Apurtuta lagun
Kaixo Agurtzane,
Nire izena Bea da, 17 urte ditut. Bi urte egon naiz harreman batean. Bera Naroa da, ta 19 urte ditu. Oso triste nago, asko maite dut. Baina bere sentimenduak aldatu dira.
Apurtu ostean Naroak esan dit, berak lagun moduan jarraitzea gura duela, asko maite nauelako eta bere bizitzan gura nauelako. Saiatu gara, baina nik ezin dut. Oso txarto nau berarekin egon ostean, eta berarekin nagoenean dirudi harremana berbera daukagula, eta badakit ez dela horrela. Ezin dut eta gura dut, edozer egingo nuke berarekin bueltatzeko. Zer egingo dut?
Kaixo Bea,
Eskerrik asko Bea, zelango zaila izan behar den hori be idaztea. Ez da erreza apurketa barneratzea, eta jabetzea momentu honetara biek be leku desberdinetan zaudetela.
Zu oraindik berarekin maiteminduta, aldiz beren sentimenduak bestelangoak. Ez da harritzekoa Naroa prest agertzea zurekin adiskidetasun harreman bat izateko, eta beste aldean zu berarekin bikote harreman bat baino ez izateko prest egotea. Hori esanda, ez da erreza maite duzunarekiko sentimendu kontrajarriak izatea.
Baina maitasun dolu bat zeharkatzeko, beharrezkoa da bizitzea sentitzen duguna, eta ahalik eta nahaste gutxien ekartzea, horregatik adiskidetasun harreman bat izatea oraindik maiteminduta zaudenarekin, hare gehiago ezin izan duzunean lekurik eman sentitzen duzunari , beharbada larregi da eskatzea zure buruari .
Astiro.
Badakit ez dela erreza ezetz esatea maite duzun horri, gehien bat maite duzun hori zure alboan egotea gura duzunean. Naroarentzako izango zara emakume garrantzitsu bat, seguru nago berak asko maite zaituela, baina bere bihotza ez dago lehen zegoen lekuan. Eta une honetan zuk behar duzu zure lekua, sentitzen duzunari denbora eta espazioa emateko.
Denbora hori beharrezkoa da egoera honek ekartzen dizkizun zirrara guztiak sostengatzeko. Beharbada denbora horren ostean elkartzeko unerik izango duzue, eta aukeraren bat egon liteke zuon harremanari beste leku bat emateko. Baina momentu honetan hori ez da garrantzitsuena, eta seguru nago Naroak ulertuko duela. Ez dakit , berarekin ahal duzun berba egin, batez ere behar duzunari lekua egiteko.
Orain zure sasoia da, zauriak sendatzeko, zirrarak bideratzeko, eta zeugan arreta jartzeko. Denbora behar da maiteminaren eskuetatik askatzeko. Garai honetan, hainbat emozio zeharkatuko dituzu: amorrua, tristezia, haserrea, maitemina…Beraz whattsapeko mezuak, sare sozialak erabiltzea jakiteko zertan dabilen Naroa, edota elkar komunikatzeko saihestea izen lei une honetan arnasgune bat. Beharbada bide eraikitzailea be zure habia sortzeko, behar duzun lagun eta senitartekoekin batera.
Zure lagunak dira zure bidaideak, eurekin partekatu, zure bihotza askatzeko eta indarra batzeko. Hartu egizu koaderno bat eta, idatzi Naroari esango zeniokeen guztia, bota hor. Askatu, idatzi bizitzen zabiltzana paper horretan, dan dana. Sastarrontzira bota, ez du merezi hori berrirakurtzea. Seguruenik testu horretan agertuko dira zergatiak, hausnarketak, minak, eta denetariko berbak aterako dituzula. Ondo dago.
Etorriko da denbora modu sosegatu batean gertatu den guztia begiratzeko, ondorioak ateratzeko, zer edo zer ikasi behar bada ikasteko, bizi izan dituzun momentu zoragarriak bihotzean gordetzeko, baina batez ere zeureganako maitasuna ekartzeko eta indarra batzeko.
Zuok harreman polita bizi izan duzue, oraindik leku desberdinetatik bada be maite duzue elkar, harreman horren amaiera, onartzea eta on-hartzea ez da bidaia erreza.
Bea horretan zabiltza, eta jarraitu bide horretatik! Besarkada handi handi bat
Agurtzane


