"Eskubaloian jokatuta ere gauza polit asko bizi daitezke"

Julen Mujikak (Errenteria, Gipuzkoa) txikitatik izan du harremana eskubaloiarekin, familiatik baidatorkio afizioa. Herriko taldean eman zituen lehen urratsak eta, orain, Bidasoan dabil jokalari profesional moduan. Txikitan jarritako ametsak betetzen hasi bada ere, gehiago lortu nahi du. Berarekin izan gara kirol mundua gertutik ezagutzeko asmoz.

Hasteko, nola doakizue denboraldia?

Denboraldi nahiko txukuna ari gara egiten. Europan maila ona eman dugu gure helburua lortu baitugu, Main Roundea pasatzea zela, Saint-Raphaeli irabazi ondoren etxean. Ligan ere ondo kokaturik gaude, hirugarren, nahiz eta arerio zuzenen aurkako neurketak ez irabazi. Hala ere, arerio zuzenak ez direnen aurkako partidak irabazi ditugu eta horrek ongi kokatu gaitu. Orain aurredenboraldi txiki batean gaude sarturik, datorrenera prestatzeko: Europako Main Rounda, ligako bigarren itzulia, Espainiako kopa... Horretan ari gara.

Eta pertsonalki nola ikusten ari zara aurten?

Nahiko ondo nire burua egia esan. Nahiz eta denboraldi hasieran belauneko lesio batekin egon, ondo eraman dut egoera. Ia partida guztiak jokatu ditut eta uste dut maila txukuna ematen ari naizela. Egia da partidu batzuetan bestetan baino gehiago azaltzen naizela, eta hori da hobetzeko dudana, erregulartasunarena, baina bestela kontentu nago.

Hau bosgarren denboraldia duzu Bidasoan, nola ikusten duzu zure ibilbidea?

Gogoratzen naiz udaran iritsi nintzenean entrenamenduetara nire buruari esan niola denbora azkar doala aurrera, eta kostatzen da asimilatzea. Egia da lehen taldean bakarrik egonda hirugarren denboraldia dela, eta ez da gutxi.

Bilakaera, hala ere, polita izan da. Hasieran hegaleko eta alboko jokalari hibrido moduan hasi nintzen, baina niri beti gustatu izan zait alboko erasotzaile bezala jokatzea. Horregatik pozik nago, ikusi dudalako posizio horretan egonkortu naizela Bidasoa bezalako talde batean, eta hori ez da erraza. Klubak eragina du Espainia mailan, gorenean kokatzen den klub bat da eta iritsi naizen puntu hau ez da batere txarra. Balorazioa beraz ona da, baina gehiago lortzeko gogoz nago.

Imajinatzen ahal zenuen ibilbide hau izatea?

Egia da, agian, Bidasoan bertan jokatzea ez zela amets bat; nire ametsa jokalari profesionala izatea zen, besterik gabe. Orduan, amets hori helburu bihurtzea eta helburua lortzea polita da niretzat. Bakoitzak bere ametsak ditu eta nirea hori zen, horregatik oso pozik nago. Orain nagoen egoeran egonda, ditudan beste amets handiagoak lortzeko hurbilago ikusten dut nire burua, Txapeldunen liga jokatzea adibidez.

Hasierako urteetara itzuliz, nolatan hasi zinen eskubaloian?

Familiatik datorren gauza bat da. Aita jokalari eta entrenatzaile izan zen urte askotan eta anaia ere jokalari izan da aurreko urtera arte. Horrela, ni 3 urtetatik hasi nintzen etxeko pasillotan eskubaloian jolasten. Ondoren, alebinetan, Ereintza eskubaloiko eskolan apuntatzeko ez nuen zalantzarik izan eta hor hasi nintzen pixkanaka. Betidanik izan nuen garbi, egia esan, eskubaloia egin nahi nuela.

Futbola izan ohi da kirol nagusiena gaztetxoen artean. Eskubaloia non kokatzen dela uste duzu?

Nik ezagutzen dudana Ereintzaren ikuspegia da, bertara joaten bainaiz harrobiko kirolariak ikustera eta dauden talde kopuruen irudi bat dut. Nik ikusten dudana da zailago dela jokalari berriak erakartzera klubera, Errenterian behintzat. Pena bat da baina, azkenean, futbolak botere handia du gure gizartean.

Eskubaloiarekin gauza polit asko bizi daitezke, eta pena da ikustea nola gazteek futbola goiz uzten duten. Uste dut beste kiroletan bizipen gehiago eduki daitezkeela eta hori galtzeak pena ematen du. Ikusita nik bizi izan ditudan gauzak, eta nire lagunek ere eskubaloiaren ondorioz, pena ematen dit gazteek hori bizitzeko aukerarik ez izatea.

Zein perspektiba duzu aurrera begira?

Nire helburua nagusiena datorren denboraldian Txapeldunen liga jokatzea da. Aurten formatu aldaketa bat egon da eta, ondorioz, ligako bigarrenak ere aukera du bertara sailkatzeko. Orduan hori litzateke nire helburu nagusiena oraintxe bertan. Egia da ez dudala askorik pentsatzen etorkizunean, bakarrik ikasketekin izaten dut perspektiba hori, baina hori litzateke nire asmo nagusiena.

Mattin Solis

2026, Otsaila 03
Arloa: Berba Bi