Utzi nau

Kaixo Agurtzane,
Amets naiz, oporretan nago! Batxi 1 amaituta! Eta abuztuan neska laguna eta biok aukera genuen bere familiarekin kanpinean joateko. Astebete elkarrekin, eta neure gurasoek baimena eman zidaten, ni super pozik! Gainera aspalditik laguna eta biok gora behera asko izan ditugu, oso eztabaida sutsuak izaten genituen, eta inoiz harremana apurtu  eta atzera elkartu ere izan gara. Orduan, niretzako oporralditxo horrek emango zigun denbora elkarrekin egoteko, berba egiteko. Baina atzo jaso nuen whatsapp bat esanez moztu gure zuela, bazekiela ez zela bidea baina ezin zuela beste era batean egin, asko maite ninduela, hala ere hau zela hoberena biontzako. Lur jota nago, ez dut ezer ulertzen, aurrez aurre ezin zuen esan, whatsapp ziztrin batean azaldu behar. Negar baten nago, ez dut etxetik irten nahi, ez dut ezer ulertzen. Ezin bera ikusi, blokeatu dut whatsappean, eta baita be Instagramen ez dut gura ikusi inon ere ez. Mingarria da. Ondo egin dut?, berarekin batu beharko nintzateke?, ezin dut baina gura dut. Herriko jaiak hastear eta ez daukat batere gogorik parte hartzeko. Den denak pozarren, koadrillakoak hainbat ekintzetan parte hartzen, nire izena be emanda neukan…eta orain…ez daukat gogorik ezta indarrik ere ez. Zer egin dut?, zergatik gertatu da?, zer egin beharko nuke? Galduta nago.

Kaixo Amets,

Galduta egotearen sentsazioa, eta errua izatearen sentimendua egoera horrekin bat datozen bizipenak dira. Orain dela oso gutxi arte biok batera joateko gogotsu eta ilusioz beterik, eta bat-batean dena akabo. Bere whatsappa ez aditzea, edo berak emandako azalpenak ez konprenitzea, dena ulergarria da Amets. Kontraesanetan murgilduta egongo zara. Zelan ez!

Zure idatzia irakurtzerakoan konturatu naiz, antza denez, aspalditik egon zaretela eztabaida sutsuak izaten, eta inoiz harremana apurtu ere, apurtu zenutela. Seguruenik zergatia bilatu nahian gertaera horietara bueltatuko zinetela, beharbada hor aurkitu zenituelakoan erantzun batzuk. Ez dakit ezer topatu duzun. Zuen hartu-emanean hainbat zergati, pista, seinale daudela. Baina ez dira izango nahiko sentitzen duzun mina baretzeko, hor kausitu dituzun guztiak ez direlako nahiko izango. Buruak egindako galderaren ostean erantzun bat dagoelako eta horren ostean mina hain handia da beste galdera bat daukalako. Amaigabeko sorgin-gurpila, zorigaiztoa, ezer ez da erreza, ez da argia, ez da erabakigarria.

Seguruenik ez dakizu zein izan den azken arrazoia pausu hau emateko. Eta aldi berean ezaguna bezain mingarria egiten zaizu. Zer esanik ez moduak, berak agur esateko era.
Egun sare sozialak gure komunikatzeko baliabidea bilakatu dira. Sarri oso lagungarriak izan dira, gure sentimenduak errazago azaltzeko, gustuko dugun horrengana jotzeko, laguntasuna sakontzeko… Baina egia da sarri, bestelako sentipenak helarazten ere  laguntzen digula, ez garenean kapaz esateko, edo ez dugunean entzun nahi lagunak zer daukan esateko, edo oso mingarria egiten zaigunean gure erabakiaren erreakzioa ikustea… Distantzia sortzeko. Horrelakoak gertatzen direnean zailagoa izaten da zarratzea minaren amesgaiztoa. Eta norberaren erreakzioa horren arabera izaten da, sare sozialak blokeatzea, urruntzea fisikoki eta birtualki. Zelan ez! 

Ahal duguna egiten dugu gure minak baretzeko.

Momentu honetan, badakit zure buruaren jirabirei etena ematea oso zaila dela, baina beharbada gehien behar duzuna da lagunen besarkada, euren isiltasuna, eurekin egotea , ahal duzunean berba egiteko sentitzen duzunari buruz… Zure mina begiratu behar duzu, arnastu, askatu, atera … Zure logelan zeure bakardadean, eta batez ere zure lagun artean edo senitartekoekin. Eta sentitu, orain hori da tokatzen dena, ez saihestu buruaren galdera guztieei erantzuna bilatzearren. Tristezia eta amorrua daude zure  baitan, maitasuna, desilusioa….den dena da horren parte. Ezin zara ondo egon, baina maite dituzunen laguntasunak okerrerantz ez joatera lagunduko dizu.

Ez dakit noiz izango den zure mementoa berarekin berba egiteko, ez dakit berak ahal edo nahi duen zurekin berba egitea. Ez dakit bien ezaugunak diren lagunak dituzuen dituzuen batak bestearen berri izateko.

Baina bitartean, idatzi egunero zure mina baretzeko, lantzean behin imajinatu berarekin zaudela hitz egiten eta barruan daukazun guztia kanporatzen duzula. Gero idatzitako bota zazborretara…. Egunero. Beharbada mementoren batean aukera izango duzue elkarrekin berba egiteko, argitzeko, eta batez ere elkar entzuteko eta bakoitzak esan behar duena esateko. Beharbada ez da izango nahikoa, edo ez du ezer aldatuko, baina sikieran elkar entzunak izatea eta norbera berea esatea ez da gutxi Amets!

Berba hauek guztiak, seguruenik ez dira nahikoa izango zure mina baretzeko, hemen doakizu nire besarkadarik beroena!

Agurtzane
 

Igor Elortza

2023, Urria 25
Arloa: Jo ta jo