Udaberria bertsotan 2025
Maiatzaren zortzian hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Zortzi saio bikoitz jokatuko dira maiatzeko eguenetan. Sarrerak eskuragai daude bertsosarrerak.eus atarian.
Aurten txapelketa urtea da Bizkaian, udaberrian zein udazkenean. Hain zuzen ere, maiatzaren zortzian hasiko da Udabarria Bertsotan ekimena, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea.
Maiatzeko ostegunetan izango dira saioak, guztira zortzi, saio bikoitzak izango baitira: egun eta ordu berean, bi herritan jokatuko dira saioak. Bertan, 48 bertsolarik abestuko dute, A eta B multzoetan banatuta. Gutxienez 20 bertsolarik lortuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako pasea.
Eskolarteko sariketa abian
Udaberrian egingo dira eskolarteko kanporaketak herrialdez herrialde. Ekimenaren helburua, gazteek jendaurrean bat-batean kantatzea da
Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarrekin antolatzen duten ekimen honek gaztetxoei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera emateaz gain harremanak egiteko, eta hurbilekoak bertsozaletzeko lehen plaza eskaintzen die.
Herrialdez herrialde, Gipuzkoan dagoeneko jokatu dira kanporaketak Errezilen, Aretxabaletan, Amasan eta Aizarnazabalen. Finala Azpeitian izango da, apirilaren 4an, Elikagunean.
Nafarroan, bi kanporaketa izango dira: Doneztebeko Herrigunean bata, eta Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean, bestea. Finala apirilaren 11n izango da Irurtzunen.
Bizkaian lau kanporketa jokatu dira: Galdakaon, Gordexolan, Igorren eta Durangon, hurrenez hurren. Aurten, berrikuntza gisa, idatzizko finala bi egunetan banatuko dute: maiatzaren 30ean izango da Lehen Hezkuntzako 6. mailakoen finala eta maiatzaren 31n nagusiagoena. Bat-bateko finala ere martxoaren 31n izango da. Biak izango dira Iurretan.
Araban Aramaion, Gasteizen eta Kanpezun izango dira kanporaketak eta finala maiatzaren 24an izango da, Aramaioko kultur etxean, 19:00etan. Txikien saioa ere egun berean izango da.
Iparraldeko gazteek sailkatze saio bakarra izango dute, eta finala, berriz, ekainaren 7an izango da Itsasun.
Herrialde bakoitzetik sailkatutako gazteek Euskal Herriko finala jokatuko dute: ekainaren 14an izango da Arantzan (Nafarroa), 16:30ean hasita.