Ikasbidaia

 

Aupa Agurtzane,

Martin naiz. Ikasbidaiara joango naiz asteazkenean, astebete. Orain dela hilabete batzuk nire gelako bategaz hasi naiz geratzen. Asko gustatzen zait. Logelak bananduta egongo dira, baina niri horrek egonezina sortzen dit. Gela berean egongo garelako, eta inoiz ez garelako hain gertu egon. Eskerrak gure beste bi gelakideek badakitela.

Dena den, ez nekien kondoiak erosi ala ez. Zer espero duen lagunak... Zer egin beharko dudan, hain aukera argia izanda... Eta egia esan, neuk ere ez dakit zer nahi dudan, bene-benetan. Zer egin beharko nuke? Orain pentsatzen hasita, koldarra naizela iruditzen zait.


Aupa Martin,

Eskerrik asko! Ikasbidaiak zelako errusiar mendiak sortzen dituen edozein ikasleren barrenean: zelako poza, zelako estutasuna, zelako zirrara, zelako urduritasuna, zelako presioa, zelako askatasuna. Dena eskura eta dena gutxi, eta dena lar. Denboraz justu gabiltza horrenbeste emozio asimilatzeko, eta are gutxiago gauzatu egin behar baditugu gura edota behar dugun dena.

Zelako zortea zuon gelakideekin zuon harremana partekatzeko aukera izan baduzue, onartuta eta ondo hartuta zaudetelako. Nagusiok, sugarra, maitasuna eta erakarkeria edonoren artean sor litezkeela jakin arren, arauak ipini behar ditugu; kasu honetan, gelak bananduz. Batzuetan batzuk besteengandik babesteko, arauak ipinita denok ere lasaiago geratzeko, erakarpenaren desioan ez galtzeko, liskarrak ez sortzeko… Mila argudio daude, eta ez diot nik ezin dela arautu. Baina egia da arauak ezin duela errealitateen aniztasuna jagon. Dena den, aukera paregabea da zuon harremana eraikitzeko, modu batean edo bestean. Egia da horrela ere ikasten dela, bideak aurkitzen direla oztopoak aukera gisa baliatuz. Ez da gutxi.

Zure istorioa, Martin, beste askorena bezala, ez da koldar batena. Edo bai, eta denok gara koldarrak. Barre egin dezagun!! Koldarra izatea baldin bada zalantzez josita egotea, paralizatuta edota urduri sentitzea gustatzen zaiguna alboan daukagunean; estutzea hanka sartu nahi ez dugulako, dena perfektu irtetea gura dugulako; eta beldur puntu bat sentitzea ez dakigulako guri gustatzen zaiguna edo egiten duguna berak gustuko izango duen…

ONGI ETORRI GURE KOLDAR MITIKOEN LURRALDERA!

Hori baitira gure errealitateak, bertigo gazi-gozoa sortzen digutenak. Seguruenik, zer egin eta nola egin jakiteko modurik zuzenena zure lagunarekin berba egitea da. Biderik zuzenena eta, beharbada, zailenetarikoa bada ere, horixe da. Nagusiok sarriegi ikusten dugu dena erraz: "galdetu eta listo". Baina guretzat ere erraza ez dena ezin diegu gazteei exijitu. Baina saiatzen gara. Neu ere bai.

Berba egiteak gure barrenak askatzen ditu, elkar entzuten dugu eta horrek elkar ulertzeko aukera ematen digu. Sarri, solasaldi hauetan norberak ere zekiena ateratzen da: batzuetan beldurrak edota lotsak, askotan ahalmenak eta ilusioak, eta bideak nola jorratu jakiteko modua. Erotikan zein bizitzaren beste alorretan, berba eginez, arreta ipiniz, elkar entzunez, galderak eginez, interpretazioari leku gutxi emanez eta gure hauskortasuna erakutsiz… Hanka-sartzeekin batera, indarra ematen diogu geure buruari eta harremanari. Hori bai dela elkarrekin egiteko ikasbidaia!

Beharbada, inori emango ez diogun eskutitz bat idaztea lagungarria izaten da gure korapiloa askatzeko. Gero hor dago telefonoa, mezuak… burutazioak eta sentimenduak partekatzeko. Seguruenik bera ere estu bezain gogotsu egongo da ikasbidaiarako: zugaz batzeko, ea zer gura duzun jakiteko, ea bera ere gustukoa izango duzun… Batzuetan, horri buruz berba egiteak parada ematen digu gero beste bide batzuk lasai asko jorratzeko.

Bularra zabaltzen denean, gorputza ere zabaltzen da, eta gorputzak esango dizue zer eta noraino. Patxadaz, elkar ezagutzen, elkarri erakusten, behar duzuena ikasten… Batzuetan, kondoiaren erabilera ezinbestekoa izango da gura dituzuen jardunetan zuon burua babesteko. Baina beti ez dira izango beharrezkoak: zuon azala ferekatzeak, musuekin jolasteak eta gozamena beste era batzuetan partekatzeak izugarrizko zirrara emango dizuelako. Gure gorputzak elkartzen eta igurtzen direnean laztanen bitartez, gozotasunaz blai sentitzen zaretenean, batak bestea besoetan hartzen duenean… hor gozo-gozo zirrara dabil.

Zuek idatzi eta eraikiko duzue zuon partitura, elkarrekin ikasten.

Gozatu! Zuon ikasbidaia orain dela hilabete pare bat hasi zen, eta orain beste pasarte bat baino ez da izango. Beharbada, zazpi egun horien ostean ere jarraituko duzue… ikasten, elkarrekin bidaiatzen.

 

Agurtzane ORMATZA

2023, Martxoa 31
Arloa: Jo ta jo