Komunitatean oinarritzen diren proiektuak

Sarean gauza asko topa ditzakegu. Esaten da Interneten dena dagoela. Baina egia al da?

Norberaren gustuen araberako gauzak aurki ditzakegu. Kirola gustuko baduzu, hamaika gune aurkituko dituzu horretarako. Musika gogoko baduzu, beste hainbeste. Hala ere, webgune asko topatu arren, bakoitzak bere berezitasunak izaten ditu. Edukia baino, beste gauza batzuk baloratzen baldin baditugu, adibidez proiektu bakoitzaren filosofia, ohikoa izango da batzuengatik hurbilago sentitzea eta, ondorioz, bertara joatea. Baina zer izaten da webgune bakoitzetik arreta gehien deitzen gaituena?

Proiektu batzuetan, erabiltzaileen interakzioa bilatzen da, beste batzuetan, aldiz, edukien kontsumoa besterik ez. Lehenengoen kasuan, hartzaileak proiektuaren parte direla sentiaraztea bilatzen da, horretarako mota desberdinetako jardunak bilatuz. Foro irekia, mezuak edo komunitatea sortzea izaten dira horien funtsa, horrela, komunitatea sortzearekin, talde fidel bat edo proiektuarekiko atxikimendua duen komunitate bat sortzen da. Bigarrenaren kasuan, edukiak besterik gabe eskaintzen dira, hartzaileengandik inolako interakziorik jaso gabe.

Mota askotara lortu daiteke komunitate izaera izango duen proiektu bat sortzea. Horretarako ere adibide ugari topa ditzakegu. Komunitatearen ekarpenei esker bizi diren proiektuak mota askotakoak izan daitezke. Adibide bezala, Wikipedia aurkitzen dugu, munduko entziklopedia libre handiena. Bertan, norbanako bakoitzak artikuluak modu librean sortu, moldatu eta erabili ditzake eta komunitatearen lanari esker existitzen da. Ez da mota honetako proiektu bakarra, OpenStreetMap-ek ere antzeko moduan funtzionatzen duelako. Kasu honetan, mapa libre bat da, non, komunitatearen lanari esker, mapa elikatzen joaten den, erabiltzaile bakoitzaren ekarpenari esker. Beste proiektu asko ere aurki ditzakegu, baina kasu honetan iNaturalist ikusiko dugu, bioaniztasuna oinarri, komunitatearen lanari esker elikatzen den proiektu zientifikoa.

iNaturalist-ek gure inguruko landare eta animaliei buruzko informazioa jasotzen du, jendeak egindako ekarpenei esker, eta oso modu errazean erabil daiteke. Bere funtzio nagusi bat argazki bidezko identifikazioarena da. Mugikorrarekin landare bati argazkia atera eta, aplikazioaren bitartez (iNaturalist edo Seek) zein landare espezie mota den esaten digu, berari buruzko informazio zehatza eskainiz. Hala ere, hori ez da iNaturalist-en funtzio bakarra. Bere indargunea komunitatean baitago, horregatik, proiektuaren bitartez, aukera dago beste erabiltzaileekin batera saretzeko eta baita elkarren artean eztabaidatzeko ere.

Norberak ere oso modu errazean egin ditzake bertan ekarpenak, izan ere, iNaturalist-en, munduko mapa bat eskaintzen da, landare edo animaliak zein txokotan aurki ditzakegun adierazten duena. Horrela, gutako bakoitzak, landare bat non topatu dugun adierazi dezakegu mapan bertan, bere argazki bat gehituz. Webgunean, landare edo animalien izenen bitartez egin daitezke ere bilaketak, edo mapa erabilita. Bi kasutan, espezie bakoitza non dagoen adierazi, bere izen zientifikoa eman eta Wikipediarekin lotutako informazioa eskaintzen da.

Komunitatean oinarritzen diren proiektuek laguntza asko eskaintzen dizkigute eta, horiekin, ikusten da nolako indarra duten elkarlanean egindako ekimenek.

Mattin Solis

2025, Ekaina 05
Arloa: Sarean