Jone

Aupa Agurtzane!

Nire izena Jone da jaiotzerakoan Jon izendatu baninduten be. 15 urte ditut baina uda honetan 16 beteko ditut. Guztiz eta erabat maiteminduta nago Liberekin. Bera orain dela 6 hilabete etorri zen gure auzora bizitzen, eta beste ikastetxe batean ikasten dabil. Orain dela hilabete pare bat hasi gara. Gure harremana ederra da, baina ni oraindik ez naiz izan kapaz den dena kontatzeko. Libek ez daki nik zakila daukadanik. Orain dela aste pare bat hasi zen nire ipurdia ukitzen eta ematen zuen genitalak ere ukitu nahi zizkidala. Ni saihesten nabil ezer esan gabe. Ez dakit zelan esan, edo zer esan…dena den ez nago oraindik prest Libek nire zakila ukitzeko, berarentzako alua dena. Ez dakit zer den, ez dudala nahi edo badakidala berak ez dakiela…ez dut bera galdu nahi. Zure erantzunaren zain.

 

Aupa Jone,

Eskerrik asko zure intimitatea partekatzearren, denontzako lagungarria izango da, ziur.
Gure biografian beti daude hainbat pasadizo denbora behar dutenak barneratzeko, zer esanik ez gure prozesuan egon ez den inorekin partekatzeko. Aldi berean askatzailea da, inork iragan gabeko GU ezagutzea. Baina egia da azkenean harremana aurrera joan ahala, barrukoa kanporatzen doa. Eta momentu horiek ez dira errazak, ezta luzerako ekidinezinak. Jone bai, zaila da. Baina eutsi! erantzuna zure baitan dagoelako.

Ondo ezagutzen duzu Libe. Ezagutzen duzunetik ikusi duzu zuon harremana nolakoa den, nola begiratzen eta entzuten duzuen elkar, zelan lagundu diozuen elkarri. Horrek emango dizu indarra. Zuon harremanean daude ikurrak zelan berba egin berarekin jakiteko. Gogoratu zer partekatu duzuen, zaila izan denarekin zelan egin duzuen, sentitu duzun bere begirunea.. Hori da bidea. Biontzako izango da aukera bat konpartitzea. Beharbada Libe be, konturatuko zen, bera zu laztantzen saiatu arren zuk ez duzula bere bidea leku beretik jarraitu. Libe be egon daiteke pentsakor. Bitartean, zelan lagun batekin partekatzea zure paparra husteko? Ez dakit elkarteren baten zauden, konfiantzazko inor zu laguntzeko prest? beharbada antzeko esperientzia izango duen baten bat zure inguruan?

Zelan Liberi BIDALIKO EZ DIOZUN eskutitz bat idatzi? Zure pentsamenduak, sentimenduak eta abarrekoak bota paperean, berari esango bazeniokeen moduan. Atera hor den dena. Gero zaborrontzira bota, e? Sikieran zure barrena askatzeko eta ordenatzeko balioko du. Horren ostean irudikatu zelan izango zen berarekin berba egitea benetan: lekua, eguna, tartea…Irudikatu zu zeu lasai , eta bera entzule askotan egoten zareten moduan. Eraiki zure baitan sentsazio hori.

Arnasa hartu, indarra batu eta geratu berarekin.

Askotan pentsatzen dugu trantsizioan bizi diren gazteak, eta prozesu horietan ez dauden gazteen bizipenak oso desberdinak direla. Baina denek ere oso komuneko beldurrak, lotsak, ilusioak, zailtasunak eta gurariak dauzkate. Sexualitatea eta erotika mahai gainean dagoenean, denok sentitzen dugu gure erritmo, gurari eta modu desberdinak arazoak direla. Baina gure hazkunderako giltzak baino ez dira, horiek partekatzea elkarren ezagutza eta garapena baino ez dute ekarriko. Baina ez da erreza, kostatzen zaigu eta oso ohikoa da.

Bidea izaten da, ea zelan egin, zelan ikasi…

Besarkada handi bat,

Agurtzane

Agurtzane ORMATZA

2026, Otsaila 01
Arloa: Jo ta jo