Eriz Magoa - "Haurrak dira publiko zailena, baina gehien eskertzen dutenak ere"

Eriz Magoak urteak daramatza ikuskizun munduan murgilduta. Bere espezialitatea magiarena da, eta heldu zein gaztetxoei zuzendutako emanaldiak eskaintzen ditu. Magia munduan gehiago ezagutu nahi izan dugu eta berarekin elkartu gara horretarako. 

Gaur egun Eriz Magoa bezala aritzen zara, baina, nola hasi zinen ikuskizun munduan?

Ni gaztea nintzenean oso txarra nintzen futbolean, baita nire adineko jendeak egiten zituen gauza arruntetan ere. Garai haietan, sortu zen telebista programa bat Chan Tatachan izenekoa, Juan Tamarizek gidatzen zuena. Pixka bat lehenago, Cajón Desastre egoten zen ere telebistan eta flipatu egiten nuen. Niri kartak betidanik gustatu izan zaizkit, beti aritzen nintzen jolasean, baina konturatu nintzen magia zela gustatzen zitzaidana. Orduan, telebistan ikusten nituen programa horiekin engantxatu egin nintzen eta esan nuen “Nik hori ikasi behar dut”. Kasualitatez, Errenterian bazegoen denda bat liburu zaharrak saltzen zituena eta han magiako liburu bat zegoen. Liburua erosi nuen, goitik behera irakurri eta anaiari trikimailu bat egin nion. Momentu horretan sugearen pozoia sartu zitzaidan barruan eta hori kentzea oso zaila izaten da. Ordutik magia munduan aritu izan naiz.

Zergatik magia? Zer ematen dizu?

Niri magiak bi gauza ematen dizkit, berdinak baina aldi berean desberdinak direnak. Niri, benetan, gehien gustatzen zaidana da joko bat hartu eta probatu, landu, aritu, proba bat egin... Egon naiteke urte bat joko batekin lanean publiko aurrean aurkeztu aurretik. Horrek satisfazio handia ematen dit, atzean lan bat dagoelako. Behin publiko aurrean egiten duzunean, lan horren fruituak jasotzen dituzu, eta polita da prozesu hori, atzetik lan asko egin duzulako. Gaur egun, Internet bidez edozein trikimailu ikasi dezakezu, trukoa nola egiten den alegia. Trukoa egiten duzu jende aurrean eta oso ondo, jendea txundituta gelditzen da, baina zuk ez diozu ezer jarri zure aldetik. Orduan satisfazioa ez da horren handia. Lanketa norberak egiten duenean, aldiz, politagoa da, jokoa norberarena delako, eta hori da gustatzen zaidana.

Bigarrenik, magoak magia egiten hasten garenean, ez zaigu magia haur txikiekin egitea gustatzen publiko berezia delako. Hala ere, niretzat, 25 urte ikuskizun mundua aritu ondoren, haurrekin ikuskizunak egitea gauzarik politenetakoa da. Haurrek dituzten ideiak, pentsamenduak, azkartasuna... berezia da. Haurrekin egiten ditudan ikuskizunak pila bat disfrutatzen ditut, zeren beti zerbait berria ikasten dut. Hala ere, aldi berean, publiko gogorrena ere bada. Ondo egiten baduzu asko emango dizute, aldiz, 3 minututan aspertzen baldin badira, akabo, izorratuta zaude.

Orduan nire bi satisfazioak dira magia berriak ikastea eta nirera ekartzea eta, bestetik, haurrekin zaudenean ematen dizuten emozio eta sentsazio hori.

Haurrekin egotea gustatzen zaizu, baina helduentzako ikuskizunak ere egiten dituzu. Zein da publiko zailena, helduak ala umeak?

Magia helduentzat sortu zen hasiera batean; haurren historia laburragoa da. Gaur egun asko egiten da haurrentzat, baina duela 25 urte gutxi ginen Euskal Herrian. Hemen haurrentzako magia egiten hasi ginen bereziki Txan Magoa, Marsel Magoa eta ni neu, eta hizkuntza berri bat ikasi behar izan genuen. Guk helduentzako magia ikasten genuen, dena gaztelaniaz edo ingelesez zegoen, eta haurrentzako ez zegoen ia ezer idatzita. Orduan horri buelta ematen hasi ginen eta haurrentzako magia hizkuntza sortu genuen.

Esaten da haurrak direla publiko zailena baina gehien eskertzen dutenak ere. Niri haurrekin aritzea gustatzen zait. Helduekin beste magia mota bat egiten dut eta beste satisfazio mota bat da. Nik ikuskizunak egiteko nahiago ditut haurrak baina, talde txikietan egiteko, helduak nahiago.

Nola ikusten duzu ikuskizun mundua gaur egun?

Nahiko gogorra. Krisi handi batean sartuta gaude (eta sartuko gara) kulturan, ez bakarrik magian. Kultura beti da murrizten den lehen gauza. Hala ere, beldur pixka bat ematen dit, orokorrean, kultur arloan dagoen bilakaera. Gaur egun oso erraza da formazioa lortzea (bai musikan, antzerkian edo edozein arlotan) eta, ondorioz, ez da behar bezala baloratzen ikasten dena; gauzak oso azkar ikasten ditugu. Honek, arte ekoizpenen kalitate eskas batera garamatza; kalitate aldetik, lortzen diren ekoizpenak ez dira horren landuak.

Magian, adibidez, Interneten informazio asko dagoenez, ematen du denok egin dezakegula dena, eta atzetik lan bat egon behar du ere. Ulertu behar da zer jartzen duen testuetan, nola egiten den magia, probatu... eta gaur egun ematen du bideo bat ikustearekin nahikoa dela; magia egiteko prest zaudela bideo bat bakarrik ikusita. Horrek pena ematen dit, baina ez bakarrik magia arloan, arte guztietan antzekoa pasatzen dela uste dut, eta horrek dekadentzia batera garamatza. Uste dut gizarteak horretara bideratzen gaituela gaur egun: kontsumo azkar horretara.

Eta zergatik egin izaten dituzu zure emanaldiak euskaraz?

Gehien bat nire hizkuntza delako. Egia da helduentzako ikuskizunak egiten ditudanean erosoago sentitzen naizela gaztelaniaz, baina, haurrekin egiten baldin badut, erosoago aurkitzen naiz euskaraz. Askotan gertatu izan zait Euskal Herritik kanpo joan eta gaztelaniaz egin behar izatea haurrentzako ikuskizuna, eta oso ondo, baina nik nabaritzen dut zerbait falta zaidala. Helduekin arazo gutxiago dut moldatzeko, baina haurrekin kostatzen zait. Haurrekin nagoenean beti ateratzen zait lehen hitza euskaraz izatea, orduan, arraroa egiten zait horrela ez den kasutan. Gainera, nire ikuskizunen %99 haurrentzako izaten dira, orduan erosoago aurkitzen naiz euskaraz.

Mattin Solis

2025, Ekaina 11
Arloa: Berba Bi