Galduta

Kaixo Agurtzane,

Laia naiz, 14 urte ditut eta GALDUTA nago. Neska naiz, eta benetan ez dakit zer pentsatu ere nitaz. Bisexuala, neska, mutila, ez binarioa, trans, lesbiana…?
Alua daukat, nahiko ezezaguna da, eta nire gorputza be ez zait gustatzen. Ez daukat ezer ondo soinean denetariko arropa probatu ditudan arren. Eta ez pentsa!! batzuk oso ez ohikoak ere. “Nesken gauzak” gustatzen zaizkit, baina benetan liluratzen nautenak “mutilenak” dira. Tangak edo puntillazko kuleroak baino kuloteak edo kantzontzilo lakoak hobe. Lagunekin nagoenean, gusturago nago sarriegietan(?)

Mutilekin neskekin baino, esaten didate mutilen jokaerak ditudala, neskak erakartzen naute baina mutil batzuk be oso potenteak iruditzen zaizkit, …ai ez dakit nik ba. Zoratzen hasita nago, beharbada ez dut ikusten zer naizen ez daukadalako informazio nahiko, bestetik irakurtzen eta jasotzen dudan informazioak itotzen nau. Zer egin behar dut jakiteko nor naizen?

Kaixo Laia,
Eskerrik asko idaztearren.. Ez da harritzekoa galduta sentitzea, beharbada ez dena hain ohikoa da horrelako aitortza bat egitea. Are gehiago “informazio-garai” deitzen den honetan.

Gure bizitzatan zehar hainbat bider igarotzen ditugu ezjakintasunaz jositako garaietatik, baina badaude batzuk oso esanguratsuak direnak eta mundu guztiak zeharkatzen ditugunak, horietariko bat nerabezaroa da. Sarri entzuten ditugu horrelako mezuak, baina egia da zurrunbilo horretan murgilduta egon arte ez dakigula zer den. Zuk uste duzu ezagutzen dituzun denak oso seguru daudela? Beharbada modu horretan azaltzen dira, edo ikusten ditugu. Seguruenik ezagutzen zaituzten askok ez lukete pentsatuko ere, zu ezjakintasunak janda zaudela.

Gu garenarekin bat egitea , gu nor garen jakitea, edo gu gure buruaren gustukoa izatea, amaigabeko bidaia da. Galdetu ezkero zure senitarteko nagusien artean be, askok azpimarratuko lituzke horrelako hainbat sasoi, eta egun be badirenak baita be. Horren isla da gure gorputzarekin lotutako gorabeherak. Gure gorputzarekin gustura bizitzea ez da bat ere ibilbide makala. Ohikoa da gure genitalak ez ezagutzea, nahiz eta klasean, interneten ….hamar bat irudi ikusi, baina gureak beste kontu bat da.

Gure gorputza jaiotzetik eta hil arte aldatzen da, baina zuon sasoian eraldaketa estrukturala ematen da, eta ezegonkortasun horretan bizitzea ez da erreza be, are gutxiago daukagun kanpoko perfektua izatearen presioarekin …. Horretarako astiro, aurreiritzi gabe eta maitasunez ezagutzea da bidea. Erreza dirudi baina denbora behar izaten dugu gure burua maitatzeko.

Dena dela momentu honetan zuk gauza asko dakizkizu zuri buruz. Eta horiek ekarriko dizute behar duzun informazioa. Eta hori egonkortzea inportantea da, zurea den bidaiari eusteko.

Animatzen zaitut zerrenda eta gogoeta bat egitera:

  • Zer daukazun gustuko eta zer ez.
  • Zerk pizten zaituen gogoa.
  • Gogoa zerena da.
  • Zelan azaltzen da zure baitan.
  • Jabetu zelan egunaren arabera gauza batzuk aldatzen diren, bizitza aldakorra da.
  • Zeinekin zauden gustura eta zeinekin ez.
  • Zerk da gustura senti arazten zaituena.
  • Zenbatetan zaude gustura zaudenekin.
  • Zelan lortzen duzu ondo egiten zaituenekin egoten.
  • Zenbatetan borrokatzen duzu sentitzen duzunaren kontra
  • Zelan da bat egitea sentitzen duzunarekin
  • Eta abar luze bat.

Arnasa hartu eta goxotasunez begiratu aske senti arazten zaitu horretan. Askatasunez. Jokaerak, arropak, begiradak, jarrerak, esanak, erakarpenak, aluak, mutilak, ezpainak, desirak, jarrerak…ez dira inorenak…denonak baino.

Azken finean, gu zer garen eramaten gaitu barneko estruktura batera, zuk baino ez duzuna identifikatuko. Eta erantzunak astiro bada be helduko zaizkizue. Uste dut asko daukazula eginda. Beharbada denbora behar duzu zaren modukoarekin bat egiteko. Ez da hain garrantzitsua etiketa bat ipintzea. Beharbada etiketak laguntzen gaitu sentiarazten gaituelako zeozeren parte garelako, laguntzen bidean leku bat izateko, eta batez ere etiketa horren pean “normalak” galera sentitzen. Eta ez da gutxi, baina orain daukazunari so.Eta horiek emango dizu behar duzun izenak.

Garrantzitsuena zurea.

ZU ZARA LAIA!

Agurtzane ORMATZA

2025, Urtarrila 07
Arloa: Jo ta jo