Crush
Kaixo Agurtzane,
Naia naiz. Orain dela urte bi Malenekin nago, oso gustura gaude, eta zoriontsua naiz. Baina orain dela gutxi Batxira heldu zaigu Argentinatik kristolango mutil katxarroa, ta nire crusha bihurtu da. Oso txarto sentitzen naiz, zoratzear nago baina ezin dut ekidin bera ikusten dudanean barrena sututzea. Zelan da posible? Zer egin beharko nuke? Zelan egingo diot aurre? Txarra naiz? Laguntza behar dut!
Kaixo Naia,
Eskerrik asko idaztearren, a! zelango egoera zailean zauden. Sarriegi pentsatzen dugu ondo edo gustura bagaude harreman batean , beste batenganako desioa ez denik piztuko, edo crushik ez denik agertuko gure bizitzan. Eta horrelakoa bizitzerakoan berehala kolokan jartzen dugu gure burua edo gure harremana.
Arnasa har dezagun, gutxi gutxike korapiloa askatzeko. Guk pentsatzen dugun baino askoz be gehiagoetan ematen den egoera bat da. Egia da ez dela izaten koadrilan partekatzen dugun gai bat, hare gutxiago norbera horretan murgilduta dagoenean. Batzuetan berba egingo dugu gure gertukoen dagoen pertsonaren batekin, edo agian inorekin ere ez. Kasu honetan zuk, Naia, nirekin partekatu duzu. Ezezagunak be gertukoak bihurtzen gara. Baina ez da harritzekoa norberaren baitan geratzea sekretu moduan, sarri nahiko errudun eta lotsatuta sentituz.
Bikotekidearekin konpartitzea. Auzia ez da edozelangoa. Batzuetan bikotekideon artean hitz egin baldin badugu horrelakoak gertatu ezkero zer egin beharko genuen, jakingo genukeen zer egin. Besteetan harremanaren mugak argi marraztuta baldin baditugu, adibidez harreman irekia bada , beharbada adostu dugu zer esan edo zer ez, eta zelan…
Ez dakit zein de zure kasua Naia, baina dena den gauza bat da egoerei buruz modu teorikoan berba egitea, eta beste bat egoera bera bizitzen gabiltzanean. Ez dakit zergatik baina uste dut zuk, zure baitan daramazula gordeta, eta berarekin berba egitea zuretzako ez dela hain erreza. Uste dut komenigarria dela korapiloa askatzea. Modu asko daude hasteko. Bata hona idaztea, bestea izan konfiantzazko norbaitekin berba egitea, ez zaituena epaituko eta barrenako zulotik ateratzen lagunduko dizuna.
Hona hemen kontu batzuk zuri laguntzeko: Zuk esan duzun moduan Malenekin daukazun harremanean gustura zaude,eta zoriontsua zara. Seguru nago idatzi duzunerako eskutitz hau , buelta nahikotxo eman diozula zure harremanari, eta hain gustura egoteak buru huste asko ekarri dizula crusharekiko emozioak hain sutsuak sentitu dituzunean.
Desioa agertzea ezustekoan da errealitate bat. Hare gehiago, desioa kontrolpean edukiko bageunke ez zen agertuko . Askotan ez dakigu zerk zehazki piztu duen, ezta zergatik momentu konkretu batean…Berez etorri da, eta harritzekoa bada be leku beretik joan egiten da. Gero eta gehiago murgildu gure errudun sentimenduetan, gero eta gehiago kateatu egingo gara. Orduan arnasa hartu, eta askatu sentitzen duzuna, idatzi , dantzatu, oihukatu … Atera zure gorputzetik. Horrek lagunduko dizu egoerak horrenbeste pisu har ez dezan. Galdetu egiozu zure buruari ea benetan gurako zenuen crush horrekin zer edo zer izan, zer da benetan sentitzen dudana, zer da erakartzen nauenabene, tan posiblea izango zen zuon artekoa, zer suposatuko zizun , …Errealitatean kokatu. Fantasia munduan dena da posible, eta askotan behar izaten ditugu fantasiak hegaz egiteko, freskotasuna sentitzeko, beste errealitate batzuk eraikitzeko, ametsak sortzeko…desioak guzti hori pizten du.
Ze onura dakar une honetan crushek dakartzuna? Desioak beldurra piztu du be. Horixe da askotan gure frenoa, edo laguntzailea…Zein da zure kasua?. Bizitzen duzuna ez da txarra, egiten duzuna ez da txarra, zu ez zara txarra…Batzuetan gertatzen zaigunarekin ez gatoz bat, besteetan izutzen gaitu, sarri ez dugu nahi gertatzea, baina hor dago. Emaiozu arnasgunea, buru hustu…ta seguru nago zer edo zer joango dela askatzen.
Besarkada handi bat,
Agurtzane






