Gabonetan lehengusuarekin
Kaixo Agurtzane,
Urte amaiera hortxe dago, eta ni irrikitan nago. Familia osoa, 25 lagun, batuko gara baserrian bi egun pasatzeko. Lagunek arraro begiratzen naute; batzuentzat, batez ere Gabon gaua jasan ezina da. Ez nau harritzen, euren familietan ikusita zer dagoen. Baina nire kasua guztiz kontrakoa da, eta zoragarria izan arren, lotsatuta nago. Ez diot inori kontatu; ez dut uste txarra denik, baina ez dakit zenbateraino dagoen ondo. Horregatik idazten dizut.
Kontua da lehengusina eta biok orain dela urtebete elkarrekin gaudela, baina ez diogu inori esan. Hasieran pentsatzen genuen tontakeria bat zela, eta saiatu gara uzten, beste pertsona batzuekin ibiltzen eta abar. Baina ezinezkoa da, maiteminduta gaude. Ez dakigu zer egin. Beldur gara gure gurasoei kontatzen badiegu perbertituen moduan begiratuko gaituzten, edo harremana mozteko eskatuko diguten. Orain dela gutxi telesail bat ikusi nuen La 1en, egoera berbera azaltzen zuena… eta pentsatu dugu lehengusina eta biok beharbada sasoia dela. Galdera bion partez da. Ez dut uste garrantzitsua denik, baina biok Batxilergoko 1. mailan gaude.
Kaixo lehengusu-lehengusina,
Eskerrik asko konpartitzeagatik. Askorentzat hau izaten da lehen lekua gure testigantza uzteko eta bizipenari bidea emateko. Egia esan, ez da sarritan horrelako harremanen berri izaten, pentsatu baino askoz gehiago egon arren. Urteetan, ordea, familiaren aterpean edo itzalean egon dira. Zuok itzaletik irten gura duzue, eta seguru nago indarra batuko duzuela zuon bidea aske egiteko.
Lehenik eta behin, jakin badakizuena esango dizuet, baina uste dut batzuetan jakin badakiguna entzun behar dugula nagusi batengandik edo guretzat jakintza duen batengandik: ez zarete perbertitu batzuk. Maiteminduta dauden bi gazte baino ez zarete.
Maitasuna zelan sortzen den sarri misterio bat da. Zientziak gero eta aldagai gehiago ezagutzen ditu, gure idazle, ipuin-kontalari, margolari eta abeslariek modu desberdinetan azaldu izan duten horretan. Kontua ez da makala. Gauza asko ez jakin arren, badakiguna da gustatzen zaiguna ikusten edo amesten dugunean, erreakzioa sortzen dela. Gorputzak exzitazioarekin, kilikekin, irribarrearekin, blokeoarekin, urduritasunekin eta lotsa-sentsazioekin erantzuten du. Hori izaten da sarri gure sentipenaren baieztapena; jakin badakigu zer den, nahiz eta ez jakin zergatik.
Sentitzen duguna jendarteak bideratzen duenarekin bat datorrenean, gehienetan ez da talkarik sortzen. Baina sentitzen duguna ez badago plazan, edo baztertuta baldin badago, errazagoa izango da lotsa, tristura edota amorrua sentitzea.
Egia da hainbat familia- eta bikote-eredu agertu izan direla; aniztasun horretan izugarrizko aurrerapausoak eman dira bakoitzak bere leku duina izateko. Oraindik erabat lortu ez bada ere, esan dezakegu bide horretan ekinean jarraituko dugula. Aldiz, senitartekoen arteko maitasunari buruzko errelatoak ez dira plazaratzen, ez bada historia-liburuetan errege-erreginen aliantza politikoen ondorioz ematen diren ezkontzak azaltzeko.
Badakigu aniztasuna betidanik egon dela, eta gure familiaren historia modu zehatzean begiratuz gero, ikusiko genituzke hainbat istorio egungoen antzekoak: izeko ezkongabea beti bere neska-lagun minarekin atzera eta aurrera (lagunak baino ez?), ezkontza baserrian eta gizonaren anaia eurekin bizitzen betidanik (bikotea ala hirukotea?), lehengusu biak bizitza osoa elkarrekin elkarri laguntzen (zelako laguntza-mota?). Dena da posible, dena dago zabalik. Beharbada ez zioten izenik jarri behar sentitzen zutenari; zeukaten harremana nahikoa zen sentitzen zutena baieztatzeko. Eta aldameneko batzuek jakingo zuten eta isiltasunarekin onartu ere bai; beste batzuek, ordea, imajinatu ere ez zuten egingo.
Zelan ez duzue sentituko, bada, lotsa? Sarri, lotsak ezjakintasunera gaitzaizka, zelan egin ez dakigula pentsatu arte. Eta badakigu, badakigulako zer sentitzen dugun. Urtebete elkarrekin, oztopo asko gainditu dituzue eta, batez ere, zuon harremana finkatzen joan da. Ez da erraza, baina argi dago bidean zaudetela.
Uste dut oso askatzailea dela plazan kontatzea, eta niri idaztea horren lehen urratsa dela, agerian baina anonimotasunean.
-
Zelan bakoitza bere aldetik, edota elkarrekin, zuon maitasun istorioa lagun bati kontatzen badiozue?
-
Zelan ikusten duzue senitarteko bati kontatzea, biok begi onez ikusten duzuen bati? (izeko-osaba, neba-arreba, lehengusu-lehengusina, aititxe-amama…).
Aukeratu zein izan zitekeen errazena zuontzat, eta idatzi paper batean zer esango zenioketen. Den-dena, egin zirriborro bat, zentzurik ez badauka ere. Behintzat bota kanpora, bularra hustu. Ostean, pentsatu ea zein izan litekeen leku bat zuok eroso egoteko eta lasai kontatzeko.
Nik horrelakoak aholkatzen ditudanean, gehienetan konpartitze hori paseatzen ari zaretela izan dadin animatzen dut, dela mendian zein hondartzan. Paseatzen gaudenean, naturak ematen digun gozotasunak baretzen gaitu; arnasa ezin da estutu gure bidea egiteko, ezin gara egon elkarri begira aurrera joan behar dugulako estropozurik ez izateko… Guzti horrek gorputza baretzen du, eta barruan dagoena errazagoa da ateratzea.
Hartu zuon denbora, zuon erritmoa, eta seguru nago aurkituko duzuela zuon bidea. Denetariko erantzunak jasotzeko prest egon: batzuentzat erraza izango da, beste batzuk harrituta egongo dira (pentsatu baino gehiagok izango zuten susmoren bat), eta baten bati kostatuko zaio barneratzea.
Kontuan izan pauso hau ez dela erantzun bat jasotzeko (are gutxiago zuok nahi duzuena), baizik eta zuon barrena hustu eta sekretupean ez ibiltzeko, zuok zilegitasun osoz bizitzeko zuon maitasuna. Hori da zuon bidea; besteen bideak eurek egin beharko dituzte. Zuok ez zarete horien arduradun, zuon esateak batzuengan eragina badauka ere.
Animo hasi zareten bide honetan. Gozatu Gabonetan, elkarrekin baserrian! Opari polita da.


