Intimitateaz hitz egin

Agurtzane Hormatza

Kaixo Agurtzane ,

Nikole naiz.

Galdera bat daukat. Datorren 21ean neska laguna ta biok sei hilabete egingo ditugu. Oso gustura gaude. Gure sexua oso ona da. Baina ni gogotsu nago sarketarako. Gustatuko litzaidake zakila-lako zer edo zer sartzea nire baginan, edota berean. Baina ez dakit hori dan oso heteroen kontu bat. Eta txarrena, ez dakit zelan esan neska lagunari, ez dut nahi presioneta sentitzea. Zer egin dezaket? Zer dinostazu?

 

Kaixo Nikole,

Zorionak Nikole! 6 hilabete elkarrekin, ez da makala. Denbora horretan gauza asko bizitzeko tartea izan duzue. Haserratzeko, adostasunak eraikitzeko, pozteko, zirrarekin gozatzeko, elkarren gustuak hobeto jakiteko eta ulertzeko…Bikotekideek denbora behar izaten dute elkar ezagutzeko, eta pentsatzen dugun baino sarriago sorpresak izaten ditugu. 

Komunikazioa da bikotekideen artean eraikitzen dugun sistema bat. Non bakoitzak bere moduak dituen, bere erak intepretatzeko, bere kodeak transmititzeko. Atara kontuak, batzuetan isiltasunak garrasiak bezain indartsuak izaten dira. Komunikazioa beti ematen da. Eta ohikoa da elkar ez ulertzea.

Bakoitzak dakargu gurekin familian eta gizartean ezarritakoa, gure bizitza propioan bizitu izandakoa, gure beldurrak eta gure desioak… Hori gutxi ez balitz izango, bizitzaren oraingo aldian bizitzen gabiltzanak ere eragin handia izango du. Eta zelan ez bion artean eraikitzen duguna, harreman horretan. HARTU-EMON  horretan. Gure istorioak nahastuz, komuneko beste istorio bat sortuz.

Gure intimitateaz hitz egitea, elkarri esatea zelan sentitzen garen, zer nahi dugun, zerk beldurtzen gaituen…ez da izaten erreza. Erronka ederra. Batez ere maite duguna aurrean daukagunean, eta alboan gura dugunean jarraitzea. Modu bat hasteko izan daiteke: zuk zeuk tarte bat hartzea paper batean idazteko gura duzun guztia, ez soilik zure desioa zein den, zure bildurrak ere eta horri buruz dauzkazun bizipenak edota gogoeta guztiak. AskatuBehar bada behin baino gehiagotan idatzi beharko duzu zuretzako ere argiago gera dadin zer den konpartitu nahi duzuna.

Aurretiz egindako lan horrek erreztuko dizu bidea. Alde batetik esandakoa,  argitasuna, eta bestetik bildurrak apalduko zaizkizu. Urduri egon arren aurkituko duzu modua goxotasunez berba egiteko. Eta seguru nago guzti horrek lagunduko diola berari ere bere bidea egiten. 

Kontuan izan zure neska lagunak, seguruenik, denbora behar izango duela konpartitutakoa barneratzeko. Zuk behar izan duzun moduan. Beharbada elkarrizketa gehiago beharko dituzue, berbaz eta gorputzez…astiro ta goxo bion artean eraikitzeko intimitatea, eta intimitatearen komunikazioa.

Eta amaitu baino lehenago. Zure idatzian beste zalantza bat aipatzen duzu. Sarketa ea ez den oso “heteroa”.  Uste dut ideia hori oso zabalduta dagoela. Aldagai askorekin dago ideia hori lotuta. Baina, uste dut erotikaren bizipenaz egin denean berba, edo ikertu izan denean bi ardatz nagusi izan dira. Gizonezko eredu eta ikuspegi bakarra, eta horren eskutik agindutako heterosexualitate modu bat, eta zelan ez zentroan penetrazioa. Albo batera utzita norbanakoaren sexualitatea eta erotika bizitzeko ezinbesteko aniztasuna. 

Zer daukagun gustuko, zelan bideratu gure gurariak, norekin partekatu behar ditugun…ez dauka etiketarik. Dena denona da, bakoitzaren prozesoaren bitartez agertu edota eraikitzen ditugu. Eta beti ere beste lagun batekin topo egiten dugunean gure zirrarak eta talkak sortzerakoan, bion artean ondo egiten digun osatzeko bidaia saiatzen gara egiten.

Sartzea, zurgatzea, txupatzea, laztantzea, igurtzea….ahoarekin , hatzamarrekin, jostailuekin, eskuekin, titiekin….lagunaren ipurdian, aluan, lepoan, aurpegian, ilean, oinetan….Azalak ekartzen digun gozamen amaitezina eraikiko du!! Ezinbesteko den moduan ZUONA!!!

 

Agurtzane Hormatza

2022, Abendua 10
Arloa: Jo ta jo