Masturbazioa (I)

Kaixo Agurtzane!

14 urteko neska -mutil kuadrilla bat gara. Eta danon artean egindako galderak bidaltzen dizkizugu:

  • Ona al da masturbatzea? egitea?
  • Egia al da kanpaiak jotzen baduzu nagusia zarenean problemak sortuko direla sexu harremanetan?
  • Egia al da pajak egiten badituzu garauak ateratzen zaizkizuela?
  • Zergatik neskek esaten dute ez direla masturbatzen hori ez bada horrela?
  • Neska-mutilak beti dabiltza pajak egiten?
  • Zelan masturbatzen dira neskak? Atzamarrak sartzen dituzte?

Esango diguzu!

Kaixo, kuadrilla:

Galdera asko dira eta mamia be badago azaltzeko, eta guztiari buruz berba gura dudanez egin atal desberdinetan zatituko dugu gaia. Ia pazientziarik daukazuen hurrengo atalak argitu arte!! Barkatu eragozpenak!!

Historia apur bat gure burua kokatzeko eta gauzak nondik nora doazen jakiteko edo hobeto ulertzeko. Masturbazioa izango da mendebaldeko historiatan zehar gehien zigortu den sexu jokaera. Zergatik? Bi akats historikoengatik:

1. Akats teologikoa: Testamentu Zaharrean agertutako atal baten interpretazio okerra. Testamentuan agertutakoaren istorio baten harira.
Onan bere anai zenaren alargunarekin harremandun zen. Onanek berarekin koitoa etendun egiten zuen bere semena kanpora botatzeko, alarguna haurdun ez gera zedin. Jokaera honekin hebraitar legea apurtzen zuen legeak behartzen baitzuen Onanek umeak ematera.

Baina, lotura masturbazioarekin, zein? Ba Onanek egindakoa, coitus interruptus eta masturbazioa baita be, ondorio ugaltzaile bako sexu jokaerak zirela. Oraindik ez dakigu Onan masturbatzen zen ala ez, baina interpretazio okerrak iraindu zuen sexu jokaera hau, egun haietatik orain arte. Onartutako sexu jokaera bakarra koitoa zen, helburu inportante batekin, umeak izatea. Plazera eta bestelako sexu jokaerak onartu ezinak ziren eta zigortuta zeunden.

Judeo kristauen Erdi Aroko penitentzietan asko argudiatu zuten masturbazioari buruz. Santo Tomas de Aquinok, berak ere, argi zeukan masturbazioa fornizioa (txortan egitea) baino bekatu handiagoa zela.

2. Akats zientifikoa: XIX. Mendeko hasieran Tissot jaunak, mediku frantsesa, “nerbioen gaixotasunetan espezializatua”, eman zion masturbazioari bigarren ukitu iraindua. Tissot jaunak Lausanneko “zoroetxe” baten egiten zuen lan, eta konturatu zen zelan bertoko paziente gehienak masturbatzen ziren. Tissotek pentsatzen zuenez herritar ”normal” gehienak ez zirela masturbatzen burutu zuen “onanismoa”(lehengo Onan zenetik datorren terminoa da) edo “masturbazioa” zela berak ikusten zuen gaixotasun guztien zergatia.

Askotan oraindik entzuten da erdi broman erdi serioan masturbatu ezkero hainbat gaitz fisiologiko zein psikologikoak izango dituztela. Baina gaur egun jakin badakigu masturbazioa dela pertsona bakoitzaren intimitatearen alor bat, eta berez ez duela inorengan inolako gaitzik sortzen. Hau jakinda be, egun masturbazioari buruz hainbat uste faltsu irauten dute, beraz aspaldikoak oraindik desagertu gabe eta jadanik hasi dira berriak sortzen.

Azkenengo boladan nerabezaroei zuzendutako gaztelaniazko idatzietan, eta baita ikus-entzunezkoetan ere, konturatu izan naiz hainbat azpiko mezuak zabaltzen dabiltzatela, konkretuki gai honi lotuta hauxe da mezua, batez ere neskei zuzendutakoak: “Neska, masturbatu behar duzu. Ez bazara masturbatzen ez zara modernoa ezta aurrerakoia ere ez(...)” . Benetan izutzekoa, lehen ezin ziren masturbatu “bekatua” ala “gaixotasuna” zelako eta orain masturbatu BEHAR dugu aurrerakoiak izateko.

Masturbazioa gure gorputzaren ezagutza eta plazerarekin loturiko jokaera bat baino ez da. Bakoitza bere eran, bere sasoian, bere martxan, bere nahiari jarraituz eta inolako presiorik gabe hartuko du honen inguruko erabakia, patxadaz eta erru gabe.

 

Kontaizu

2025, Abendua 02
Arloa: Jo ta jo