5 izartxo vs izartxo 1
Zenbateko balioa ematen diogu Google Maps bezalako mapetan agertzen diren balorazio sistemei? 5 izarrez puntuatua dagoen jatetxe bat izar batez bakarrik baloratuta dagoena baino hobea da? 5 izarretako lekuak bakarrik bisitatzen ditugu? Nola fidatu balorazio horietaz? Gaur egun, erraza da beste erabiltzaileen gomendioak irakurri eta horren araberako erabakiak hartzea. Hala ere, puntuazio maximoak bakarrik begiratzen ditugu, normalean. Pertsona ezezagunek egindako balorazioetan bakarrik oinarritzen gara non jan erabakitzeko. Imajinatu izar batez baloratutako ekarpenak bakarrik azalduko balira mapetan. Zer gertatuko litzateke? Hori da !MedienGruppe Bitnik artistek egin dutena 1 star Review Tour nabigatzaileko gehigarria sortuz.
Gehigarri honek Google Maps-en berrikuspenak iragazten ditu izar bakarrez baloratutako ekarpenak erakusteko bakarrik. Gehigarria sortu duten artisten iritziz, online puntuazioek, leku bati dugun aurre pertzepzioan eragin zuzena dute. Kasu honetan, puntuazio altuetan oinarritzen gara nora joan edo ez joan erabakitzeko. Zein da inguruan dudan jatetxerik, dendarik edo lekurik onena? Mapan begiratu eta 5 izarrez baloratutako txokoak besterik ez ditugu bisitatzen. Modu honetan, besteek egindako balorazioek gugan eragiten dute eta aurreiritziak sortzen dizkigute, erabaki bat edo beste hartzeko. Ezagunak zaizkigun inguruetan agian ez du gugan eraginik, baina ezagutzen ez ditugun hiri edota herrietan, zergatik bisitatu modu subjektiboan oso ongi baloratuak izan diren lekuak?
Kontutan izan behar da, gainera, komertzio askotan, Googleren balorazio horiek erosi egiten direla. Enpresa edota elkarteek, 5 izarrez baloratuak izan daitezen, ordaindu egiten dute. Honek erakusten du balorazio horien atzean askotan ez dagoela benetako bezerorik, sistema nahierara manipulatzen duten aktore ezkutuak baizik. Horrela, beti fidatu behar al gara erabiltzaile anonimoek diotenaz?
!MedienGruppe Bitnik artistek sortutako tresnak, normalean bisitatuak izaten ez diren lekuak ikusteko aukera ematen digute. Bestalde, gure herri edo hiriak bisitatu dituzten turistek gure ohiko lekuez duten iritzi txar edo negatiboak nolakoak diren ezagutzeko aukera ere ematen digu gehigarriak.
Ariketa interesgarriak planteatu daitezke gehigarri honen bitartez. Besteak beste, gure herri edo hiriko bisita gidatu bat egitea, gure txokoetako lekurik bisitatuenetara joz eta jendeak leku horietaz utzitako kritika negatiboak bakarrik irakurriz. Aukera ona izan daiteke kanpotik gure lekuez duten ikuspegia zein den ezagutzeko.
Saia zaitezte denbora bat hartzen eta gure txokoak beste perspektiba batetik ikusten, seguru sorpresak hartuko dituzuela. Agian onak ere!