Instagranstanding
Aupa Agurtzane,
Amets naiz eta 15 urte ditut. Mutil bat dut gustuko, eta sare sozialak arakatzen nabil ea zein dan ligatzeko erarik hoberena. Hainbat aurkitu ditut: instagranstanding, hardballing, gatsbying eta globintimacyng. Egia esan nahastu egiten ditut, eta ez daukat oso argi zeinekin hasi, zein izango zen komenigarriena? Batzuetan uste dut denak be nahiko antzekoak direla. Beharbada denak erabiliko ditut.
Kaixo Amets,
Edonor gustuko dugunean ez da erreza izaten jakitea zelan egin. Gehienetan sentitzen dugu ezer ez dela nahiko izango bere arreta lortzeko, ezta gu haren gustukoa izateko. Aldiz beste batzuetan sentitzen dugu dena alde daukagula, eta gai gara edozer egiteko berarengana joateko, bere begirada lortzeko, batzuetan pentsatu arte zalantzarik gabe, gu bere gustukoa izango garela. Biana azken finean puntu bi horien artean eraikitzen dira istorioak.
Aukerak badaude, baina ez dago soilik gure esku inoren gustukoa izatea. Ezin da behartu, eta horrek ez du esan nahi gu ez garela nahiko. Batzuetan kimika hori sortzea oso erraza dirudi, baina gustatuko zaigun baino gehiagotan oso zaila da.
Hasiko gara sare sozialetan zuk aipatutako teknikak azaltzen.
Instagrandstanding dakarguna da gustuko dugun horrekin zelan kontaktuan jarri. Era honen arabera, lehenik eta behin gustuko dugun horren instagrama begiratuko dugu, gure crush (gure gustuko dugun hori) jarraituko dugu. Eta bere argazkiren bat edo beste bati like eman. Aldi berean gure instagramean gauzak hasiko gara jartzen pertsona horren arreta lortzeko, ia like-n bat ematen digun, edo follow azaltzen digun, edota edozelako iruzkinen bat idazten digun. Amuak edo, ipintzen ditugu, ea gustukoa dugun horrek zelanbaiteko erantzun bat ematen digun. Horrek aukera bat zabalduko digu pribatutik berba egiteko, edo iruzkin zehatzeren bat luzatzeko.
Gatsbying. Estatu Batuetako F. Scott Fitzgerald idazleak idatzi zuen “Gatsby Handia” eleberria, eta horren protagonista Gatsby da ligatzeko era honen inspiratzailea. Hark jai handiak eta ospetsuak antolatzen zituen, eta horietan hura dotore jantzita, hobeto lagunduta, eta irrifartsu agertzen zen. Denekin egoten eta inorekin ere ez. Sare sozialetan Gatsbyren erak modu berean bideratzen dira. Hau da, edukiak eta formatu bisualak garrantzi handia hartzen dute. Norberaren irudia oso landua izaten da, mimoz eraikitakoa, eta misterio puntu bat eduki behar du. Inportantea zerbait ezkutuan uztea, den dena ezin da argitu. Baina aldi berean, norberaren argazkia ahalik eta leku interesgarrienetan agertzea, pertsonai erakargarriak alboan izatea, edo norberaren momentu esklusiboen, edota esanguratsuen lagina konpartitzea ezinbestekoa da.
Hardballing. Era hau erabiltzen ei da, gustukoa duguna ezaguna denean. Beraren gainera gauza asko dakizkigunean: gustuak, istorioak, zaletasunak…Bion arteko zelanbaiteko ekarpena dagoela sentitzen baldin badugu hurrengo pausua izango da zintzotasunez berari helaraztea zer gura dugun eta ze espero dugun gure bizitzako momentu honetan, hau da, zeintzuk diren harreman posible baten helburuak. Horretarako oso argi izan beharko dugu zer den gura dugun hori, eta mahai gainean jartzea jakinda beharbada bera ez dela egongo gure momentu berberean.
Globintimacy. Era hau beharbada zu baino nagusiago direnentzako izan daiteke. Hala eta guztiz ere, modu honek dakartzan ezaugarriak zure interesekoak be izan daitezke. Elkarrekiko errespetua sustatzea leku paregabea da konexio emozionala garatzeko, lotura horretan zintzotasuna eta norberaren hauskortasuna agerikoa izatea altxor bat bihurtzen da. Lagunarenganako enpatia azalaraztea kimikari bidea ematen dio, lagunak dinonari adi egon, entzun barruko belarriekin, galdetu benetako jakin-minarekin, esperientziak konpartitzea, imajinatu zer den bere zapatatan egotea…horrek lagunduko zaitu lotura lantzen. Bidaia honetan elkarren ezagutza eta gustura egotea funtsezkoa da, eta umorea oso lagungarria izango da, zuon arteko giroa atsegina izateko, errazagoa izateko solasaldia.
Egia esateko, zuk oso ondo esan duzun moduan, denak daukate lotura bat, eta bakoitzak ñabardura desberdinak. Beharbada ez batak ez besteak ez ditu zure beharrak asetzen. Horregatik interesgarria izango zen jakitea zer den zuretzako inportanteena. Sare sozialak ematen dizkizu aukerak, baina garrantzitsuena izango da non ikusten duzun zuk zure burua. Zeintzuk dira zuretzako era horietatik zurekin bat egiten duten ezaugarriak. Azkenik zuk eraikiko duzu behar duzuna eta.
Ametsing izan daiteke zurea, kalean dabilena eta sare sozialetan dabilena pertsona bera izatea. Azken finean Amets zu zarena da partekatu ahal duzun hoberena, bereziena, originalena eta bakarra.
Zurea egin, zuk behar duzunarekin. Eta batez ere, argi izan ligatzea prozesu bat dela, azkenean dena ez dagoela norberaren esku soilik; are gehiago bion arteko ezagutza da, elkarrekin ikasten den dantza bat.
Zorte on!!














