Nola funtzionatzen dute telekomunikazio egiturek?
Inoiz galdetu al diozu zure buruari nola konektatzen garen Internetera? Nola lortzen dugun ingurukoekin elkar komunikatzea teknologia digitalen bitartez? Nola jasotzen ditugun mezuak gure mugikorrean? Edota nola kontsumitu ditzakegun sare sozialetako edukiak? Horren guztiaren atzean ez dago magiarik, ongi antolatutako sare-komunikazio bat baizik.
Gure gailu digitaletan edukiak jasotzeko, Internet behar izaten dugu. Baina zer da Internet? Hori zer den ulertzeko, komunikazio bitarteko moduan ulertu behar dugu bere teknologia. Gizartean, historian zehar, elkar komunikatzeko bideak beti existitu izan dira. Ke-seinaleak horren adibide izan daitezke, adibidez. Aurrerago, kable bidezko komunikazioak hasi ziren telegrafoen bitartez, eta horiek izan ziren lehenengo komunikazio elektronikoak. Telegrafoak pila voltaiko batek sortutako elektrizitatea (asmatu berria) transmititzen zuen kableen bidez. Testu-mezuak pultsu elektrikoetan kodetzen ziren Morse kodea erabiliz. Mende honetan enpresa batzuk telegrafoak saltzen eta Estatu Batuetako eta Europako hainbat hiriren artean kableak jartzen hasi ziren, baita ozeanoa zeharkatzen zuten itsaspeko kableak ere. Ondoren, telefonoek, hori garatzea eragin zuten eta aurrerago etorri ziren zerbitzari eta ordenagailuen arteko komunikazio sareen sorrera, Internet bezala ezagutzen duguna.
Internet, komunikazio mugikorrak eta Web plataformak (sare sozialak, adibidez) sostengatzen dituen azpiegitura milaka kilometroz osatutako kableen bidez garatuta dago, lurpeko eta urpeko kableekin. Horretaz gain, milioika antena eta satelitek ere osatzen dute komunikazio sare hori. Metal eta plastiko tona horiek lurrean daude, ez hodeietan. Gure hirietan daude. Eta badute jabea. Horietako batzuen izenak ezagutzen ditugu: Telefónica, Vodafone, Orange, ONO, eta beste hainbeste bitartekari, zeinen izenak ez baitira gure belarrietara iristen.
Kableak leku batetik bestera doaz: datuak eta softwarea (zerbitzariak) dituzten biltegietatik, komunikazioak ordenatzen dituzten nukleoetatik (kommutazio-zentralak) etxebizitza, bulego, eskola, ospitale eta abarretako eraikinetara. Kableak, normalean, lur azpitik edota trenbideetatik transmititzen dira, baina zein ibilbide egiten dituzte? Datu zentroetatik edo zerbitzarietatik routerretara, adibidez. Bertatik, guk seinalea jasotzen dugu mugikor edota ordenagailuetan, eta horrela lortzen dugu komunikazio sare horren zirkuitua itxi eta seinalea izatea; Internet izatea. Horrela, webguneak bisitatu, elkar-komunikatu eta mundu zabalera iritsi gaitezke.

Infografia honetan ikusten da gure egunerokoan nola funtzionatzen duen telekomunikazioak. Kableak, antenak eta sateliteak dira komunikazioaren muina eta Interneten oinarria. Askotan, magia dirudiena, oso fisikoa eta benetakoa da, telekomunikazioarekin gertatzen den bezala.
Pertsona bat kontratatu duen sarerako sarbidea erabiltzen hasten denean, zerbitzuak oso modu oinarrizkoan funtzionatzen duela ikus dezake: deiak eginez eta jasoz, edo Internetera sartzean orri bat zein azkar edo zein motel kargatzen den ikusiz.
Komunikazioa gizakion oinarrizko behar bat izan da betidanik. Gaur egun, oso modu erraz eta azkarrean komunika gaitezke munduko edozein txokotan dagoen beste pertsona batekin (telekomunikazio sareak ongi badaude behintzat). Baina ikusi dugun bezala, erraztasun guzti horren atzean, ongi garatutako teknologia fisiko bat dago, ez dago magiarik.


