Non kontsumitu euskarazko ikus-entzunezkoak?
Pandemia garaian ikus-entzunezko plataforma digitalek izugarrizko gorakada izan zuten, Netflixetik hasita, HBO, Filmin edo Amazoneraino. Horrela, euskarazko ikus-entzunezko gutxi topa genitzakeela konturatu ginen. Baina gutxi daude? Zaila da horrelako zenbaketa egitea eta beste hizkuntzekin alderatzea, euskarak inguruan dituen hizkuntza handiagoekin lehiatu behar duelako.
Hala ere, egoera honek ohartarazi gintuen euskarazko edukiak kontsumitzea eskubide bat dela ere eta, horregatik, euskarazko plataformak sortzeko ekimenak aurrera eman dira. Gaur egun, adibide bezala, Primeran plataforma daukagu, euskarazko “lehen” ikus-entzunezko plataforma. Lehen kakotx artean jarri dut aurretik beste batzuk ere sortu zirelako, oraindik martxan daudenak, eta komunitatearen bultzada eta lanari esker sortu eta mantendu direnak. Horren adibide da Euskal Encodings.
Euskal Encodings euskarazko pelikula eta telesailak biltegiratzen dituen webgune bat da, komunitatetik sortua eta komunitateari esker mantentzen dena. Ekimena 2003an sortu zen eta, bere asmoa, euskarazko edukiak eskaintzea da. Bertan, euskaraz dauden ikus-entzunezkoak bildu eta erdaraz daudenak euskaratzen ditu (bikoiztuta edo azpititulatua) eta horiek guztiak online zein deskargaturik ikus daitezke, denak doan. Bertan, denetariko edukiak kontsumitu daitezke. Batzuk zaharrak, baina badira orain gutxi estreinatutako film edo telesailak ere, katalogoa etengabe baitoa berritzen.
ZerNonIkusi euskarazko edukiak topatzen laguntzeko beste plataforma bat da. Streaming plataforma ezberdinetan euskaraz zer aurkitu daitekeen erraz kontsultatzen laguntzen gaitu, eta zinemetako estreinaldien inguruko informazioa ere aurki daiteke. Plataforma honek katalogo moduan funtzionatzen du, bertan, plataforma desberdinetan euskarazko zein film edo telesail topatu dezakegun erakusten baitigu oso modu errazean. Kategoriak, filtroak... denetarik du. Egunetik egunera berritzen doa bere katalogoa eta etengabe doa eguneratzen.
Bestetik, Makusi plataforma daukagu, Eitb-k haur eta gaztetxoei bideratuta sortu duen plataforma berria. Bertan, euskarazko edukiak doan kontsumitzeko aukera izango dute. Ordenagailu, mugikor zein tableten bitartez erabili daiteke, bere aplikazioa deskargatuta. Komunitate berri honetan entretenimendua da nagusi, euskaraz; eta etxeko txikienek modu seguruan biziko dituzte online esperientziak. MAKUSIk gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzeko aukera eskaintzen die haur eta gazteei. Honekin batera, Makusi kluba ere dago, gaztetxoei hainbat lehiaketetan parte hartu eta zenbait abantaila izateko aukera ematen diena.
Azkenik, aurretik aipatu dudan Primeran plataforma dugu. Aurreko urtean Eitb-k plazaratu zuen ikus-entzunezko euskal plataforma. Bertan, euskarazko film, telesail zein dokumentalak topa daitezke eta kategoria desberdinetan aurki ditzakegu guk nahi ditugun edukiak. Plataforma doakoa da, baina erregistro bat egitea eskatzen du, baldintza bakar bezala. Ordenagailu zein app bitartez kontsumitu daitezke bertako edukiak.
Ikusten den bezala, badira aukerak euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko. Orain, zein aukera baliatu erabakitzea da lana, eta hemen dituzue hainbat aukera.