Txopet

Pasa den urtean ezagutu genituen Barakaldon, bertan ospatzen den “Hiriko Soinuak” maketa lehiaketaren irabazle suertatu ziren. Zuzeneko bizia, doinu sarkorrak eta jarrera eskenatoki gainean erakutsi zuten. Orain estreineko lan luzearekin datoz, “Nahiz eta Jausi” deiturikoa. Berezko estilo baten bilaketa naturala da dakarten proposamena, konplexurik gabe egina, naturaltasunez.

Abestiak estudioko bi saio ezberdinetan grabatu dira, tartean lau hilabete direla; denbora hori funtsezkoa da zuzeneko musika garatzeko eta hiruren artean daukaten musika estilo ezberdinen arteko oreka bilatzeko. Emaitza, hainbat genero eta musika ulertzeko eta sentitzeko moduen nahasketa izan da, doinu poperoetatik hasi eta post-hardcore edo post-punk doinuetaraino doaz beraien kantuak.

Grabazioen arteko prozesu horren erakusgarri da diskoaren hasiera bera, “Denbora Urtuta”, Txopeten lehenengo kantuetariko batekin hasita “Aiztoa Erakutsi”, diskorako konposatutako azken abestirarte doana. Enkore taldearekin ezagutu genuen eta egun Otoi taldearen buru den Urtzi Iza musikari eta soinu teknikaria arduratu da diskoaren ekoizpen lanetaz. Bere estudioan Eten Espazio Sonoron aritu dira, bertatik pasatu dira azken urteetan Euskal Herriko eszena berriak eman dituen talde interesgarrienetarikoak.

Diskoan azaltzen den moduan abestietan testura, geruza eta xehetasun ezberdinen inplementazioa bilatu dute nahasketa aberasteko. Irudiei dagokionez taldearen bideoklipak egiteko batetik Aitor Gametxoren laguntza izan dute eta bestetik Maitane Campos eta Nahia Novo aritu dira. Hirurak ere berezkoa duten estetika erabili dute abestiekin sentitzen dutena irudietara eramateko.

Gotzon Uribe

2023, Azaroa 14