Nola ligatu!
Aupa Agurtzane,
Asko kostatu zait idaztea, baina nahiko nekatuta eta agobiatuta nago. 17 urte beteko ditut bi hilabete barru, eta inoiz ez dut ligatu. Oso lotsatia naiz, eta egia esan, denbora libre gehiena mutil-koadrilarekin nago, herrian bueltan. Udan, edo beste herri batzuetako jaietara goazenean, mozkortu arren ez zait ausardia handirik ateratzen. Galdetzen diet lagun batzuei ea zelan egiten duten eurek. Batzuek sano ligatzen dute eta. Baina eurek esaten didaten bakarra da neskengana joateko berba egitera. Hain erraza izango balitz, ez nizuke idatziko. Ba horixe. Eskerrik asko, Mikel.
Aupa Mikel,
Eskerrak zuri, Mikel! Arrazoia daukazu: hain erraza izango balitz, ez zenuke idatziko… Seguru nago hainbati zure berba zuzenek ondo egingo dietela.
Egia esan, sarri ligatzea auzi korapilatsua bilakatzen da. Batzuek hasieran ez diote garrantzi askorik ematen, baina denbora aurrera joan ahala, eta lagunak saltsan gero eta gehiago ikusi ahala, zaila da burumakur ez joatea. Batzuen eta besteen arteko konparazioak egiten ditugu. Batzuetan norbera bere buruaren kontra, besteetan lagunek adarra joka, edo ziria sartzen norbera laguntzeko asmoarekin. Batak zein besteak ez du batere laguntzen. Indarra kendu baino ez dugu lortzen horrelakoekin.
Egia esan, ligatzeari buruzko estereotipo batzuk oraindik mantentzen dira. Adibidez:
-
Mutilei neskak gustatzen bazaizkie, eurek joan behar dutela neskengana.
-
Guapoa izan behar duzula, mutil/neska katxarroa.
-
Gustukoa duzun horrengana joan eta zuzena izan.
-
Berarengana joan eta berbekin seduzitu, nolabait jakinarazi gustukoa duzula.
Eta beste hamaika. Baina zenbatetan gure familietan, gure koadriletan eta inguruan aurkitzen ditugun estereotipo horien kontrakoak. Bai, badakit badaudela baieztatzen dutenak ere.
Eta zein izango litzateke zure estiloa, Mikel? Hori da aurkitu behar duzuna, hori delako zure originaltasuna, horrelakorik ez dagoelako. Horrek bai erakartzen duela. Kasu honetan, zuk eman duzu lehen pista. Zuk ipini duzulako mahaigainean zure kualitatea den ezaugarri bat, nahiz eta zuk zure ezintasunaren zergatia moduan azaldu: lotsatia zarela.
Antza denez, lotsak ez dizu uzten gustuko duzun neskengana hurbiltzen, are gutxiago eurekin berba egiten. Baina, eta bada lotsatia izatea behar duzuna ligatzeko? Lotsak astiro joatea dakar. Lotsak begiratzea dakar. Lotsak egotea dakar. Den-denak bereizgarri garrantzitsuak harremanetan jartzeko.
Begiratzeak gustuko dugun horren gaineko informazioa emango digu, baliagarria berarekin berba egiteko aukera dudanean. Baita ere informazioa emango diozu berari, zure interesa azalduz, distantzia seguru batetik (biontzako segurua dena).
Ezin bazara gerturatu, beharbada urrunxeagotik aditu dezakezu, begirada pausatu… eta begiekin sentitzen duzun hori helarazi. Adi bazaude, beharbada ikusiko duzu ea berak ere begiratzen zaituen, jolastu egiten duzuen begiradekin. Berak jarraitzen badu, eutsi jolasari.
Beharbada jolas hori egun bat baino gehiagotan ematen da, eta leku desberdinetan. Ez izan presarik, astiro joan. Lotsak lagunduko dizu. Akaso, bera zugana baldin badator, aukera izango duzu gertuagotik berba egiteko.
Horrela bada, seguruenik urdurituko zara; agian gorritu, eskuak izerditan, ahoa lehor eta ezin hitzik esan. Zelan ez! Baina ez ahaztu zugana etorri dela. Mingaina igaro zure aho barrutik txistua sortzeko; seguruenik behin baino gehiagotan egin beharko duzu. Zertarako? Bada, errazago hitz egiteko; lehor dagoenean zailagoa da eta. Gainera, horrela burmuinari lagunduko diozu zu lasaitzen, txistua baita gure lasaitasunaren ikurretariko bat. Burmuinak antzematen badu txistua dagoela, alarma sistema jaitsiko du eta lasaitasunarena piztu.
Zelan ikusten duzu? Animo eta zorte on!!!







