Luix - "Tokiko moneta batek tokiko ekonomia indartzen du"
Luix Intxauspe Gizartearen Moneta iniziatibaren koordinatzailea da. Proiektuaren asmoa, mugaz gaindiko moneta osagarri bakarra sortzea da eta, horretarako, Ipar Euskal Herrian martxan dagoen euskoa hartu dute oinarri bezala. Orain, proiektu pilotu bat aurrera eramateko lanetan dihardute; zehazki Baztanen eta Oarsoaldean. Luixekin solasean aritu gara proiektua hobeto ezagutu eta iniziatibaren asmoak gertutik jasotzeko.
Ezerekin hasi baino lehen, zer da Gizartearen Moneta?
Hego Euskal Herrian tokiko moneta bat sortzeko proiektua da. Gure erreferentea, eta oinarria, Ipar Euskal Herrian euskoak duen esperientzia eta ibilbidea da. Orduan, nolabait, euskoak duen esperientzia kontutan hartuz, hori Hego Euskal Herrian nola bideratu dezakegun aztertzea da asmoa. Horretarako, Gizartearen Monetatik planteatzen ari garena da, bi esperientzia pilotu egitea: bat Baztanen eta, beste bat, Oarsoaldean. Behin esperientzia hauek egin ondoren, asmoa zabaltzea izango litzateke.
Badago munduan antzeko beste eredurik?
Bai, tokiko moneta asko daude. Europan, adibidez, asko daude: Frantzian, Alemanian, Italian, Ingalaterran, Espainian... Hala ere, guztietan, euskoa da Europako potenteena. Datu batzuk ematearren: 4,3 milioi eusko daude zirkulazioan gaur egun, 1.400 enpresa baino gehiago daude euskoaren zirkuituan, 4.300 erabiltzaile norbanako daude, 38 Herriko Etxe... Guztira, ia, 6.000 eragilek hartzen dute parte. Euskoa potenteena izanik, eta gertutasunagatik, etorkizun batean, mugaz gaindiko moneta osagarri bakarra sortu nahiko genuke. Horregatik ari gara orain bi esperientzia pilotu egiteko lanean.
Zergatik bertako moneta sortzeko asmoa? Zer da bultzatu nahi duzuena?
Beste esperientziek, eta bereziki euskoak, erakutsi digutena da badutela eragin positibo bat lurraldean. Hori dela eta, Oarsoaldeko garapen agentziak, Oarsoaldeko udalek edo Baztango udalak hori nabarmentzen zuten gure esperientzia pilotua euren herrietan egiteko. Azken finean tokiko moneta batek tokiko ekonomia indartzen du. Oarsoaldean tokiko moneta bat sortzen baldin badugu, eta tokiko moneta hori gure komertzio, enpresa, ostalaritzan edo zerbitzutan erabili baldin badezakegu, horrek zirkuitu itxi bat sortzen du eta, erabilera horrek, aberastasuna lurraldean bertan uztea eragiten du. Gaur egun euro 1 erabiltzen duzunean, batek daki hori nora doan. Tokiko moneta batek bertako ekonomia indartzen du. Gainera, normalean, tokiko moneta hauek, badute beste ekarpen sozial bat. Euskoaren kasuan, adibidez, %3ko ekarpen sozial bat du: nik urtean gastatzen ditudan euskoen %3, euskoko parte diren elkarteen artean bana ditzaket. Iaz, adibidez, euskoak 75.000 eusko banatu zituen 55 elkarteren artean. Batzuk 200-300 euskoko dirulaguntza jaso zuten eta, beste batzuk, 4.000tik gorakoa.
Euroaren ordezko izateko asmoa duzue?
Berez, tokiko moneta hauen asmoa ez da hori. Espainian legez arautua dago tokiko moneta osagarriak bezala. Horrek esan nahi du, euroaren osagarri direla. Estatu bakoitzean dauden monetaren osagarriak dira. Orduan, ez du ordezkapena bilatzen, bizikidetza baizik. Gauza da, norbanakoak tokiko moneta erabili dezakeela esparru edo sare batzuetan eta, beste kasu batzuetan, euroa erabili beharko duela. Ez du ezer ordezkatu nahi, bestearen osagarri izan nahi du, besterik gabe.
Zer egin dezakete herritarrek parte hartzeko? Nola lortu tokiko moneta?
Gaur egun, euskoak, hiru erabilera posible ditu. Batetik billeteak edo kupoiak, hau da, paperezko diru klasikoaren antzera jokatzen duena. Hori trukatzeko, komertzio edo denda jakin batzuk egoten dira, non dendari 50€ eman eta bueltan 50 eusko jasotzen diren. Hau da hasieratik, 2013. urtetik, martxan dagoen sistema. Beste bat da txartel digitalarena eta, azkenik, aplikazioarena dago. Gaur egun, aplikazio mota bidezko ordainketak asko handitu du euskoaren erabilera. Sistema hau oso sinplea da. Aplikazio bat deskargatu behar duzu mugikorrean eta, horrekin, ordaindu dezakezu bai komertzioetan eta baita partikularren artean ere. Kode barra bat daukagu eta horren bitartez ordaindu daiteke, Bizum sistemaren antzera. Gurean herritarrekin, eragileekin eta egitasmoko partaide guztiekin batera aztertu eta erabaki behar dugu . Hala ere, oraindik lan asko daukagu egiteko. Proiektuak bere finantziazioa behar du; aspektu juridikoa landu behar da (moneta hauek Espainiako bankuaren baimena behar dute); banketxeekin ere harremana landu behar dugu tokiko moneta bakoitzeko euroak gordetzeko berme sistema bezala... Gero, erabiltzaileentzat, prozesua erraza izango da, aplikazio besterik ez dutelako deskargatu behar izango, baina, aurretik, lan handia egin behar dugu guk.