Potoloa dut gustuko
Aupaaa!!
Liher naiz eta 17 urte ditut. Aspalditik nabil kontu honekin, eta kontatuko dizudana lotsatuta kontatzen dizut; ez dagoelako ondo hori sentitzea eta are gutxiago esatea. Ikasturte osoan oso gustuko izan dut nire gelakide bat, eta uste dut berari ere gustuko naitzaiola. Baina ez dakit nola bideratu. Bera oso jatorra da, lagun bihurtu gara eta harreman berezia daukagu, baina "seguru" modukoa da, inork ezin duelako pentsatu bera dudala gustuko.
Nire koadrilakoek ere ez lukete imajinatu ere egingo, izan ditudan "rolloak" beti arau estetiko tradizionalen barruan egon direlako. Orain pentsatzen hasita, inoiz mozkortuta ligatu izan dut pertsona potoloekin, baina inork ez gaitu ikusi. Edo inork ikusi bagaitu, beti leporatu izan diot horren zergatia mozkorraldiari. Baina oraingoan ez da horrela izan; laguna da, eta are gehiago, konturatu naiz bere loditasuna oso kitzikagarria egiten zaidala. Ez dakit nola egin aurre egoerari neure buruarekin, ezta nola jo berarengana ere. Nola egingo dut?
Aupa Liher!
Lehenik eta behin, eskerrik asko horrenbeste lotsa ematen dizun egoera baten berri partekatzeagatik. Seguru nago hainbatentzat lagungarria izango dela, euren burua islatuta ikusiko dutelako.
Gustuko duguna gizarteak ezarritako ereduen barruan ez dagoenean, oso zaila egiten zaigu onartzea eta geureganatzea. Berdin da eredu estetikoa edo bestelakoa bada. Gure baitan gauzak nahasita sentitzen ditugu. Gorputza bera egonezinean murgiltzen da, eta horrelakoetan, gehienetan, "ez ikusiarena egitea" izaten da egoerak sentiarazten digun horretatik ihes egiteko modu bat, lasaitasuna berreskuratzeko asmoz.
Beraz, ez da harrigarria arrazoiak bilatzea gizarteak esaten duenarekin bat egiteko, edota egoera batzuk ekiditea, gure barrenak oihukatzen duena ez entzuteko. Gure buruak pentsatzen duena, gure bihotzak sentitzen duena, gure gorputzak sumatzen duena eta gure jokabideak bat etortzea ez da erraza. Orduan, arrazoiak bilatzen ditugu, nahi eta nahi ez, gure burmuinak bakea behar duelako.
Denboraren poderioz konturatzen gara gure baitan zerbaitek ez duela behar duen moduan funtzionatzen, ez duela beharrezko armonia sortzen, ez gaituela ondo sentiarazten. Eta indar horri kasu egiten badiogu, erantzunak izango ditugu, batzuetan gazi-gozoak izan arren. Baina erantzun horiek argiak direnez, barneko lasaitasuna dakarte, eta baita norberaren erabakiarekin aurrera egiteko indarra ere. Pertsona askok ia bizitza osoa behar izaten dute zu heldu zaren lekura heltzeko, eta zuk ez dituzu oraindik 18 urte. Ez da makala! Batzuetan bizitza erdia igaro behar da horretarako; ez da zure kasua izan. Zorionak, Liher!
Zailena egin duzu: zure buruari aitortu eta "denon aurrean" laguntza eskatu. Seguruenik, erantzun hau heltzen zaizunerako bide erdia baino gehiago eginda edukiko duzu. Sarri, lehen pauso hori eman ostean, besteak berehala datoz, bata bestearen atzetik, ia konturatu barik.
Ez dakit konfiantzazko norbait daukazun zure inguruan: senitartekoen artean, ikastolako irakasleren bat, edo zure zaletasunak partekatzen dituen norbait. Horrela bada, zer deritzozu guri kontatu diguzuna norbaiti kontatzeari? Zuk zeuk ere zure ahotsa entzutea, zure hitzak ahotik ateratzen ikustea, zure sentimenduak nola artikulatzen dituzun nabaritzea... oso lagungarria izaten da. Esaten duguna entzuteak gure ideiak ordenatzen laguntzen digu. Eta, nola ez, barrukoa askatzeko eta "sasi-sekretuaren" sorginkeria desagerrarazteko balio du, egiazko magia ager dadin.
Guzti horrek lagunduko dizu behar duzunarekin hitz egiteko. Zure lagunarekin zaudenean, hain gustura sentitzen zarenean, bere estetika gozatzeko balio dizu. Askok bizitzaren zati handi bat igarotzen dute jakiteko zer den benetan erakargarria zaien; beharbada askotan oso gertu dago, baina ez dator bat saltzen digutenarekin. Orduan zailagoa da lasai gozatzea.
Beti diogu "gustuen" gainean ez dagoela ezer idatzita, baina beharbada gehiegi dago idatzita zer izan behar dugun gustuko. Eta gu askoz ere anitzagoak eta askeagoak gara. Gozatu gozatzen ari zaren horrekin; geure buruari baimena ematea ez da erraza, baina zu jada bidean zaude!!
Besarkada handi bat, Liher!






