Beldurra eta blokeoa
Kaixo Agurtzane,
Urtebete pasa da eta oraindik ezin dut barrutik kendu egun horretan gertatutakoa. Hamasei urte nituen. Bilboko jaietan izan zen. Koadrilan joan ginen, oso gustura, gogotsu; lehen aldia zen guretzat. Edan, erre, dantzatu, berba egin, abestu, brometan... jaiez blai.
Batzuek lehenago hartu behar zuten trena, beste batzuek beranduago; beste lagun bat eta biok baino ez ginen geratu. Aspalditik ezer esan gabe bagenuen ere, elkarrekiko erakarpena zegoela bagenekien. Ni, ordura arte, ez nintzen egon inorekin, eta berarekin geratzea ametsa bihurtu zen niretzat. Han geunden biok, edaten, erdi txolinduta, dantzan eta berbetan gustura. Eta konturatu orduko, Alde Zaharreko kale arteko izkina batean geunden, horma baten kontra elkarri musukatzen eta ukitzen, gustura bezain urduri. Inoiz ez nituen neska baten bularrak ukitu, nahiz eta askotan hondartzan eta dutxetan fijatu eta amestu. Oso kitzikatuta nengoen.
Baina, bat-batean, oso arin joan zen dena. Ez dakit nola, berak nire bakeroen kremailera zabaldu, eskua sartu eta hatza nire bagina barruan sartu zuen. Shockean nengoen, ezin mugitu; bere ahoa nire lepoan, bere arnas sakona nire aurpegiaren parean, eta beste eskuarekin bularretakoaren azpitik bularrak ukitzen.
Ez dakit zenbat denbora pasa zen, ezta ezer gehiagorik gertatu zen ere. Amaitu zuenean, musukatu ninduen astiro ezpainetan. Ni isilik, bera irribarretsu; ea trena hartuko genuen galdetu zidan. Baietz esan, eta herrira bueltatu ginen. Ez genuen berbarik egin. Bakoitza bere munduan... Nik, ordutik, ekidin egin dut berarekin bakarrik egotea. Inoiz ez dugu horri buruz hitz egin, eta nik ez diot inori kontatu zer gertatu zen.
Beharbada nire errua da, ez nuelako ezer esan eta orain ere ez naizelako gai berarekin hitz egiteko. Beharbada ez nintzen berarekin geratu behar. Pentsatzen nuen gauza hauek ezezagunekin gertatzen zirela, edo mutilekin. Baina koadrilako neska batekin, nola da posible? Ez nuen behar beste ezagutzen, ala? Nire nahiaren gainetik egin zuen; berdin zaio nire sentimendua?
Ez dakit nola eman buelta. Harrezkero koadrilan ez naiz eroso sentitzen. Gauza batzuk aldatu zaizkit: jaietara banoa ez dut ezer edaten, kontrolpean gura dut dena, baina hala ere ezinean ibiltzen naiz. Ahalegintzen naiz ikastolan ez dutxatzen, edozein aitzakia ipinita. Ez dut tanpoirik ipintzen, ezta masturbatzen ere. Lotsatuta nago, agobiatuta. Negargurea dut inoiz. Normala da? Zer egin behar dut?
Kaixo,
Eskerrik asko zure bizipena hain modu zuzenean partekatzeagatik; ez zen erraza izango. Adore handia behar da gertatutakoa kontatzeko. Seguru nago hainbat gazte eskertuta egongo direla zure hitzak irakurtzean, euretariko batzuk horrelako egoeraren batetik pasa direlako. Espero dut gurekin partekatzeak, nolabait, zamaren zatitxo bat kendu izana; askotan, kontatzea bera askatzailea izaten baita.
Horrelako egoerak aztertzen ditugunean, bi gauza etortzen zaizkigu gogora: bata, zerbait (beste modu batera) egin izan bagenu ez zigutela horrelakorik egingo; bestea, guk zerbait egin dugula hori gertatzeko. Mila arrazoi bilatzen ditugu gure egonezinari erantzuna emateko, arnasgune bat aurkitu nahian. Baina pentsamendu horiek kolpatzen gaituzten bitartean, erruak jaten gaitu.
Hona hemen pista batzuk gure gorputzak nola funtzionatzen duen jakiteko, errua askatu eta arnasa hartu dezazun:
Gure burmuinak arriskua sentitzen duenean, Nerbio Sistema Zentrala (Sistema Sinpatikoa) alertan jartzen da eta dena aktibatzen da erantzun egokia emateko. Aktibatzen denean, bi modu nagusi ditu egoerari erantzuteko:
-
Defendatu: aurrean daukagunaren kontra jo, borroka egin.
-
Ihes egin: ihesaldia izan daiteke korrika egitea handik aldentzeko, edo gorputza blokeatzea (izoztea).
Blokeo horretan, gorputza hor dago, baina gu gorputzetik aldenduta gaude. Burmuinak, nolabait, babestu egiten gaitu bizitzen ari garen mina hain lazgarria izan ez dadin. Erantzuna automatikoa da, ez da borondatezkoa. Horregatik, erantzuna edozein izan dela ere, ostean shock antzeko batean murgiltzea ohikoa da.
Trantze hori hain mingarria eta barneraezina denez, egoera bera gugandik urruntzen saiatuko gara. Sarri, aurrera egiten dugu inori ezer esan gabe. Alde batetik, horrek indarra ematen digu egunerokoarekin jarraitzeko; bestetik, burutik kentzeak (minak hor jarraitu arren) lasaitasun puntu bat ematen digu. Baina, konturatu orduko, hainbat egoera saihesten hasiko gara: jaiak, pertsona hori inguruan dagoen lekuak, lagunengandik urruntzea, gorputza ez ukitzea, biluztea, dutxatzea... Bitartean, gure baitan iluntasuna zabalduz doa.
Gure gorputza gure etxea da. Poliki-poliki ezagutzen goazenean, gure erritmoan eta gure gura bitartez, ia prest gaudenean gure azala goxotasunean partekatzeko, norbait gure baimenik gabe sartzen bada... gorputza arrakalatu egiten da. Gu eta gorputza bera elkarrengandik aldendu egiten gara, eta ukitzeak, begiratzeak edo usaintzeak berriro dakar gertatutakoaren mina.
Eman duzu lehen pausua, garrantzitsuena: zure bizipena partekatzea. Horretarako, zure minaren bidea birpasatu duzu gau hartatik gaur arte. Lan izugarria egin duzu kanpotik ikusteko zer geratu zitzaizun barruan. Urte osoan barruan izan duzun mamua modu argian ateratzea lortu duzu.
Animatu nahi zaitut zure konfiantzazko norbaitekin hitz egitera, behar duzun besarkada, laguntza eta begirada jaso ditzazun. Seguru nago zure gertuko lagunen batek edo etxeko norbaitek galdetuko zizula ea zerbait gertatzen zaizun. Aukeratu norekin partekatu (izan sare sozialen bidez, aurrez aurre edo telefonoz) eta askatu berriro. Edo bidali iezaiozu idatzi duzun hau, edo artikulu honen kopia.
Galdetu zeure buruari, bihotzari eta gorputzari ea zer den une honetan gehien beharko zenukeena... Poliki zaindu, berotasuna eman, besarkatu. Utzi hori gertatzen; lagunduta errazagoa da, nahiz eta hasieran lotsa sentitu.
Ez utzi; gertatutakoaren zauria osatze bidean dago, baina orbaina (zikatriz) ondo gera dadin, laguntza behar izango duzu. Eta egia da, orbaina ondo osatzen bada —eta ziur nago egingo duzula—, gertatutakoak ez du eragotziko zure hazkunde pertsonal, sozial eta intimoa.
Besarkada handi bat, Agurtzane.











