Sistema eragileak euskaraz
Ordenagailu bat pizten dugunean, ohikoa izaten da Windows sistema eragilea pribatua duen ordenagailu bat erabiltzea, baldin eta Apple markako bat erabiltzen ez badugu behintzat. Pertsona gutxi batzuk jarri izaten dira bere ordenagailuari sistema eragile bat instalatzeko lanetan. Izan ere, aukera erosoagoa ikusten dugu jada bere softwarea instalatuta duen ordenagailu bat erabiltzea.
Gauza bera gertatzen da arlo profesionalean ere. Enpresek, zuzenenean, sistema eragile pribatuak instalatuak dituzten ordenagailuak erosten dituzte, beste aukerarik baloratu ere egin gabe. Berdin esparru publikoan ere, non hezkuntza zentroetan Microsoftek eta Chromebookek merkatu kuota ia osoa bereganatzen duten. Hala ere, badira software librean oinarritzen diren bi sistema eragile, hemen aurkeztu nahiko genituzkenak: Luberri eta Txikilinux.
Luberri sistema eragilea Donostiako Antigua-Luberri BHIn 2010ean sortu zen, oinarri bezala Linux sistema librea hartuta. Bere asmoa, hezkuntzara bideratutako sistema eragile libre euskaldun bat eskaintzea da, izan ere, bere ezaugarri nabarmenetako bat, guztiz euskalduna dela da.
Aipatu bezala, Luberri hezkuntzara bideratutako sistema eragile bat da, horregatik, arlo honetara bideratutako hainbat programa libre defektuz ekartzen ditu: Foliate epub irakurgailua, Freeplane buru-mapak, Heimer buru-mapak, Draw.io eskemak, GCompris hezkuntza jarduerak, Geogebra geometria eta KBruch zatikiak, GoldenDict hiztegi multzoa (euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa), KTouch mekanografia, Kalzium kimika (taula periodikoa, molekulen editorea…), Lumi jarduera interaktiboen editorea, Scratch programazioa, Stellarium astronomia eta Tux Paint objektuen marrazketa eta Mapak. Bereziki zaindu dira offline aplikazioak internet ez duten ikasleek jarduerak egin ahal izateko. Baina beste tresna batzuk ere baditu: audio eta bideo editoreak, bulegotika tresnak, nabigatzaileak...
Bere aldetik, Txikilinux 6-12 urte arteko ikasleentzat pentsatutako sistema eragile libre eta euskalduna da, Bilboko Harrobia ikastolan sortua. Luberri sistema eragilea bezala, hezkuntzara bideratuta dago eta, beste programa batzuen artean, hauek nabarmentzen ditugu: Gimp, Kdenlive, Audacity, Vokoscreen-ng, OBS Studio, Shortwave, Freetube...
Sistema eragile hauek instalatzea doakoa da, eta beraien wegbunetik bertatik instalatu daitezke. Gainera, horrelako softwareak instalatzen trebeak ez diren erabiltzaileentzako gidak eskaintzen dira. Beraien helburua sistema libre bat eskaintzea izaki, guztiz pertsonalizagarriak dira eta aplikazioak instalatu edo desinstalatu, eguneratu… daitezke erraz.
Bertako sistema eragileak erabiltzea librea da eta edonork instalatu ditzake, hezkuntzarako erabiliko ez baditu ere. Gainera, euskarazkoa eta bertakoak izanik, gure testuingurura egokitutako bi sistema eragile direla esan genezake. Aukera paregabeak sistema pribatu eta internazionaletatik ihes egiteko.