Sare sozialen etorkizuna

Denok ezagutzen dugu sare sozialen bat. Noiz edo noiz sortu dugu konturen bat sare sozialen batean eta dohainik izaten dira normalean. Guretzat dohainik izatea ohikoa den arren, hau da lehen puntu arraroena. Izan ere, zerbitzu horiek guri eskaintzeko zerbitzari batzuk, hots, ordenagailu ahaltsu batzuk, martxan egon behar dute datu-zentro batean uneoro.

TikToken kontua irekitzen dugunean adibidez, nonbait gure datuak metatzen dira eta gure profila sortzen hasten da. Bertan kontsumitzen ditugun edukien arabera, eta guk geuk eman dizkiegun datuekin batera, gure profil osatuagoa sortzen dute. Honela, eduki horietan oinarrituta, gure interesak, egoera pertsonalak edota osasun datuak eskuratzen dituzte.

Datu kopuru handiak biltzen dituzte multinazional hauek eta publizitate plataforma bilakatu dira azken finean. Euren negozio eredua datuen salerosketa da, milaka miloi pertsonen datuak bildu eta publizitate pertsonalizatua egiteko profilak egitea.

Gainera, enpresa handi hauen esku geratzen da erabiltzaile bakoitzari erakutsiko zaien edukia hautatzea. Hots, ez da denbora lerroa errespetatzen eta algoritmoen bidez erabakitzen dute bakoitzari zer erakutsi. Beti ere, erakutsiko den edukia helburu jakin batekin hautatua izaten da, noski.

Horren alternatiba da fedibertsoa, hau da, deszentralizatutako sare sozialak. Fedibertsoa euren artean “ulertzeko” gai diren sare sozialen instantziek osatzen dute. Mastodon-en erabilera asko zabaldu da azken aldian. Batez ere, Twitter Elon Musk munduko aberatsenetakoa denak erosi eta datuak ustiatuko dituela jakin denetik. Mastodon Twitterren alternatiba libre gisa ikusi du askok.

Mastodon ordea, ez da bakarra, hau da, instantziak sortu daitezke. Instantziak software hori martxan duten zerbitzariak dira. Hainbat euskal eragilek mastodon.eus jarri zuen martxan eta Izarkomek adibidez, mastodon.jalgi.eus. Orain Abaraska elkartea ere sortu da Fedibertsoko euskal tresnen inguruan lan egiteko. Gainera, munduan 12.000 instantzia baina gehiago daude eta ezagunenetakoa mastodon.social da. Horrela, norbaitek, Twitter bezala, Mastodon erosi nahiko balu instantzia guztiak erosi beharko lituzke eta oraindik ere beste instantzia berriak instalatu genitzake besteok.

Denek ActivityPub protokoloa erabiltzen dute eta sare batetik beste sare sozial batekoa irakurri daiteke, hots, Mastodonetik Pixelfed-eko argitalpenak ikusi daitezke. Adibide gisa, hori Twitterretik Instagrameko argitalpenak ikustearen baliokidea dela esan daiteke.

Eta aurrera begira zer? Badirudi Meta taldea (Facebook, Whatsapp, Instagram...) bilera sekretuak proposatzen ari direla Mastodon instantzietako arduradunei. Izan ere, Threads sare sozial berria kaleratu du Meta multinazionalak eta helburua Twitter sareari konpetentzia egin eta euren monopolioa haztea da. Hala ere, sare sozial berria ActivityPub erabiliz Fedibertsoarekin kontaktuan egongo dela esan dute.

Horrek eztabaida berria ireki du Fedibertsoko erabiltzaileen artean: Threads -edo Facebook- Mastodon instantziekin ulertzeko gai izango balitz onartu beharko genuke? Edo erabat blokeatu beharko genieke sarbidea Mastodoneko erabiltzaileon datuak ustia ez ditzaten.

Euskal komunitateko administratzaileek argi dute: Ez dute onartuko Metak instantzia hauetan eskurik sartzerik. Beraz, ezingo da euren instantzietatik euskal komunitatera konektatu, ezta alderantziz ere. Ondorioz datuen ustiaketa mugatuko zaio erraldoi teknologikoari eta komunitate txikien aldeko hautua egin da. Metak helburu duen monopolioa geldiarazteko urrats argia da erabakia.

Hala ere, Threads aplikazioa Europarrok ezin dugu erabili. Izan ere, hain datu kopuru handia gordetzen du, non Europar batasunak ez baituen legeztatu aplikazioa. Beraz, Europan merkaturatu ahal izateko, aplikazio berrian aldaketak egin beharko dituzte eta pribatutasuna errespetatzen hasi.

Laburbilduz, algoritmoetan oinarritutako eta zentralizatutako sare sozialetatik Fedibertsorako bidea egiten hasi behar dugu. Munduko beste komunitateekin konektatuta dauden instantzia txikiak bultzatu ditzagun eta pribatutasunean ere aurrerapauso handia egingo dugu horrekin.

Gorka Julio

2023, Uztaila 18
Arloa: Sarean