Himen

Himena baginan dagoen mintz (mintza) bat da, ia kanal osoa estaltzen duena. Jaiotzean, ia bulba guztiek daukate mintz hau; besteak beste, ehun konektiboaz, epitelioaz, nerbioz eta odol-hodiz osatuta dago. Himena nahiko malgua eta porotsua denez, barruko lubrikazioa, hilerokoa eta baginaren fluxua kanporatzeko, edota esperma sartzeko, ez dago inolako arazorik. Gainera, ia himen guztiak zulodunak dira, eta horren arabera, forma desberdinetako himenak daude. Ikerketa batzuek diote jaiotzatik aurrera, hormonen eragina dela eta, himenaren forma ere aldatuz doala. Adibidez, jaio eta lehen bi asteetan, estrogenoen gorakadak eragina izango du genitaletan, aluaren atal guztien forma gutxi bada ere aldatuz.

Himenaren funtzioari buruzko teoria desberdinak daude. Askoren arabera, mintzaren betekizuna gure umetokia eta barruko bagina babestea da, alegia, infekzioak ekiditea. Nerabezarora heltzean, gure baginaren babes-mekanismo propioa martxan hasiko da: pH-aren azidifikazioa eta baginako flora izango dira horren isla. Horregatik, pubertarotik aurrera naturak ez du ezer egingo himena berreraikitzeko; orduan, mintza mehetu egingo da eta bere baskularizazioa ere gutxitu egingo da. Beraz, himena zabaltzea, urratzea edota odol-jarioa gutxitzea ere errazagoa izango da.

Himenak dauzkan zuloak zabaldu edota luzatu egiten dira. Gehienetan ez gara jabetuko, ez dugu jakingo noiz ezta zer gertatu den: bizikletan ibiltzean, ariketa fisiko batzuk egitean, tanpoia edo kopa ipintzean, baginan hatzamarrak sartzean, jostailu bat edo zakila sartzean… Batek daki.

Zure galderaren bigarren zatia esandakoarekin ia erantzunda dago, baina hobeto azalduko dut. Lehen aldian baginak zakila hartzen duenean, mintza ez da zertan apurtu ezta zabaldu beharrik ere. Are gehiago, ez du zertan minik eman behar. Sarketa horietan, tanpoia edo kopa ipintzean moduan, mina kasu gehienetan ez dago himenarekin lotuta. Beste aldagai batzuk dira kontuan hartzekoak:

  • Urduritasuna: Baginaren, perineoaren eta horien bueltan dauden muskuluen uzkurdura dakarrelako. Horrek bagina estutuko du, eta, modu horretan, zaila bezain mingarria izan liteke edozer sartzea.

  • Erritmoa eta lubrikazioa: Batzuetan, sarketa edota bestelako joko erotikoak oso arinak eta gogorrak izaten dira, batez ere ez badatoz gure erritmoarekin bat. Ez badiogu geure buruari denbora nahikorik eskaintzen kitzikapenerako, lubrikazioa sortzeko eta erlaxazio-puntu bat izateko, zailagoa da. Aldagai horiek beharrezkoak dira bagina zabaltzeko eta malgutzeko. Bigundu ezean, baginan mina izateko aukerak handituko dira.

Gure bagina kontuan hartzea geure burua kontuan hartzea da. Gure aluari eta gure gorputzari kasu eginez, seguruenik asko ikasiko dugu; pista ugari emango dizkigu gure desioaz, gure beharrez eta guri zer eta nola gustatzen zaigun jakiteko. Horrek lagunduko digu gure bidea egiten eta gozatzen, geure buruarekin zein lagunarekin, elkarri irakasten eta elkarrekin ikasten.

Horrelako galderak egitea ezagutza- eta gozatze-bidean jartzea ere bada. Zorionak!

 

 

Agurtzane ORMATZA

2023, Apirila 30
Arloa: Jo ta jo