VPN konexioak sarean

Internet munduaz ari garenean, elkar konektatutako sare multzo batez ari gara. Gure gailuak gai dira elkarrekin harremanetan jartzeko, munduan zehar zabaldutako TCP/IP protokoloaren bitartez. Aurrerapen handia izan zen hau, une batez, munduko txoko guztiak elkar konektatzeko aukera ematen zuen modu bat topatu zelako.

Interneten erabilera egiteko, konexio bat edukitzea ezinbestekoa da. Birtual bezala irudikatzen duguna fisikoa bilakatzen da ezinbestean. Izan ere, nola jasotzen dugu interneteko konexioa? Horretarako, fisikoa den azpiegitura behar dugu. Kableak behar dira, alde batetik. Kilometro eta kilometro kable. Kontinenteak lotzeko gai diren kablez josita dago mundua eta, horien bitartez, Internet eduki dezakegu gure gailuetan. Bestalde, sateliteak eta antenak ditugu. Uhinen bitartez ere gai gara konexioak egiteko, baina, noski, horiek ere kable konexioak behar dituzte ezinbestean. Ondoko irudian garbi azaltzen da gaur egun topa ditzakegun konexio motak eta, ikusiko duzuen moduan, birtuala dirudiena oso fisikoa da.

Gure etxeetan Internet edukitzeko, normalean, router bat izaten dugu. Honek kutxatxo txiki baten itxura izaten du eta, bertara, kable bidezko sarea iristen da. Bertatik, Wifi konexioaren bitartez, gai gara etxean Internet izan eta gure mugikor eta ordenagailuetatik sarera sartzeko. Wifirik behar izan gabe ere Internet eduki dezakegu gure mugikorretan, datuen bitartez, baina horretarako, ezinbestean, antenen bitartez konektatu behar gara sarera.

Normalean, etxean gaudenean, hainbat gailu izaten ditugu routerrera konektaturik. Konexio hori gauzatzeko, gailu bakoitzari IP helbide bat esleitzen zaio eta horrela, denok, sare lokal batean konektatzen dira.

Konexio hauek modu pribatuagoan egiteko, badaude moduak. Sare lokal berdinera konektatua egoteak pribatutasun arazoak eskaini ditzake, gailu guztiak sare berdinaren menpe geratzen direlako. Baina hori ez gertatzeko, badaude aukerak. Hori VPNen bitartez lor daiteke. VPN ingelesezko Virtual Private Network hitzetik dator eta bere bitartez, sare lokal bat sor daiteke, beste gailuengandik bananduta egonda. Kasu honetan, sare lokal horretara konexioa egiteko Internet baliatzen du eta, horrela, aparteko zerbitzari baten bitartez sartzen da sare lokalera.

VPNaren bitartez, norbere sareko trafiko guztia gure gailutik Interneteko hornitzailera joaten da, baina hortik zuzenean VPN zerbitzarira doa, eta handik abiatzen da helburura. Idealki, konexioa zifratuta dago; beraz, zure Interneteko hornitzaileak ez daki zertara sartzen ari zaren. Ondorio praktikoetarako, zure IP helbidea VPN zerbitzariarena da: alderdi askotan, fisikoki hor egongo bazina bezala da, Internetera konektatuz. Baina zertarako erabiltzen da VPNa?

  • Telelana: Modu honetan, laneko sare lokal propio bat sortu daiteke eta, horrela, etxean egonda ere, laneko sarera konektatzeko aukera dago. Honekin batera, lanerako ezinbestekoak diren webgune edo helbidetara sartzeko baliagarria izan daiteke ere.

  • Zentsura: Webgune asko blokeatu egiten dira herrialdeen arabera. Toki batean egonda, askotan, ezinezkoa izaten da beste herrialde bateko edukietara modu librean sartu ahal izatea. VPNaren bitartez, beste herrialde bateko zerbitzari batera konektatu zaitezke eta, bertatik, herrialde horretako edukietara sartu.

  • Segurtasuna: Guztiz beharrezkoa ez den arren, ohikoa da VPN konexioek haiekin transmititzen diren paketeen zifratu bat izatea; beraz, normala da gomendio hau entzutea: WiFi publikoaren sarbide-puntu batera konektatu behar baduzu, gutxienez VPN batekin konektatu behar duzu.

Aukera anitzak ematen ditu VPN batek, konexioak beste modu batean ulertzeko ere baliagarria izan daiteke.

Mattin Solis

2025, Urria 10
Arloa: Sarean