Eneko Gil Alberdi - "Dantza, meditaziorako modu potente bat da"
Eneko Gil Alberdi (Errenteria, 1985) dantzaria eta dantza-irakaslea da. Azken urteetan, dantzatzeaz gain, antzerkian eta koreografiaren arloan ikertzen aritu da, sorkuntzaren eta koreografiaren misterioa eta magia ulertzera iristeko asmoz.
Zure ibilbidea dantza munduarekin egon da lotuta. Nola hasi zinen? Zergatik dantza?
Dantzan, ikasten, 6 urterekin hasi nintzen Ereintza Dantza Taldean, txiki-txikitatik etxean mugimenduan nengoelako, dantza egiten ispilu aurrean. Gogoratzen dut nire amonaren etxean bazegoela pasilloan leiho bat. Bertan argiak jotzen zuen eta nire silueta ikusten zen pasilloan, eta horrekin jolasten nuen, dantza eginez. Gona bat ere janzten nuen eta egun guztia bueltaka aritzen nintzen. Orduan, gurasoek hori ikusita, dantzara apuntatu ninduten. Familian ere, nire aitaren izeba dantzari profesionala izan zen, Ereintzan ere irakasle izandakoa, orduan familian bazegoen dantzarekin lotura bat. Niri betidanik gustatu izan zait.
Gero, Ereintzan nengoela, 16-17 urterekin, Jon Mayak, bere lau ikaslerekin batera (ni barne), dantza taldea sortu zuen (Kukai), eta hor ezagutu nuen dantza garaikidea. Ezagutza berri honek dantzara gehiago engantxatu ninduen eta ikusi nuen aukera bat zegoela hortik zerbait egiteko. Aurrerago, Kukai dantza taldean nengoela, nire irakasle baten bitartez, audizio bat egin nuen Ertza konpainiarentzat; hartu ninduten, eta Madrileko lehiaketa batera joan ginen. Horrela, bidea egiten joan izan naiz, proiektu batetik bestera, pixkanaka.
Filologia ikasi nuen, baina aldi berean dantzan jarraitu nuen eta buruan aldi oro nuen dantza egin nahi nuela eta, zorionez, oraindik, dantzan jarraitzen dut. Azkenean, nire bizitza laboral erdia dantza izan da. Orain pixka bat helduagoa naiz eta beste bide batzuetara bideratu dit gorputzak, baina mugitzen jarraitzen dut.
Zer ematen dizu dantzak? Zer uste duzu eskaintzen diola dantzak gizarteari?
Askotan, beste dantzariekin hitz egiten, uste dut badaukagula, dantzariok, zerbait berezia: gustatzen zaigula jendeak guri begiratzea, erotismo puntu bat dagoela. Jolas moduko zerbait dela sentitzen dut, ez hainbeste jendearekiko, baizik eta, uste dut, gauza oso sentsorial bat dela. Barne bidai bat bezala bizitzen dut nik.
Askotan, uste dut, meditazio moduko zerbait bezala dela. Agian gehiegi esatea da, baina niri arima betetzen dit dantzak, beteta sentitzen naiz, jendeak kirola egiten duenean bezala. Pauta batzuk jarraitzen badira, eta zure gorputza askatzen baduzu, meditazio modu potente bat dela esango nuke. Egia esan, ez dut nire bizitza dantzarik gabe imajinatzen. Azken finean, betidanik dantzatu izan dut.
Gizarteari dagokionez, nire ustez, dantza bigarren mailan dagoen zerbait bezala ikusten da. Arte munduan ere baztertuena dagoena eta gutxien baloratzen den modalitatea dela iruditzen zait. Nik klaseak ematen dizkiet pertsona amateur-ei (pare bat talde ditut) eta, azken aldian, ikusi dut, jendea uzten bada, disfrutatzera iristen dela. Jendeak askotan esaten dit konturatzen dela gorputz bat daukala, pisu bat daukala, hori erabili dezaketela. Oso interesgarria da, 50 urteko pertsona bat dantzara apuntatzen baldin bada ere, ikusaraztea baliabideak dituztela dantza egiteko eta disfrutatzeko. Azkenean, gorputzarekin lotutako gauza berriak ikasteko tresna oso on bat da.
Hala ere, mutilen artean asko lotzen da feminitatearekin eta aurreiritzi asko daude oraindik horrekin, nahiz eta jendeak ezetz esan, baita emakumeen artean ere. Jendeak kulturarekiko interes gutxi erakusten du orokorrean.
Interpretazio munduan ere aritzen zara, zertan zabiltza orain?
Azkeneko urtean ibili naiz, batez ere, “Hondamendia” antzerki piezan. Ari naiz ere “Eresia” proiektu batean, performancetik gehiago duena. “Gazte” deitzen den beste pieza batean nago ere dantzari bezala. Eta “Hiru(3)” piezan ere banago. Azkenik, Oihana Varelaren “Plañideras” lanean ere dantzari bezala nago, baina testu piezak ere badituena.
Ni ez naiz kontsideratzen aktore. Bideak eraman nau horra, konturatu gabe, barne interes batek bultzatuta. Duela hiru urte lehen laborategia egin nuen Dantzaz konpainiaren bitartez eta, bertan, ikertzen saiatu nintzen nola erlazionatzen diren testuak dantzarekin. Egia esan, nik beldurra nion hitza erabiltzeari eszenario gainean, ez nuen ondo pasatzen. Hortik abiatuta, orduan, ikerketa bat egin nuen duela bi urte “Hitzezko hitzak mugimenduan” barruan: Fuck You Bertin. Hor ere testua eta mugimendua zegoen, eta orain ari naizen ikerketan ere. Gero joan nintzen Aulestiko antzerki topaketa batzuetara eta bertako antolatzaileek gonbidatu ninduten hurrengo antzerki obran aktore bezala parte hartzera, zeren dantzari bat ere nahi zuten, eta eskaini ninduten. Hori kriston esperientzia izan da, gogorra. Uste dut asko ikasi dudala, baina kriston kaña izan da: fisikoa, mentala... Harro nago nitaz ere, hori egin ahal izateaz, ez duelako dantzarekin zerikusirik, baina, aldi berean, ikusten dizkiot antzekotasunak dantzari eta interpretazioari.
Nik gustura jarraituko nuke interpretazio munduan. Norbaitek deitzen badit lanerako hartuko nuke, baina azken urtean faltan bota izan dut dantza.
Gorputzaren espresioarekin lotutako lana egiten duzu. Zer ematen du? Zer ematen dizu?
Ez naiz jarri inoiz horretan pentsatzen. Denok sortzen dugu zerbait lan egiten dugunean, baina gauza primario bat dela iruditzen zait, azkenean, zure gorputza delako, zure ahotsa delako... Eta horiek aukera desberdinak ematen dituzte gainera, ikusiz noraino sortu daitezkeen gauzak. Uste dut gozada bat dela gorputza erabiltzea, aukera asko eta anitzak ematen dituelako. Gainera, ez duzu ezer gehiagorik behar, zu zurekin nahikoa da.
Horretaz gain, beste pertsonekin aritzeko aukera ematen du ere, beste pertsonekin harremanak sortuz eta horiek landuz. Azkenean, beste pertsonak ere ezagutzen dituzu horrela eta erlazioak sortzen dira elkarrekin lan egiteko.
Orain, maskulinitateei buruzko ikerketa koreografikoa ere martxan jarri duzu. Zertan datza?
Ideia hau pandemia garaian hasi zen, duela hiru urte. Dantzaz konpainiakoek gonbidatu ninduten “Atalak” izeneko laborategi batera eta, bertan, hitza eta mugimendua nola uztartu ikusten hasi nintzen. Lan hau oso modu orokorrean egiten hasi nintzen, Youtubeko bideoak erabilita audio bezala. Bertan topatzen nituen elkarrizketak erabiltzen nituen eta, pertsonaiek hitz egiten zutenean, dantzariak mugitu egin behar ziren, eta hori ikertzen hasi nintzen; euren mugimendua. Ondo funtzionatu zuela ikusita, eta deialdi bat atera zela aprobetxatuz (ikerketa koreografikoari buruzkoa), ikerketa egitea erabaki nuen. Duela bi urte egin nuen beste ikerketan (Fuck You Bertin) maskulinitate toxikoa ikertzen hasi nintzen eta bertan gizonaren zaurgarritasunaren gaia azaldu zen. Ikerketa horretan berehala agertu ziren gorilak, simioak, parte hartzaileei galdetu zitzaienean zer den modu maskulino batean mugitzea. Hortik abiatuta, inprobisazio saioak egin nituen.
Ikerketa hau aurreko esperientzia kontutan izanda egiten hasi naiz, bigarren zati bat bezala. Kasu honetan, Triptiko zaurgarria (Vulnerable tryptich) deitu diot, haurtzaroa, heldutasuna eta zahartzaroa aztertzen ditudalako, eta nola etapa bakoitzean gizonen artean gizarte patriarkatuak eragiten duen ikertzen dudalako. Ikerketa honek beste gauza batzuetan sartzen eta ikasten lagundu dit, adibidez, feminismoarekin lotutako gauza gehiago irakurtzea eta aztertzea.
Ez dakit ikerketa honetatik zer aterako den, ikuskizun bat edo zer, edo nire izenean sortutako gauza bat edo ez... ikusiko dugu.