Zelan bidaia?

Aupa Agurtzane,

Lur naiz. Nire kuadrillako neskekin hitz egiten egon naiz. Ez da erreza baina denok daukagu zer edo zer gure genitalekin, bueno, gure aluarekin. Betidanik ikusi izan ditugu liburuetan, argazkietan..eta apur bat ukitu be kopa edo konpresa ipintzeko. Bataren batek be laztandu eta masturbatu be egiten du…baina ez da hain erreza. Edo gu oso konplikatuak gara, edo atzeratuak? Zer da?

Aupa Lur,

Eskerrik asko, eta ze ederra jakitea zure atzean kuadrilla oso bat daukazula. Nire ibilbide profesionalean, eta baita pertsonalean be konturatu izan naiz zelan neska edota andre gehienok ez diogula eman garrantzi handirik gure genitalei , ez bazan arazoren bat ematen zigulako. Leku guztietan nesken gorputzen ezagutzak bide asko hartu izan ditu, eta gehienetan ez dira izan lagungarriak. Boterea gizonen eskuetan izan da eta dago, gehienetan maskulinoa izan da begirada, eta gehienetan maskulinitatearen aberastasunetik baino matxismoaren begietatik.

Horretaz aparte, Euskal Herriko hegoaldean, diktadurak isiltasuna, beldurra, errepresioa, eta bekatua ekarri zituen. Sasoi ilunak eta latzak alor guztietan. Andreen gorputzak azkenekoaren hurrengoak ziren, ez baziren euren mesedetarako. Gauza batzuk asko aldatu badira ere, emakumeon gorputzen ezagutza batzuk errekuperatu dira, eta beste batzuetan jarraitu lanean. Diktadura izan arte zientzien aldetik hazkuntza handia zetorren. Eta ezin dugu ahaztu gure birramamek aspaldiko jakinduria zeukatela, ordukoa gure etxeetan eta andreon arteko solasaldietan informazioa transmititzen zuten. Orain emakumeen taldeak, kuadrillak eta abarrekoak be badira informazioa, jakin-mina, esperientziak…konpartitzeko. Horra hor zuona.
Beraz ez da hain erreza, den dena hartzen badugu kontuan. Eta gainera nerabezaroak ekartzen ditu bere arau propioak gure gizarteak ondo baino hobeto bultzatzen dituenak. Helburuak markatu, eta lortu marka batzuek, adin batzuetan eskuratzeko. Timming arriskutsu bat. Hor ez dago tarte handirik norberaren ezagutzan sakontzeko, bakoitzaren erritmoari eusteko eta ulertzeko zer da behar dugun, edo deseatzen duguna. Zuok be hor zabiltzate.

Neska askori, andreei be, gorputza begiratzen dutenean, biluzik eta ispiluan , sentsazio eta zirrara oso nahasiak izaten dituzte: lotsa, beldurra, jakin-mina, desioa…Genitalak begiratzen dituztenean, dena areagotzen da.
Andreok ispilu baten aditzen baditugu soilik pubisa ikusten dugu, eta horren gaineko ilea. Mundu oso bat dago azpian, ez dena ikusten ez badugu aztertzeko intentzioarekin hurbiltzen. Erreza bezain konplexua.
Sarritan gehienek genitalekin harreman nahiko higienikoa izan dute, bere usainak tapatu behar, bere fluidoak kendu behar, bere ilea moztu behar…Den dena garbitu behar, lohia izango bazen!

Modu horretan, ez da erreza izango sentitzea hor dagoena zoragarria dela, eta berarekin konektatu ezkero altxor bat aurkituko dugula. Egia da zuotariko batek baino gehiagok ikertu duela, batek baino gehiagok plazera sentitu be, inoiz orgasmoa izan du, eta batek baino gehiagok konpartitu be. Baina hor ez dagoena, ez duenak inoiz horrelakorik sentitu, sarri bere burua arazotzat hartzen duela.
Baina ez ahaztu, bakoitzak bere erritmoa dauka, bere, ikasteko prozesua. Inportantea norberari kasu egitea, ondo tratatzea, eta astiro bada be gure hanken artea bizi den betiko lagun hori ezagutzen joatea.
Alua gure gorputzako lore bat da, petaloz osaturiko lorea, arrosa freskoa eta gorria gure egoeraren arabera gorritasun intentsitate desberdinak izaten dituena, eta lore-hostoen lodiera, baginaren umeltasuna, flora eta fluidoak be aldatzen dituena.
Alua kanpotik begiratzen badugu Venus Mendia edo pubiseko ilea bere handitasunean agertzen zaigu. Ilea babesten azala, aluaren etxeko sabaia eta hormak. Kolore eta formak emakumeak beste daude. Nahi baldin badugu bisitatu , jo atea..edo abisatu.
Esaiozu gura duzula bera ezagutu, berarekin egon, beharbada bere aurreko atetik sartu ….Eta entzun zer diotsun. Beharbada zu prest zaude baina bera ez. Jarraitu bere argibideak. Laztandu astiro, atzamar puntekin, eskuarekin…zuretzako erreza denik…sentsazioak eramango zaitue bide onetik. Arnasa hartu, itxaron, galdetu…Burua burrunba dabilkizu, ohikoa da konexioa etetea gurepentsamenduak dauden tokian, aluak beste bide batzuk ditu.
Hanka-tartea gure badugu jakin zelangoa dan, eskuak eta barruko begiekin, edo kanpoko begiekin eta ispiluarekin, edo…zuretzako errazena dena. ONDO DAGO. Han egongo dira, zure ezpain txikiak edo ninfak (batzuetan handiagoak ezpain handiak baino), gure kanpoko ezpainak edo handiak.
Klitoriaren burua be ikusiko duzu, batzuetan bere kapatxoa edo prepuzioa ipiniko badu be, beheraxeago gernu zuloa eta bagina zuloa. Eta aluaren baimena badaukazu, denboraz ondo zabiltza eta gogoa baldin baduzu, atzamar txiki bat sar dezakezu bagina barrutik nolakoa den sentitzeko. Giarrez beteriko lekua da, berez umel, gorri, indartsu, zabal eta eder. Baina gure egoeraren arabera aldakorra be bada. Termometro ona jakiteko zelan gauden.
Zelan bidaia? Bakoitzak har dezala bere denbora, ez arduratu. Bakoitzak jakingo du gura badu ikusi bere alua, noiz eta zelan. Gozatu ikuskizunarekin!

Agurtzane ORMATZA

2024, Iraila 30
Arloa: Jo ta jo