatu egin behar duzu karga hori. Egunero eskaini tarte bat "matraka" horri guztia orrialde batean idazteko eta, ondoren, bota zakarrontzira. Atera barrukoa!

  3. Hitz egin: Saiatu zure konfiantzazko norbaitekin hitz egiten (lagun bat, senitarteko bat edo mutil-laguna bera). Zure barrena zabaltzeak eta besteei galdetzeak (ea zer nabaritzen duten zuk "prontoa" izan baino lehen) elkar laguntzen lagunduko dizue.

  4. Gelditu sua: Sua sentitzen duzunean, begiak itxi eta hartu arnasa sakon hiru edo lau bider ezer esan aurretik. Beroaldia sentitzen baduzu, eman baimena zeure buruari handik joateko lasaitzeko asmoarekin. Gero, lasaiago zaudenean, hitz egin gertatutakoari buruz.

Ideia asko dira, beharbada gehiegi... hasi ahal dituzun horiekin. Begiratu maitasunez zure bihotzari. Sentitzen baduzu hau guztia gehiegi dela, hitz egin konfiantzazko heldu batekin edo profesional batengana joan (ez larritu, zure hoberako da).

Seguru nago oso majoa zarela eta, zure izena bezala, ederra. Merezi duzu zaren guzti hori ateratzea zure bizitza edertzeko.

Besarkada handi bat!

Agurtzane ORMATZA

2023, Otsaila 28
Arloa: Jo ta jo