Eider - "Literatur jakintza ikuspegi zabal batetik lantzen saiatzen naiz"

Eider Perez Martinez literatur eta arte munduan dabil lanean. Gaur egun, Errenteriako Herri Arte Eskolan dihardu eta Mejillon Tigre kolekitboko partaide da ere, besteak beste. Bere jarduna ezagutuko dugu ondorengo lerroetan.

Literatur munduarekin beti egon izan zara loturik. Zerk bultzatu zintuen mundu horretan sartzea?

Beti egon izan naiz literatur munduari edo arte munduari lotuta eta, uste dut, izan dela, alde batetik, izaera kontu batengatik bereziki, instintiboki agertzen den zerbait dela (batzuei logika matematikoak erakartzen dien bezala, niri artearen abstrakzioak erakartzen nau). Beste alde batetik, ordea, beste faktore batzuek eragina izan dute niregan. Nire etxean txikitatik musika asko entzun da, liburuak beti egon dira, antzerki asko ikustera eraman naute, zuzeneko kontzertuetara, arte lanak egon dira ere etxeko paretetan... Hor dago input bat nahi gabe barneratzen dela norberegan, eta hori txikia nintzenean. Baina gero, nerabetan ere, idazten nuen, serieak ikusten nituen... eta egin nuen lagun talde bat horrekin oso lotuta zegoena, gaur egun ere nire literatur munduaren parte direnak eta, uste dut, zure afizioa eta maite duzun jendea batzen bada, ekuazio perfektua sortzen dela. Orduan, beti egon naiz lotuta, baina lotuta mantendu naiz ere ezagutu dudan jendearengatik.

Orain ere Mejillon Tigre kolektiboaren parte zara. Zer da bertan egiten duzuena?

Bertan, ahozgora irakurtzeko egina den poesia (spoken word) egiten dugu. Guk “Hitz esana” bezala itzuli dugu eta arte diziplina bat edo poesia molde bat da, ingelesez hitz egiten duten herrialdeetan oso hedatuta dagoena. Hemen errezitaldi ohikoak ezagutzen ditugu baina ez da berdina. Kasu honetan, idazten duzuna badakizu ahozgora irakurriko duzula eta, ondorioz, badaude arau batzuk errespetatu behar dituzunak poesia hori idazterako momentuan. Adibidez, beti idazten da bizipenetatik, inguruko errealitatetik, eta Ni-tik Gu-ra bezala idazten da, esperientzia pertsonaletatik kolektibora. Errekurtso literario batzuk erabiltzen dira (anaforak, errepikapenak...), erritmo bat mantendu behar da, hitz jolasak egiten dituzu, gorputza edo antzerkia sartzen da... orduan hori egiten dugu Mejillon Tigren.

Gero ere, hainbat gauza egiten ditugu: gidoiak, tailerrak, testuak... eta beste gauza asko ere. 2016ean hasi ginen honekin, beraz, laster 10 urte egingo ditugu. Gure lehen emanaldia "Autobiopraphikal" deitzen zen eta, orain, “Hitz esana” lantzen dugu.

Hitzarekin lotutako saioak ere eskaintzen dituzu Errenteriako Herri Arte Eskolan helduentzat, baina baita gaztetxoentzat ere. Zer lantzen saiatzen zara bertan?

Errenteriako Herri Arte Eskolan Hitzako irakaslea naiz eta antzerkiko klaseak ere ematen ditut, beste irakasle batekin batera. Nire kasuan, hitza (idatziz zein ahoz) barnebiltzen duen edozein arte diziplina lantzen saiatzen naiz. Literaturaren aldetik gauza desberdinak lantzen ditugu, baina modu teoriko edo praktikoan, nahiz eta batez ere alde praktikoa landu. Idazketa sortzailea ere lantzen dugu asko, idazteko ariketa proposamen asko eginez. Ahotsa ere lantzen dugu, hau da, testuak nola irakurri eta, bukatzeko, hitza edo hizkuntzaren lanketa egiten duten jolasak ere sartzen ditut. Orokorrean, literatur jakintza lantzen saiatzen naiz, beti ere ikuspegi zabal batetik abiatuta.

Horretaz aparte, hizkuntzaren trebetasuna lantzen saiatzen naiz, baina maila kognitibo batetik, eta baita sormen indibidual eta kolektiboa ere.

Gazteen artean horrelako arloak lantzea zer eskaintzen die? Garrantzitsua da?

Horrelako hezkuntza eskaintza egotea garrantzitsua dela uste dut, gazte, heldu zein umeentzat. Gazteetan zentratuta, iruditzen zait badutela premia eta, gainera, gustatzen zaiela. Horretaz gain, horrelako espazioak ez dira ohikoak eta arraroak dira beraientzat. “Hitza” eskolarekin lotzen dute asko eta, nire erronka nagusiena gazteenekin da ulertzea bertan egiten dena ez duela zerikusirik eskolan egiten dutenarekin. Berez, gazteei ongi esplikatzen bazaie nolakoa den irakasgaia, asko animatzen dira. Eskoletara joan izan naizenean hau azaltzera, gero asko animatu dira. Nik uste dut maite dutela hori eta erakutsi behar zaiela badutela aukera horretarako.

Nola ikusten duzu sorkuntza mundua gazteen artean?

Uste dut espazio gehiago egon beharko liratekeela sormena garatzeko. Errenterian zortea dago udal eskola publiko bat dagoelako artea erdigunean jartzen duena, baina ez da kasu orokor bat. Hala ere, uste dut, gazte jendea badagoela lanean gauzak sortzen (sormen egonaldiak, ikastaroak, egitarauak...) gazteak sormenean ari daitezen. Bestalde, horrelako ekitaldiak antolatzea garrantzitsua dela uste dut, izan ere, gero emaitzak ikusten direlako. Gaur egun euskal sorkuntzan dabiltzan gazte asko, aurretik egon dira horrelako espazioetan; jaso dituzte horrelako tailerrak. Uste dut hau dela berme nagusiena ikusteko horrek guztiak funtzionatzen duela. Zuk egin besteek egin dezaten.

Mattin Solis

2025, Urtarrila 28
Arloa: Berba Bi