Elkar gustuko dugu
Kaixo Agurtzane,
Nire izena Eder da, orain dela gutxi Batxilergoko azken ikasturtea amaitu dut. Ez nuen uste idatziko nizunik, baina ez nekien zer egin. Kontatuko dizut nire istorioa, zuk ni hobeto ulertzeko. Ikasturte hau, Batxilergoko bigarren maila, oso gogorra izan da. Nota onak atera behar nituen, batez ere “ponderatzen” zuten ikasgaietan, gero gura nuen gradua egin ahal izateko. Denon kontua, bada.
Buru-belarri egon naiz horretan, baina horrek ezin izan du neure burutik kendu alboko gelako norbait. Sarri gela berean ginen, hautazko ikasgai bat batera egiten genuelako; ez ginen lagun-lagunak, baina ni gustura sentitu izan naiz beti bera klasean izanda. Ikasturtea aurrera joan ahala, argi geratu zait gero eta erakargarriagoa egiten zitzaidala. Eta azken ebaluazioan, azterketen presioa handiagoa izan arren, niretzat bera ikustea eta sentitzea berarentzat ni ere gustukoa nintzela oso kitzikagarria izan da.
Azterketa guztiak amaitu ostean, batxilergokook parranda bat bota genuen, eta nire lagun batek bere lagun bati esan zion gustuko nuela. Gau berean, beste momentu batean, bere lagun batek niri ere beraren gustukoa nintzela esan zidan. Ez dakit zer gertatu zen, baina ez ginen gai izan elkartzeko edo pauso bat emateko elkarri zerbait esateko. Ezertxo ere ez. Bera etortzen zenean ni berbetan nengoen beste batekin, eta ni joaten nintzaionean bera beste zereginetan zegoen. Ezin hurreratu, ezin urrundu. Horrela gau osoa.
Orain dena bukatuta, ez dakit zer egin. Lur jota nago. Nire bizitza osoan inor gustukoa izan dudanean, ni ez naiz izan haren gustukoa. Eta orduan edozer egiteko gai nintzen, ezetza jaso arren. Orain dakidanean beraren gustukoa naizela, ez naiz gai ezertarako. Ez al zen errazagoa izan behar niretzat? Ez dut ulertzen. Zer egingo dut? Ez dut uste kapaz naizenik berarengana joateko, are gutxiago ezer esateko… Gainera, denbora aurrera joan ahala, okerragoa da zerbait egitea. Oso txarto sentitzen naiz, tontotzat dut nire burua. Behin aukera izanda, ezinean egotea ere... Aukera paregabea zen, ez dut inoiz mutil-lagunik izan eta. Egia esateko, ez nuke jakingo zer egin ere. Beharbada hobe horrela…
Kaixo Eder,
Eskerrik asko zure bizipenak kontatzeagatik; egia esan, oso lagungarria izan da egoera hobeto ulertzeko, eta uste dut denoi ere oso ondo etorri zaigula. Seguruenik, batek baino gehiagok bere burua ikusi du zure azalpenetan islatuta. Istorio berean hainbat istorio batzen dira, eta bakoitzak bere haria dauka; horregatik, korapilatzea erraza da, eta mataza askatzea ez dirudi batere erraza. Joan gaitezen banan-banan hariak askatzen; gero, ziur nago zuk bilatuko duzula zer egin bakoitzarekin.
Ikasturteko haria
Sarri, gura barik, jakin gabe nola eta inolako intentziorik gabe, norbait ezagutzen dugu. Denbora pasa ahala konturatzen gara gustura gaudela, berba askorik egin gabe lotura bat sortzen dela, eta hari fin bezain indartsua josten dabilela bi pertsonen erakarpenean. Espektatibarik gabe, bizipenari lotutako esperientzia soil bat da. Horrela hasi zen lehen haria, jakin barik, Eder.
Azken momentuetako haria
Loturaren haria loditzen da, eta ikasturtea amaitu ahala hariak indarra hartzen du. Bere baitan beste hari txikiago eta biziagoak hazten dira, bihurriak eta beste hari batzuekin jolasteko gogoz. Baina denboraren premia gainean dagoela, ez da hain erraza. Azterketak amaitu dira, badago zeregina! Eta norbera ezin da galdu txakur-ametsetan; aldi berean, saihetsezina da amaiera horretan espektatibak agertzea eta zerbait egin beharreko sentsazioa izatea, denbora amaitzen ari delako. Momentu aproposa hariak korapilatzen hasteko: beharrak, betebeharrak, ezinak, gogoak, espektatibak… gehiegi.
Biografiaren haria
Zure bizitzan zehar afektuak, erakarpenak, maitasunak, kitzikagarritasunak eta desioak nola zeharkatu zaituzten erakusten duen hari sendoa osatzen duzu. Gorabeheratsua bezain aberasgarria. Hari horrek hainbat kolore dauzka: batzuk ilunagoak, beste batzuk argiagoak; batzuk gustukoak ditugu, beste batzuk aldiz ez horrenbeste. Baina denen artean gure bizitza zeharkatzen duen haria osatzen dute. Hari horrek, egoeraren, gure beldurren, gurarien eta beharrizanen arabera, leku batzuetatik tiraka egingo du; leku batzuetara eramango gaitu: batzuetan balantzaka, besteetan artez, askotan ihes…
Gure barrena mugitzen duen egoera batean murgilduta gaudenean, gure biografiaren haria besteekin batuko da, eta lagungarria bezain oztopatzailea izan liteke. Horregatik ez da hain erraza erantzuna bilatzea, are gutxiago horrenbeste behar dugun hori gauzatzea.
Eder, beharbada ondo egingo lizuke berari idazteak, nahiz eta bidaliko ez diozun eskutitz bat izan, barruak askatzeko. Horrek argitasun apur bat emango dizu: jakiteko zer den sentitzen duzuna, zer den beldurra ematen dizuna eta zer den benetan gura zenukeena. Seguru nago bilatuko zenituela baliabideak zure baitan gura duzun hori bideratzeko.
Kontatzen duzunagatik, elkarrekiko erakarpena egon arren, ez bata ez bestea ez zarete gai izan elkarrengana joateko. Seguruenik berari ere ez zaio erraza gertatu; bion kontua dela dirudi. Ez hartu zama osoa zuk.
Agian denbora gehiago behar duzue. Ez dakit elkarrengandik urrun bizi zareten, lagun komunak dituzuen, Instagramen edo antzekoetan zaudeten... Beharbada espazio eta denbora bat egiten duten uneak egongo dira, eta hobeto ezagutzeko parada daukazue.
Gure beldurrak ez dira lagun handiak, baina hobeto egoteko eta indarrak hartzeko zer behar dugun esaten digute. Kasu egin iezaiezu; apika, pistaren bat emango dizute gura duzun pauso hori emateko. Bitartean, saiatu lagunen batekin zure mina partekatzen, saiatu zeure buruari indarrak ematen eta itxaropenik gabeko zulo beltz horretan ez sartzen. Argia eman sentitzen duzunari; seguru nago jakingo duzula zer egin eta nola. Zuek sentitu duzuena zuek baino ez dakizue eta. Zaila izan arren elkartzea, hor dago bidaia!!
Besarkada handi bat,
Agurtzane



