Baietza ematea
Kaixo Agurtzane,
Nire izena Adur da eta ia 17 urte ditut. Koadrilako hainbat neska eta mutilen izenean idazten dizut. Lehen "ezetz da ezetz" zen, eta orain "baietza" esan behar da. Leloa oso argia da eta denok gaude ados, baina praktikan oso korapilatsua egiten zaigu. Argi daukagu inork edozeri ezetz esaten badio, errespetatu behar dugula; eta baietza ematen badu, aurrera egiteko aukera daukagula. Denok eskatzen dugu hori gure buruarekiko ere.
Baina, zelan egin? Hona hemen gure artean bildu ditugun adibide eta bizipen batzuk: batzuetan ezezkoan egon gara baina baietzera pasa gara, edo baietzetik ezetzera. Zentzurik badu horrek? Zelan zeharkatu behar ditugu bide horiek errespetu-sentsazioa galdu gabe? Ba al dago modurik? Gugana etortzen direnek ez digute baliabide askorik eskaintzen hori guztia azaltzeko, eta gu apur bat galduta gabiltza. Erraza dirudiena nahiko zaila bilakatzen dela konturatu gara, batez ere gau bateko ligeetan edo ezezagunekin. Koadrilan denetarik daukagu eta. Zure erantzunaren zain gaude.
Kaixo Adur,
Aspaldian denok gabiltza auzi honen bueltan.
“Bai da baietz” legeak honela finkatu du baimena: “Adostasuna dagoela ulertuko da, soil-soilik, baldin eta egoera bakoitzaren inguruabarrak kontuan hartuta, pertsona batek bere borondatea argi eta garbi, ekintzen bidez eta libreki adierazten badu”. Legeak nahasmena sortzeko hainbat hari dakarren arren, prest nator zuon galderari erantzuteko.
Argi dago ez dela kontu makala. Gutxienez, aukera eman digu gertaera batzuei buruz hitz egiteko, hainbat bizipen gogor eta ezkutuan egon direnak azalarazteko, eta harremanen eraikuntzan nesken lekuari argitasuna emateko. Zuk diozun moduan, gauza bat da teoria eta beste bat praktika; seguruenik, teoriari ere beste buelta bat eman beharko genioke gure arteko bideak eta zubiak errazteko, talkei irtenbidea bilatzeko eta denon artean bizikidetzarako lekua eta denbora eraikitzeko. Horretan gabiltza, eta horretarako denon parte-hartzea ezinbestekoa da.
Argi dago zuon koadrilan eraikuntza praktiko eta kontzientea egiten zabiltzatela; benetan miresteko modukoa da. Gure ezjakintasunaz konturatzea lehen urratsa da geure burua zabaltzeko, ikasteko, praktikan jartzeko eta akatsetatik aberastuta irteteko, nahiz eta batzuetan bidea goxoa ez izan. Harremanei buruzko ikasketa luzea da, bizitza osokoa; ez da hasten gure lehen ligearekin, baizik eta gure lehen harremanekin: etxean eta, nola ez, gizartean. Bizitzan aurrera egin ahala, jabetu ala ez, eraikuntza hori garatuz joango gara.
Ibilbide horretan konturatuko gara gure adimena, emozioak, sentsazioak eta jokabideak sarri ez datozela bat. Beldurrak eta desioak talkan egon ohi dira behin eta berriro. Pirritxek eta Porrotxek sentitu, pentsatu eta ekin batera egiteko animatzen gaituzte, baina helduontzat ere ez da erraza, helburu hori zoragarria den arren. Horrela, ezjakintasunaren jabetzak sortzen duen beldurrarekin eta lotsarekin ekingo diogu bideari.
Zergatik ez da hain erraza paperean eta buruan hain argi daukaguna praktikan ipintzea? Erantzuna konplexua da, baina gaurkoan bi puntutan ipiniko dut begirada: desioa eta komunikazio-kodeak.
Desioa
Desioa, guriak eta beharrak ez dira linealak; ez dira sortzen zergati bakar batetik. Gu izaki organikoak gara, sistema konplexu bat, modu ia perfektuan mugitzen dena. Desioa hor garatzen da, aldagai kontziente eta inkontzienteekin. Gure bizitzan zehar eta une bakoitzean ematen diren hainbat aldagairekin osatzen da. Gure gorputz osoan idazten da, batzuetan jabetzen ez bagara ere. Biografiaz, esperientziaz eta testuinguruaz elikatzen da, eta interakzioen bitartez eraiki edo deseraikitzen da.
Zerk pizten du gogoa? Zerk itzali? Zelan egiten dugu bidaia leku batetik bestera? Zelako garrantzia daukate emozioek edo pentsamenduek horretan? Batzuetan argi daukagu gure bakardadean, baina ez hain argi lagunarekin, edo alderantziz. Urruneko begirada bat gustukoagoa izan daiteke hurbilekoa baino; irudikatutako laztan bat goxoagoa alboan egonda baino. Horrelakoak gara. Desioak sarri beldur eta lotsa puntu batekin bidaiatzen du, baina horiek bidaide ederrak dira: patxadaz ibiltzeko seinalea ematen digute.
Komunikazio-kodeak
Batzuetan, gure kodeak hain dira desberdinak, non ez baitugu asmatzen. Beste batzuetan, ez gara gai jakiteko zer pasatzen zaigun. Behin baino gehiagotan oso argi izan dugu dena, baina blokeatuta geratu gara. Ez da ezer gertatzen, baina jakitun izan behar dugu: desberdin bezain antzekoak gara, denbora behar dugu eta elkarrengandik ikasi behar dugu. Interpretazioak oso subjektiboak dira.
Hizkuntza bat ikastea bezala da. Hasieran norberak berea jakingo du, eta gero lagunarena ikasi beharko du. Hanka-sartzeak egongo dira, baina bidean ikasiko dugu galdetzen, esaten, hiztegiak partekatzen eta erabiltzen. Jakinda gure kodeak desberdinak izan daitezkeela, seguruago joango gara. Eman denbora zeure buruari eta lagunari. Entzun elkar.
Badakit une batzuk urgentziaz jantzita daudela, dena oso azkar doan sentsazioa daukagula, baina aldi berean astiro goazela erabakiak plazaratzeko. Emozioek denboraren sentsazioa zeharkatzen dute. Baina hor daukagu gorputza lagun: arnasa hartu patxadaz, astiro, eta itzuli zure onera, zure zentrora, zure leku segurura. Begiratu, galdetu begiekin, xuxurlatu, esan. Modu horietan ere elkar komunikatuko duzue.
-
Argi badaukazu: aurrera dakizunarekin eta desiratzen duzunarekin.
-
Ez badakizu hain argi: aitortu zeure buruari eta berari; gelditu hortxe, arnasa hartu, jolastu, barre egin eta itzuli aurreko gozamen-lekura, edo geratu hortxe, bata bestearen ulermen-besoetan.
Ez dago presarik. Adi egon ea besteak tentsioa jartzen duen ala ez, erreparatu mugimendu horrek zer eragin daukan. Lotsatuta egon arren edo zer egin jakin ez arren, ez da ezer gertatzen. Begiradarekin galdetu, "ez dakit" esan, "astiro joan behar dut" edo "arinago" belarrira xuxurlatu... entzun elkarri.
Batzuek urteak behar izan ditugu hau guztia ulertzeko eta bidea egiteko. Ez estutu; zuok altxor bat daukazue: jakin-mina eta laguna entzuteko prestutasuna. Hau dantza bat bezalakoa da: ikasi egiten da, baina elkarri entzunda eta zuon musikarekin bat eginda.
Espero dut hau lagungarria izatea zuretzat eta koadrilako neska-mutilentzat ere.
Besarkada bero bat


