WiFi publikoak, konektatu ala ez konektatu, horra hor auzia

Gaur egungo mugikor adimendunen funtzio asko erabiltzeko ezinbestekoa da sareko konexio bat izatea. Mezu aplikazioen bidez mezuak bidali, posta elektronikoak jaso, bilatzailean bilaketak egin... guzti hauek egin ahal izateko Internetera konexioa izan behar dugu. Etxe askotan ohikoa da router bitartez WiFi konexio bat edukitzea, baina zer egin kalean gaudenean? Mugikorreko datuekin agian ez da nahikoa, eta WiFi publikoak erabiltzea aukera bat da. Baina nola jokatu hauekin? Nola babestu gure buruak (eta mugikorrak)?

Kalean, taberna edo denda batean gaudenean, eta mugikorra erabili nahi dugunean mezu, bilaketa edo aplikazio batean sartzeko, Internetera sarbidea behar izaten dugu. Daturik ez dugunean, WiFia erabiltzeko tentazioa sartzen zaigu eta hurbilen dugunera konektatzen gara. Normalean, pasahitz bat sartu behar izaten da edota baldintza batzuk onartu. Prozesu guztia egin ondoren listo, konektaturik gaude. Hemendik aurrera, kontutan izan behar dugu sare baten barruan sarturik gaudela eta, ondorioz, sare horren jabearen “baldintzak” eta “arauak” onartzen ditugula. Etxean WiFi konexiorik badugu eta bertara konektatzen bagara, ez dago arazorik, jabeak gu garelako. Kalean, ordea, ez da horrela gertatzen. Gehienetan ez da arazorik egongo, baina gerta daiteke WiFiaren jabeak beste asmo batzuk izatea. Oso erraza izango luke gu zertan gabiltzan jakitea. Gainera, sare berdinera konektatuta dauden beste erabiltzaileek ere gauza bera egin dezakete (jakintza teknikoak baldin badituzte noski). Horregatik, WiFi publiko batera konektatzera goazenean, hainbat gauza hartu beharko genituzke kontutan:

  • Bat. Ez sartu gauza pribatuak egitera sare hauen bitartez.

  • Bi. Ahalik eta ekintza gutxien egin sarean. Gauza (oso) puntualak bakarrik egiteko erabili WiFi publikoa.

  • Hiru. Webgune seguruetan zabiltzala ziurtatu (URL erreala dela ikusi).

  • Lau. Ahal dela, ez erabili sare publikorik.

WiFi publiko batera konektatu ondoren, gure mugikorrek gorde egiten dute bere helbidea, horrela, bertatik pasatzen garen hurrengo aldian, gogoratu egiten dira bertan izan garela eta automatikoki konektatzen gara. Etxean berdin gertatzen da; gure mugikorra automatikoki konektatzen da WiFira, sarbiderik eman behar izan gabe. Hala ere, kaletik goazen aldiro WiFi publikoetara etengabe konektatzen bagara baliteke, mugikorrean, sare publiko ugari pilatu izana, behar ez ditugun edo agian hain seguruak ez diren asko barne. Erraza izan daiteke edonorentzat, gure konexioak zeintzuk izan diren jakinda soilik, non ibili garen jakitea. Aitzitik, WiFi publikoetako jabeek erraz jakin dezakete zein mugikor konektatu diren euren sareetara. Azpiko irudian ikusiko duzuen irudi antzeko bat ikusiko lukete jabe horiek (bertan, zein mugikor konektatu diren ikus daiteke, gailu bakoitzaren izen eta deskribapenekin). Garrantzitsua da WiFi sare publikoetara konektatu ondoren horiek mugikorretik kentzea, arazorik ez izateko eta baita norbere pribatutasuna mantentzeko ere.

Beharrezkoak ez ditugun WiFi helbideak ezabatzeko, hainbat urrats jarraitu behar ditugu. Mugikor bakoitzean desberdina izango da prozesua, baina antzekoa izango da kasu gehienetan. Android mugikor baten kasuan, normalena, WiFi edo konexio ezarpenetatik bideratzea izango da prozesua.

Behin WiFiaren ezarpen aurreratuetan sartuta, hainbat aukera ikusiko ditugu. “Kudeatu sareak” atalean sartuta, konektatu izan garen sareak ikusiko ditugu.

Behin sareak ikusita, bakoitzean klik eginda, ezabatu ahal izango ditugu.

Garbiketa hau egiteko, kontutan hartu beharko genuke ea sareak fidagarriak diren guretzat, eta bestetik, berriz erabiltzeko perspektiba dugun. Ez badira baldintza hauek betetzen, egokiena, horiek ezabatzea litzateke. Egokiena, sare fidagarrienak eta gertukoenak (etxeko WiFia) bakarrik mantentzea litzateke.

Prozesu hau oso erabilgarria da konektatzen garen sareez jabetzeko. Lana suposatu dezake hasieran, baina ahaleginak mereziko duela ikusiko dugu.

Mattin Solis

2025, Uztaila 30
Arloa: Sarean