Sare sozialen boterea

Sare sozialek jendartea saretzeko duten boterea handia da. Lagunekin komunikatzeko eta munduko txoko desberdinetan erabiltzaileek sortzen dituzten edukiak kontsumitzeko aukera eskaintzen dute. Askotan jarri izan dira eztabaiden erdigunean, sortzen duten dependentziagatik bereziki, baina tresna boteretsuak dira jendearen iritzietan eragin edota masak mobilizatzeko. 

Sare hauek izan duten bilakaera handia izan da. Euren hastapenak mende hasiera honetakoak dira, bereziki Facebook bezalako sare soziala martxan jarri zenean. Bere helburua sinplea zen: lagunak elkar konektatzea ahalbidetzea, modu errazean, munduko txoko desberdinetan egonda ere. Asmo hori nabarmen lortu zela garbi dago, atzetik beste mota askotako sare sozialak sortu zirelako. Ezagunenak, korporazio teknologiko handiek sortutakoak dira; Facebook, YouTube, Instagram, Snapchat edota TikTok ditugu horien eredu. Doako aplikazio edo zerbitzuak izanda ere, izugarrizko boterea eta aberastasuna eskuratu dute, guztia erabiltzaileen datuen ustiaketatik lortua. 

Zerbitzu horien bitartez, hasieran behintzat, lagunekin edo ezagunekin komunika gintezke, baita galduak genituen harremanak berreskuratu ere. Sare sozial hauen hastapenetan mugikorreko aplikazioek oraindik ez zuten horrenbesteko garrantzirik, hala ere, mende honetako bigarren hamarkadatik aurrera, garrantzia hartzen hasi ziren. Oso eskura zeuden. Sare sozialetara poltsikoetatik sartzeko aukera zegoen, esfortzu handia egin behar izan gabe. Horrek guztiak aldaketak eragin zituen, geroz eta denbora gehiago igarotzen hasi ginelako, orokorrean, sare horien barruan. Askotan konturatu gabe. Aurretik esan bezala, sare horien aberastasuna erabiltzaileen datuetatik datorrelako. Zenbat eta denbora gehiago igaro sare sozial horietan, hobeto enpresa horientzat. Ondorioz, aplikazioek trikimailu konplexuagoak erabiltzen hasi ziren jendea sareetan harrapatuta geratzea lortzeko (jakinarazpenak, bideoak automatikoki hastea, gustukoak bidaltzea...). 

Gizartea antolatzeko ere baliagarriak izan ziren sare eta foro horiek. Horren eredu dira 2010etik aurrera abiatu ziren Arabiar Udaberriko protestak, adibidez. Jendea garai hartako Facebook eta Twitter bezalako sare jabedunak baliatu zituen mobilizazioak deitu eta gobernuen ekintzak salatzeko. Antzekoa gertatu zen Espainian sortutako M-15 mugimenduarekin. Sare sozialak baliatu ziren jendea mobilizatzeko eta jarduera desberdinak gauzatzera deitzeko. Mugimendu horiek arrakasta handia izan zuten jende andana mobilizatzeko garaian. Erakutsi zuten Interneteko baliabideak indartsuak direla horrelako kasuetarako. 

Hala ere, azken urteetan, sare sozial jabedun horien kakazte orokortu bat gauzatu da. Inongo baliorik ez duten edukiez bete dira. Iragarkiak dira nagusi. Faltsuak diren milaka erabiltzaile daude. Badirudi jendearen arteko hartu-emanak murriztu nahi direla sare hauen bitartez. Euren hasierako helburuak guztiz aldatu dira eta kontrako norantzan doaz. Badira, oraindik, jendea mugitzeko aukera ematen duten sareak. Azken urtean, bereziki, Discord plataformak hartu du horren lekuko. Hasieran, bideojoko munduan aritzen ziren pertsonei zuzendutako sarea zen. Aplikazioak aukera eskaintzen du erabiltzaileak elkarren artean modu desberdinetan komunikatzeko. Plataforma horrek, hain zuzen, hartu du pisua Z belaunaldiko protestak antolatzeko azken urte honetan. Modu berriak ekarri ditu gazteak mobilizatzeko garaian, eta erakutsi badirela aukerak mota honetako deiak aurrera eramateko horrelako plataformen bitartez.

Garbi da sare sozialek potentziala dutela, oraindik ere, jendea elkartu eta elkar eragiteko. Sare askeak sustatzea ezinbestekoa da sarea sozial izaten jarraitzea nahi bada behintzat. 

Mattin Solis

2025, Abendua 04
Arloa: Sarean