Frantxix - "Pilota partidarik ez da izaten ahal materialik gabe"
Eskutik Kooperatibaren lehen urratsak 2015ean izan ziren, Ellande Alfaroren bitartez. Ordutik, kooperatiba moduan elkartu eta egun 6 langile batu dira pilota materialak ekoiztera. Kooperatibak lanean daramatzan urte hauetan, lanean aritu dira pilota ekoizleen lan-baldintzak hobetzeko. Frantxixekin egon gara Eskutik gertutik ezagutu eta pilota munduari buruz beste ikuspegi batetik hitz egiteko.
Telebistan etengabe ari dira pilota partidak emititzen. Badirudi, gaur egun, gorenean dagoela kirola. Zuen kasuan, horrela zabiltzate?
Kanpotik ikusita, badirudi, erakutsi nahi dutela Euskal Herrian badela kirol bat baino gehiago den jarduera bat, pilota, eta hori oso sartua dela gurean, ikusten ditugularik goi mailako pilotariak. Herri edo eskola txikietatik ateratako pilotariak gero izar handiak bilakatzen dira, jende asko etortzen da ikustera, promozio asko egiten dute eta hori baliatzen dute sarrerak saltzeko, kamisetak saltzeko eta horrelako gauzak egiteko. Hori da kanpotik ikusita pilotak zer ematen duen. Ikusten badugu beste alderdi batetik, hau da, pilotaren maila baxuan nola joaten den, afizionatuak eta profesionalak bereizirik, ikusten da gauzak desberdin egiten direla. Batez ere, afizionatuak bere kargu dira behar dituzten tresna guztiak lortzeko eta hori beren gain hartzen dute.
Materialetan zentratzen bagara, ikusten dugu material gutxi dela eta beti izan direla familia batzuk lan horietan jardun izan direnak, baina ez da sekula enpresa mundura eraman horrelako jarduera bat. Guk, gure aldetik, apustu bat egin genuen kooperatiba bat muntatzeko. Hori egin genuen bertako langileok soldata duin bat jasotzea nahi genuelako. Galdegin dugu ere pilotan dabiltzan federazioekin gogoeta egiteko ea zein motako materialak nahi dituzten, ea nahi duten honek jarraipena izatea. Hasi gara poliki gogoeta horretan, baina zaila zaie. Hor bada erronka bat, pentsatzen garela gainditzen. Gure enpresa kooperatiba bat da, horrek zer esan nahi du? Gure egitekoa ez dela bakarrik lan egitea, baizik eta guk zerbait ekarri nahi diogula pilota munduari, baina pilota munduak ere behar du hartu pilota ez dela bakarrik kanpotik ikusitako irudi hori, baizik eta hastapenetik behar dela gure herrietan ikusi hori nola egiten den.
Zer da sortzen edo ekoizten duzuena?
Guk, orain, pilotak eta xisterak egiten ditugu. Horretaz gain, eskularruak ere egiten ditugu laxoa eta pasakarako, eta baita sareak, baina egiten ez duguna dira palak. Hor badira beste enpresa batzuk oso industrializatuak diren tresnak egiteko lanean dabiltzanak. Beste tresna batzuk ere badaude egiten ez ditugunak, azken aldian sartu direnak, karbonoa bezala. Guk gure inguruko lehengai naturalekin egiten dugu lan; lehen egiten zen bezala egiten dugu lan, baina teknikak hobetuz.
Zergatik hasi zineten honetaz lanean?
Gure proiektua duela 10 urte hasi zen Ellande Alfaroren bitartez. Pilotari izandakoa zen eta nahi zuen eskulangintzan pilotarekin loturik zen jarduera bat eraman. Pilotagile zahar bat ikustera joan zen, eta eskatu zion erakusteko bere lana. Transmisio helburu horrekin eta gustuz hasi zuen lan hori. Biziki maite du pilota, beti egon izan da horrekin lotuta, pilota eskolan ere egon baitzen lanean, eta ikusten zuen materialak behar zirela egokitu. Gaur egun behar baditugu pilotari berriak erakarri, materialak egokitu behar ditugu, eta bera horrela hasi zen lanean.
Bera duela 10 urte hasi zen horrela eta bezero batzuk izan zituen. Eurek esaten zioten xistera munduan bazela arazo bat, ezingo zirela gehiago egin, eta behar zela zulo hori bete. Hasi zen ere gogoeta egiten kooperatibari buruz eta 6 pertsona elkartu ginen. Egin genuen gogoeta ere xistera lan hori berreskuratzeko eta xistera-egile zahar batekin elkartu ginen bere lana guri erakusteko. Horrela hasi ginen, eta emeki-emeki xistera munduan sartuz, konturatu gara xistera munduan zulo handia zela. Duela 50 urte hego Euskal Herrian baziren 40 bat xistera egile, baina lana txikitu zenez, xistera egileak ere gelditu ziren, eta gainera beren baldintzak ere okertu ziren. Gaur egun 4 edo 5 xistera egile egongo gara bakarrik. Konturatu behar gara pilota partidarik ez dela izaten ahal materialik gabe. Pilotari dagokionez, badira egileak, baina xisteretan badago gabezia bat eta hori beharko da landu.
Euskal Herriko kaleetan oraindik, gehienbat, futboleko edo errugbiko baloiak besterik ez dira ikusten. Nola iristen zarete zuen materialekin gazteengana?
Gogoeta prozesu batzuk eraman ditugu aurrera eta, bertatik, bi xistera berri sortu ditugu haurrei egokituak: bat joko garbi modalitatean eta, bestea, zesta punta modalitatean.
Ikusi zen ohiko materiala, nahiz eta ederra izan, garesti zela eta hori oztopo bat izaten ahal zela familientzako eta haurrak pilotaren hastapenean hasteko. Horrela, aterabideak egin ziren, plastikozko xistera adibidez, baina horrek ez zuen behar zen irtenbiderik ematen. Orduan, lanean jarri ginen elkarte eta federazioekin zerbait berria egiteko.
Zein nolako etorkizuna ikusten diozue zuen ofizioari?
Ez dago ondo irabazia. Lan-baldintzak eta gure ingurua behar da hobetu eta landu. Ikusi izan dugu maila ekonomiko baxuko ofizio bat dela, baina behar dugu hau landu. Proiektuaren zentzua uste dugu oso ona dela, baina ez da kirola bakarrik. Gure kultura eta euskaldun izatearekin dago lotuta pilota eta horrek zentzu berezi bat ematen dio gure lanari. Gure lanaren bitartez harremanak lantzen ditugu Euskal Herriko 7 probintzietako jendearekin, eta hori ez da lan askotan gertatzen. Behar dugu lanketa bat egin oreka bat bilatzeko eta, gutaz gain, beste batzuk ere lan honetan sar daitezen beste lurraldeetan.