Aplikazio libreen bila
Mugikor adimendunak (Smartphoneak) gure ingurunean zabaldu zirenetik, ohikoa dugu Interneten erabilera sakelako aparatuarekin lotzea. Bilaketa bat egin, mezu bat bidali edota aplikazio bat erabiltzeko, Interneterako sarbidea behar izaten dugu eta aplikazioak ere horren eredu dira. Baina zertarako erabiltzen ditugu aplikazioak? Zenbat ditugu gure mugikorrean? Nondik eskuratzen ditugu?
Mugikorreko aplikazio bat aplikazio informatiko bat besterik ez da eta, berari esker, hainbat funtzio egin daitezke. Aplikazio bakoitza gauza desberdinetarako erabil daiteke, mota askotako aplikazioak aurki baititzakegu. Hasierako mugikorretan adibidez, ohikoak ziren jolasera bideratutako appak. Horren eredu dira, besteak beste, Tetris eta Snake jokoak, biak ala biak 90eko hamarkadaren erdialdean garatuak. Gaur egun, gure mugikorretan gehien izaten ditugun aplikazioak nabigatzailea, posta elektronikoa edota egutegiak izaten dira. Askotan, defektuz daude instalaturik mugikorretan eta ezin izaten dira ezabatu, beste batzuk, aldiz, kendu egin ditzakegu.
Aplikazio hauek eskuratzeko, norberaren mugikorreko sistema eragilean oinarritutako dendatik instalatu behar izaten dira. Androiden kasuan, adibidez, Google play dago eta, Appleren kasuan, berriz, App Store. Bi kasuetan, aukera dugu bai doako aplikazioak baita ordainpekoak instalatzeko ere. Normalean, aplikazio denda hauetan, instalatu nahi ditugun aplikazioei buruzko informazioa eskaintzen da: garatzailea zein enpresa den, zein datu eskuratzen dituzten, azken eguneraketa data... Aplikazio bat instalatu aurretik, gomendagarria izaten da informazio guzti hori irakurtzea, gerta daitekeelako gure pribatutasunaren kontrako erabilerak bultzatzea aplikazioaren bitartez. Aplikazio batzuen kasuan, urrats hauek saltatzen ditugu. Aplikazioa gure konfiantzazkoa baldin bada edota behartuak bagaude horiek instalatzera, ez diogu jaramonik egiten informazio guzti horri. Hala ere, kasu batzuetan, gerta daiteke aplikazioa guztiz ezaguna ez izatea guretzat. Kasu hauetan, gomendagarria izaten da aplikazioari buruz jaso dezakegun ahalik eta informazio gehiena jasotzea. Bereziki garrantzitsuak izaten dira eguneraketarena eta balorazioena. Lehenarekin, ikus dezakegu zenbateraino dagoen aktibo aplikazio bat; zenbat eta eguneraketa berriagoak izan orduan eta hobeto. Bigarren kasuan, erabiltzaileek aplikazioarekin izan dituzten esperientzia positiboak edo negatiboak ikusi ahal izango ditugu. Hala ere, gomendagarria izaten da ezagunak zaizkigun aplikazioekin ere informazio guzti hori aztertzea.
Hala ere, mundu digitalean gaudela, gerta daiteke aplikazio bat instalatu beharreko momentuan beste irizpide batzuk ere kontutan hartzea. Esan dugun moduan, aplikazioak aplikazio informatikoak dira eta, ondorioz, algoritmo bidez funtzionatzen dute ia denek. Enpresak daude horien atzean eta, modu batera edo bestera, errentagarritasuna eskuratzea dute helburu. Doako aplikazioen kasuan, datuen bitartez egiten dute negozioa. Klik bat, beste klik bat, sarrera bat, zerbait bilatu... dena datuak dira. Egindako bilaketa eta sarrera bakoitzeko datu asko jaso ditzakete enpresek. Hala ere, badira irabazi asmorik gabe sortzen diren aplikazioak: software librean oinarritzen direnak hain zuzen. Software libreak aukera ematen digu produktu edo zerbitzu bakoitza nola sortuta dagoen aztertzeko, eta zein nolako erabilera egiten duten ikusteko ere, gardentasun osoz. Firefox, adibidez, honen adibide nabarmena izango litzateke. Baina non topatu mota honetako aplikazioak? Batzuk App Storean edota Google Playen aurki ditzakegu, hala ere, bada software libreko aplikazioak bakarrik deskargatzeko aukera eskaintzen duen biltegi bat: F-Droid.
F-Droid software librean oinarritzen den biltegi bat da eta, bertan, software librean sortutako aplikazioak daude bakarrik. Badu aplikazio bat Android gailuetan instalatu daitekeena eta bertatik arakatu eta instalatu daitezke aplikazioak. Edo bestela, F-droid webgunearen bidez egin daiteke bilaketa eta deskarga. Mota askotako aplikazioa topa daitezke bertan eta, horretaz gain, bakoitzaren garapenari buruzko informazioa ere eskaintzen da.
Beste motatako aplikazioak topatu nahi ezkero, oso biltegi interesgarria da F-Droid. Bota begirada eta ea alternatibarik aurkitzen duzuen.