Disko berriak kalean

Urte berriarekin batera eta udaberriari begira, hemen argitaratu berri diren lan berrien lagin batzuk.

Rock instrumentala eta post-rock estiloak uztartzen dituen taldea da Ro.Gorka Alcaldek –gitarra–,  Josu Usobiagak –bateria–, Iñigo Gonzalezek –gitarra– Mikel Iraetak –sintetizatzailea eta teklatua– eta Iker Amenabarrek –baxua– osatzen dute boskotea. “Baiagoan” deitzen da autoekoiztu duten lan berria, Fruiz herrian dagoen Gaua ekoizpen estudioan grabatua. Azkoitia eta Azpeitia arteko musikariez osatuta dagoen taldeak 2021ean Barakaldon ospatzen den  “Hiriko Soinuak” lehiaketako talde onenaren saria jaso zuen. Sari haren emaitza da orain plazaratu berri duten diskoa. Emozio ezberdinak trasmititzen dituzte taldearen kantu instrumentalak, giro eta melodia sakonetan barneratuz entzulea.

 

Gernikatik datorren The Riff Truckers taldeak lan berria dauka kalean -beren laugarrena-, “Mustang” izenburupean. 6 abestiz osaturiko lana da eta bertan inguruko lagunen kolaborazioak izan dituzte. Hala nola, Aitor Zorrikieta Malamute (Mississippi Queen & The Wet Dogs),  Alex Garcia (The Van), Aitor Lacalle Laka (Memoria de Pez) eta Edorta Apraiz (Tooth). Hard-rock eta rock’n’roll doinuak nabarmentzen dira lan berri honetan.

Baga-Biga zigiluaren eskutik dator La Topadora talde nafarraren disko berria. Skalariak eta Vendetta taldeetan ezagutu genituen musikariak, orain bere ibilbideko bigarren diskoa plazaratu dute. Brigi Duke (ahotsa, Frenético), Amets Larraza (ahotsa, Muxu), Eva M. Swin-garaia (ahotsa, Al calor) eta Guillermo Urkijo (ahotsak) lagunak izan dituzte kolaborazio lanetan. Erritmo eta doinu ezberdinez jantzia datorren lana da. Afrikako doinuak, erritmo kubatarrak, hegomeriketako kantutegiaren oiartzuna, reggaea eta jamaikako doinuen berosotasuna…estilo batetik bestera mugitzen doa taldea. Dantza eta festo girora bultzatzen dituzten doinuak, cumbia izan, ska doinuak zein elektronika ikutuak.

Javier Etxeberria (kitarra, ahotsa eta programazioak), Luisillo Kalandraka (baxua eta ahotsa), Ruben Anton (tronpeta eta ahotsa), Enrikko Rubiños (bateria eta perkusioa) eta Gaizka Otsoa (tronboia) lagunek osatzen dute taldea.

“Hemen berriro” deitzen da Sara Azurza kantari donostiarraren disko berria. Orain gutxi argitaratu du lana Zart kolektiboarekin. Bizitzaren ziklo emozionalaren gaineko hausnarketa eraman du disko berriko kantuen artera. Soul eta pop doinuak dira nagusi bere lan berrian.

Oso gazte zelarik eman zion arreta musika munduak Azurzari. 15 urterekin ekin zion kantu klaseak hartzeari, eta gitarra ere ikasitakoa da. Bere abeslari ibilbidea, ordea, 17 urte zituela hasi zuen: ETB1eko “Kantuan” programan oholtzara igo zenean. Bertan ezagutu zuen Iker Lauroba musikaria, eta harekin batera eman zituen bere lehen urratsak. Hainbat talderekin egin du lan geroztik. 2018an argitaratu zuen bakarkako lehen lana, “Theorein”. Euskarazko zein ingelesezko bost abesti bildu zituen disko hartan.

Belaunaldi berriak tarteko, Bengo izenarekin aurkezten zaigu Oiartzungo Aitor Bengoetxea kantaria eta bere lan berria “Bizirik” deitzen da. Musika urbanoan zehar murgiltzen da 8 abestiz osaturiko lana. Bengo 14 urte zituela hasi zen rapean, berehala ekin zion kantuak sortu eta sareetan jartzeari, baina pandemiak eman zion bultzada musikagintzan bete-betean aritzeko. Orain aurkezten duen “Bizirik” diskoaren aurrekari moduan “4Taupada” EPa kaleratu zuen 2021ean. Pop urbanoa eta hip-hop doinuak azaltzen ziren bertan, gerora etorri denari bidea eginez.

Gotzon Uribe

2023, Otsaila 19