Nola kontsumitu musika gaur egun?
Nola kontsumitzen dugu musika gaur egun? Zein aplikazio da egokiena musika entzuteko? Plataforma guztiak berdinak dira? Azken urte honetan nabarmentzeko gogoeta batzuk egon dira musika kontsumitzeko moduen inguruan. Musika entzuteko plataformek zein modutan laguntzen diete musikari sortzaileei? Nola babesten dituzte eta nola babestu beharko litzaieke? Hortik abiatuta, Euskal Herriko hainbat musikagile eta taldek urrats batzuk eman dituzte egungo kontsumo ohiturak zalantzan jarri eta alternatiba batzuk planteatzeko.
Musikaren jatorria non dagoen esatea zaila da, baina garbi dago izakion berezko zerbait izan dela. Musika modu askotara sortu izan da, horretarako instrumentu edo soinu desberdinak erabiliz (denboran zehar moldatzen eta hobetzen joan direnak). Bere kontsumoari dagokionez, urte luzez modu presentzialean bakarrik disfrutatu zitekeen, zuzenekoetan. Hala ere, egoera guztiz aldatu zen XX. mendetik aurrera irratia garatu eta soinua modu errazean zabaltzea lortu zenean. Horrekin batera, gramofonoak ere asko lagundu zuen musikaren zabalpenean, musika grabatu ez ezik, hura ere erreproduzitzeko bideak garatu zirelako. Ez zen derrigorrezkoa musika entzutera joatea, etxetik bertatik norberak nahi zuen musika entzuteko aukera zuen.
Musika kontsumitzeko baliabide fisikoak garatuz joan ziren pixkanaka, eta horrekin azaltzen joan ziren tokadiskoak biniloentzat eta baita kaseteak ere, 70eko hamarkadatik aurrera. Aurrerago, CDak gailentzen joan ziren eta diskoek pisua hartu zuten musika kontsumitzeko moduan. Hala ere, digitalizazioaren garapenarekin, MP3 erreproduzitzaileak eta, ondoren, online plataforma digitalek musika kontsumoaren pisu guztia hartu zuten. Hasieran, Youtube izan zen musika zabaltzeko plataforma nagusi bat, baina Spotify bezalako streaming erreproduzitzaileek guztiz aldatu dute musika kontsumitzeko dugun ideia.
Musika kontsumitzeko plataformak edota bideak gauza bat dira, baina non kokatzen dira artistak guzti honetan? Spotifyren kasuan, adibidez, stream bakoitzeko 0,003€-0,005€ bitarte ordaintzen da, musikariak guztiz prekarizatuz. Artisten artean gai honi buruzko eztabaida zabaltzen joan zen, baldintza hobeak aldarrikatzen baitituzte. Euskal Herrian eztabaida hau areagotu zen Israeli armak saltzen dizkion enpresa bati Spotifyk milioika euroko inbertsioak egin zizkiola jakin zenean. Boikot honen ondorioz, musika kontsumoaren inguruko eztabaida zabaldu da taldeen eta kontsumitzaileen artean. Horrela, streaming plataformen alternatibak garatzen hasi dira.
Hemen, Musikariak Palestinarekin ekimenak, musikariak.eus online erreproduzitzailea garatu du. Gune honek Bandcamp du oinarri bezala, musika biltegi erraldoi bat, zeinetan abestiak eta disko digitalak zuzenean ordaintzen ahal zaizkien artistei eta taldeei. Kasu honetan, beraz, ordainketaren zati handiena artistengana iristen da. Erreproduzitzaile horretan musika taldeen abestiak entzun eta artistak babestu daitezke.
Bestalde, Katalunian, artistak, entzuleak eta hackerrak elkartu dira denentzat onuragarria izango den musika plataforma bat sortzeko. Horrekin, software librean oinarritutako Fairplayer izeneko streaming plataforma garatzen jarri dira.
Azkenik, aspaldi izan dugu Euskal Herrian bertako musikari eta taldeei espazio bat eskaintzen dien gunea: Badok. Berria egunkariak aurrera eramaten duen espazioa da, eta aukera ematen du talde berriak ezagutu eta azken berriak jasotzeko. Honekin lotuta, Doinu izeneko plataforma berri bat garatzeko bidean daude.
Musika kontsumitzeko ohiturak asko aldatu dira urteetan zehar. Asko begiratu izan da kontsumitzaileen beharretara, baina garrantzitsua da musikariak ere erdigunean jarri eta guztiontzat mesedegarria izango den baliabideak sustatzea.


