Maitasun haustura

Kaixo Agurtzane,

Amets naiz, oporretan nago!! Batxilergoko 1. maila amaituta!! Eta abuztuan neska-laguna eta biok aukera genuen bere familiarekin kanpinera joateko. Astebete elkarrekin, eta nire gurasoek uzten ninduten; ni super pozik nengoen!! Gainera, aspalditik laguna eta biok gora-behera asko izan ditugu; oso eztabaida sutsuak izaten genituen, eta inoiz harremana apurtu ostean, atzera berriz elkartu izan gara. Orduan, niretzat oporralditxo honek denbora emango zigun elkarrekin egoteko eta berba egiteko.

Baina atzo WhatsApp bat jaso nuen esanez moztu gura zuela, bazekiela ez zela bidea baina ezin zuela beste era batera egin, asko maite ninduela, baina hala ere hau zela hoberena biontzat. Lur jota nago, ez dut ezer ulertzen; aurrez aurre ezin zuen esan? WhatsApp ziztrin batean azaldu behar? Negar batean nago, ez dut etxetik irten nahi. Ezin dut bera ikusi, blokeatu egin dut WhatsAppean eta baita Instagramen ere; ez dut inon ikusi gura. Mingarria da. Ondo egin dut? Berarekin elkartu beharko nintzateke? Ezin dut, baina gura dut.

Herriko jaiak hastear daude eta ez daukat batere gogorik parte hartzeko. Den-denak pozarren daude, kuadrilakoak hainbat ekintzatan parte hartzen, nire izena ere emanda neukan… eta orain… ez daukat gogorik, ezta indarrik ere. Zer egin dut? Zergatik geratu da? Zer egin beharko nuke? Galduta nago.


Kaixo Amets,

Galduta egotearen sentsazioa eta erru-sentimendua egoera honekin bat datozen bizipenak dira. Orain dela oso gutxi arte biok batera joateko gogotsu eta ilusioz beterik nengoen, eta, bat-batean, dena akabo. Bere WhatsAppa ez onartzea edo berak emandako azalpenak ez konprenitzea guztiz ulergarria da, Amets. Kontraesanetan murgilduta egongo zara. Zelan ez, bada!

Zure idatzia irakurtzean konturatu naiz, antza denez, aspalditik ibili zaretela eztabaida sutsuak izaten, eta inoiz harremana apurtu ere egin zenutela. Seguruenik, zergatia bilatu nahian, gertaera horietara bueltatuko zinen, beharbada hor aurkituko zenituelakoan erantzun batzuk. Ez dakit ezer topatu duzun. Zuen hartu-emanean hainbat zergati, pista eta seinale egongo dira; baina ez dira nahikoa izango sentitzen duzun mina baretzeko. Buruak egindako galderaren ostean erantzun bat datorrelako, eta horren ostean mina hain handia denez, beste galdera bat sortzen delako. Amaigabeko buklea da hori: ezer ez da erraza, ez da argia, ez da erabakigarria.

Seguruenik ez dakizu zein izan den azken arrazoia pauso hau emateko, eta, aldi berean, ezaguna bezain mingarria egiten zaizu. Zer esanik ez modua, berak agur esateko era. Egun, sare sozialak gure komunikazio-baliabide nagusi bilakatu dira. Sarri oso lagungarriak dira gure sentimenduak errazago azaltzeko, gustuko dugun horrengana jotzeko edo laguntasuna sakontzeko. Baina egia da, askotan, bestelako sentipenak helarazteko ere erabiltzen ditugula: gai ez garenean, lagunak zer esan behar duen entzun nahi ez dugunean edo gure erabakiaren erreakzioa ikustea mingarriegia egiten zaigunean. Distantzia sortzeko modu bat da. Horrelakoak gertatzen direnean, zailagoa izaten da minaren amesgaiztoa ixtea. Eta norberaren erreakzioa horren araberakoa izaten da: sare sozialetan blokeatzea, fisikoki eta birtualki urruntzea… Zelan ez! Ahal duguna egiten dugu gure mina baretzeko.

Momentu honetan, badakit zure buruaren jirabirei etena ematea oso zaila dela, baina beharbada gehien behar duzuna lagunen besarkada da; euren isiltasuna, eurekin egotea eta, ahal duzunean, sentitzen duzunari buruz hitz egitea. Zure mina begiratu behar duzu: arnastu, askatu, atera… Zure logelan, zeure bakardadean, eta batez ere lagun artean edo senitartekoekin. Eta sentitu: orain hori da tokatzen dena, ez saihestu sentipenak buruaren galdera guztiei erantzuna bilatzeagatik. Tristura eta amorrua daude zure baitan, maitasuna, desilusioa… dena da prozesuaren parte. Ezin zara ondo egon, baina maite zaituztenen laguntasunak okerrerantz ez joaten lagunduko dizu.

Ez dakit noiz izango den zure momentua berarekin berba egiteko, ez dakit berak ahal edo nahi duen zurekin hitz egin. Ez dakit lagun komunak dituzuen batak bestearen berri izateko. Baina, bitartean, idatzi egunero zure mina baretzeko; lantzean behin, imajinatu berarekin zaudela hitz egiten eta barruan daukazun guztia kanporatzen diozula. Gero, idatzitakoa bota zakarrontzira… Egunero egin dezakezu hori. Beharbada, momenturen batean aukera izango duzue elkarrekin berba egiteko, gauzak argitzeko eta, batez ere, elkar entzuteko. Beharbada ez da nahikoa izango, edo ez du ezer aldatuko, baina behintzat elkar entzutea eta norberak berea esatea lortuko duzue. Ez da gutxi, Amets!

Baina hitz hauek guztiak seguruenik ez dira nahikoa izango zure mina baretzeko. Jaso nire besarkadarik beroena!

BIDEOAK

https://youtu.be/O8K-Y3v638U

https://youtu.be/7jrRM7y8yHA

https://youtu.be/znW42e_591A

https://youtu.be/rU8H5T8zZZM

https://youtu.be/VfXq8Ha_hZc

Agurtzane ORMATZA

2023, Uztaila 25
Arloa: Jo ta jo