"Lanak balio izan dit Enarak bezala sortu ziren beste taldeei ere aitortza egiteko"

Enarak taldea 1960ko hamarkadan sortutako rock talde bat izan zen. Askorentzat talde ezezaguna izango da, baina Enarak ezagutarazi eta garai horiek nolakoak izan ziren erakusteko asmoz, Beñat Iturrioz Perezek Enarak dokumentala zuzendu eta garatu du. Berarekin elkartu gara dokumentalari eta taldeari buruz gehiago jakiteko. 

Ekoizpen desberdinak egiten aritu izan zara orain arte. Zergatik sortu zitzaizun Enarak dokumentala egiteko ideia?

Txikitatik beti eduki izan dut Enarak taldearen berri, aita taldeko abeslaria zelako. Orduan beti izan dugu bere berri, baina gutxi jakin izan dugu, egia esan. Etxean bagenuen binilo bat 3 abesti zituena, baina nahiko ezkutuan zegoen etxean, nahiz eta aitak garai hartako beste musikak asko erakutsi zizkigun txikitan. Hala ere, Enaraken berri oso gutxi genuen.

Nik banuen kuriositate bat gehiago jakiteko horri buruz, taldeari buruz, eta, aldi berean, aitari buruz gehiago jakiteko ere. Azkenean seme batek inoiz ez du ezagutzen bere gurasoak nolakoak izan diren gaztetan, ezinezkoa delako biologikoki, eta horren jakin mina nuen. Bestalde, garai hori ere gehiago ezagutu nahi nuen, 60ko hamarkada zer izan zen hemen. Izan ere, ez da berdina hamarkada hori Ameriketan edo Euskal Herrian, zeren hemen berpizkunde kultural bat egon zen garai horretan, adibidez.

Orduan, abiapuntua hori izan zen bereziki, Enaraki buruz gehiago jakin nahi izatea, bere bilakaerarekin, eta aita nor izan zen ezagutzea, bera gaur egun nolakoa den hobeto ulertzeko. Horrela dokumental forma hartu du lanak, galdera horiek erantzuteko aukera ematen duelako formatuak. Baina erakusketa eta binilo bat ere sortu ditugu horren aitzakian.

Egongo da jendea taldea ezagutzen ez duena, bereziki gazteak. Ze talderi buruz ari gara hitz egiten?

Orain dela 50 urte inguru desagertu zen talde batez ari gara, eta duela ia 60 urte sortu zena, orduan nahiko zahar geratzen da gazteentzat. Baina rocka euskaraz egiten zuen lehenengotariko talde batez ari gara hizketan.

Gaur egun zerbait normala ematen du, eta kanpora begira ere. 60ko hamarkada bukaeran Jimi Hendrix gitarra jotzen ari zen azidoak zituela kopetan jarrita. Hemen, aldiz, frankismoa zegoen, dena txuri beltza zen eta trikitia eta otxoteak entzuten ziren. Orduan, Enarak, rocka euskaraz egiten hasi zen testuinguru horretan, 1967an konkretuki, beste talde batzuekin batera. Egiten zuten gauza bereizgarria da, euskal kantu tradizionala molde modernoekin egiten zutela, adibidez: boskote bat organoa, gitarra, baxua, abeslaria eta bateria batekin, rock estrukturan. Aldi berean, rock anglosaxoitik edandako musika estiloa egiten zuten. Blues izan zitekeen, edo rock ere bai, baina baita psikodelia, rock progresiboa edo sinfonikoa ere.

Horrelako zerbait zen Enarak: boskote bat 1967an rocka euskaraz egiten zuena, rock sinfonikoaren eraginarekin eta baita pop-rockarekin ere.

Zein ibilbide izan zuten?

1967an hasi zirenean laukote bat ziren, ez zuten bateriarik. Gero, aurrerago, bateria jole bat sartu zitzaien eta konjunto bat osatu zuten. Behin boskotea osatua, herriz herri ibiltzen ziren herriko jai askotan, ikastolen aldeko jaietan, zenbait kantu txapelketetan... bereziki herriz herriko festa askotan eta kontzertu askotan ibiltzen ziren.

Herriko kontzertu horiek oso luzeak izaten ziren, 4 ordukoak eta horrela, orduan errepertorio zabal bat izan behar zuten jotzeko. Abesti batzuk bazituzten eta, besteak, bertsioak izaten ziren. Bereziki, garaian modan zeuden mundu mailako rock taldeen abestiak hartu eta euskaratzen zituzten, horrela, kanpoko abesti ezagunak hona ekartzen zituzten. Herriz herriko jaialdietan jotzen zituzten arin-arina eta fandangoa, batetik, baina tartekatzen zituzten King Crimson bezalako rock sinfonikoarekin edo Creedence Clearwater Revival edo The Rolling Stonesen abestiekin, bestetik.

Kontzertu dexente eman zituzten, bereziki Gipuzkoan, nahiz eta Bizkaian eta Nafarroan ere ibili ziren. Hala ere, 1971ko urte bukaeran, utzi egin zioten jotzeari. Orduan 4-5 urtez aritu ziren ia.

Hilabete batzuk dira dokumentala aurkeztu zenuenetik, eta 11 areto bisitatu dituzue. Zein harrera izaten ari da dokumentala?

Harrera ona esango nuke. Leku batzuetan jendea gehiago eta beste leku batzuetan gutxiago etorri da. Herri askotan eskaintza kultural asko egoten da eta zaila izaten da aretoak betetzea baina, gerturatu diren guztiak esango nuke, alde batetik, harrituta eta, bestetik, hunkituta atera izan direla. Orokorrean, hala ere, harrera ona izan da. Izan ere, Enaraki buruz zer edo zer zekienak, ez zekien guztiz taldeak izandako bilakaera zein izan zen eta, dokumentalean, istorio ezezagun asko azaltzen dira, beraz, sorpresaz josita dago dokumentala. Bestalde, uste dut jendea ere hunkituta ateratzen dela garai bateko usaina iristen zaiolako adin helduagoko jendeari. Gainera, dokumentalak ere baditu pasarte batzuk hunkitzen zaituena. Baina harrera ona izaten ari da orokorrean.

Orain arte egindako prozesu guztiarekin, zerekin geratzen zara?

Hasi nintzenean Enaraki buruz ikertzen material gutxi zegoen, garai hartan material grafikoa lortzeko aukera gutxi zegoelako. Ondorioz, erregistratutako gauza gutxi topatu ahal izan ditugu. Hala ere, bilatzen hasi ginenean konturatu nintzen 60eko hamarkada bukaeran bazeudela rocka euskaraz egiten zuten hainbat talde.

Batzuetan, euskal rockaren genealogia egiten dugunean, hirurogeita hamapikora jotzen dugu hasiera bezala, baina atzerago joan gaitezkeela konturatu nintzen. Atzerago joanda, 1965etik aurrera, bazeuden talde batzuk rocka egiten hasi zirenak euskaraz. Hor, adibidez, badaude Arantxa eta Ixiar Gurmendi ahizpen Biurriak taldea, nahiko aurrerakoiak izan zirenak bere garaian. Gero ere baziren beste talde batzuk Urretxindorrak, Ameslariak eta Erlak eta horrelako taldeak, ez zutenak guztiz rocka egiten, baina konjunto moduan jotzen zutenak. Lan honek balio izan dit Enarak bezala sortu ziren beste talde horiei ere aitortza egiteko. Batzuk urte gutxira desagertzen ziren, batzuk diskoak grabatzen zituzten... baina gehienak memoriatik desagertu dira, izena izan duten taldeak bakarrik geratzen direlako historian. Horren esanguratsuak izan ez diren taldeak desagertu egiten dira memoriatik, eta horretaz konturatu naiz.

Orduan, uste dut, talde guzti horiek, txikitasunetik eta bere inurri lanarekin, bere alea jartzen dutela euskal kulturgintzan, eta gero, ale horiek, beren emaitzak ematen dituztela beranduago sortzen den guztian. Gu denok egiten ditugun ekintza txiki eta desinteresatu horietatik sortzen da dena. Talde txiki guzti horien baturatik egiten da herria. Gero, ondoren datorren kulturgintzak eta musikagintzak edaten du, modu zeharkako batean, guzti horretatik. Bai garai horretan eta bai orain, egunerokoan egiten dugun inurri lan txiki horrek du garrantzia. Hau izan da nire ikaspena lan honetatik.

Mattin Solis

2025, Azaroa 26
Arloa: Berba Bi