Yunohost ekosistema

Gaur egun Internet munduan topatzen ditugun zerbitzu asko korporazio teknologiko handien esku daude. Googlek eskaintzen dituen tresnekin bakarrik, posta elektronikoak bidali, fitxategiak hodeian gorde edota bilaketak egin ditzakegu sarean zehar bere bilatzailearen bitartez. Gure bizitza asko erraztu digute zentzu handi batean, behar ditugun gauza asko zerbitzu bakar batean zentralizatzen dizkigulako. Hala ere, kontrara, dependentzia handia sortzen da korporazio horien baitan, izan ere, nahiz eta jende askok tresna berdinak erabili, beste zerbitzu batzuk erabiltzen dituzten pertsonak ekuaziotik kanpo geratzen dira, tresnak ez direlako bateragarriak izaten elkarren artean askotan.

Korporazio teknologikoek, orokorrean, izaera oso pribatua izaten dute: euren helburua erabiltzaileak bereganatu eta euren zerbitzuen menpeko bilakatzea da. Horretarako, ahalik eta zerbitzu gehien eskaintzen ahalegintzen dira. Horretaz gain, beste kanpo tresnekin bateragarriak ez diren ezaugarriak eskaintzen dituzte. Modu honetan, tresna jakin batzuk erabiltzeko bakarrik gai garen erabiltzaileak bilakatzen gara. Konpetentzia digitalari erreparatuz, egokia al da hori? Marka jakin bateko tresnak erabiltzen jakitea bakarrik egokia da? Gero beste modu batera funtzionatzen duten, baina desberdinak diren, tresnak erabiltzeko gai gara?

Interneteko ekosistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko aukera ematen duten eta erabiltzaile aktibo bilakatzeko baliabideak eskaintzen dizkiguten tresnak daude, erabiltzen errazak direnak gainera. Horiek erabili eta martxan jartzeko, oinarrizko jakintza teknikoak edukitzeaz gain, ostatatze baliabide bat behar da. Kasu honetan, gure ekosistema digital propioa sortzeko aukera ematen duen tresna bat ekartzen dizuegu: Yunohost.

Yunohost Debian GNU Linux-en oinarritutako banaketa bat da software librez osatuta dagoena. Tresna honek, web zerbitzu propioak ostatatzeko zerbitzarien sorrera erraztea du asmoa. Yunohostek erabiltzaileari bere zerbitzaria instalatzeko eta erabiltzeko aukera ematen dio, horrela, posta elektronikoko postontziak, webguneak, artxiboak sinkronizatzeko tresnak, berehalako mezularitza zerbitzuak etab. instalatu eta sortu daitezke.

Azken finean, Yunohost, zerbitzari batean instalatzen den sistema da eta norbere kontrolpean dauden zerbitzu digitalak (aplikazioak) instalatzea eta mantentzea ahalbidetzen du. Yunohostek web-zerbitzuak eta -aplikazioak ostatatzeko behar diren etapak ahalik eta gehien sinplifikatu nahi ditu. Hala ere, zerbitzua martxan jarri ahal izateko, ostatatze teknologia bat behar da: zerbitzari propio bat, VPS bat, edo Raspberry Pi bat izan daitezke.

Behin tresna martxan jarrita, administratzaile rolak bereizi eta, hortik aurrera, tresna desberdinak instalatzen has gaitezke gure ostatatze zerbitzuan, Yunohosten bitartez. Bertan eskaintzen diren tresna guztiak Software librean oinarritutako baliabideak dira. Norbere ekosistema digitala modu autonomoan sortu, garatu eta beste erabiltzaile batzuekin batera partekatu daiteke, modu honetan, modu burujabe batean kudeatutako zerbitzuak erabili ditzakegu.

Proiektu honek, aukera ematen du egunerokoan erabiltzen ditugun zerbitzu desberdinek nola funtzionatzen duten gertutik ezagutu eta, bestalde, Internet munduko erabiltzaile aktibo eta sortzaile bilakatzeko ere.

Mattin Solis

2026, Urtarrila 05
Arloa: Sarean