Uribe Kosta taldeak irabazi du XXIX. BBK Sariketa
Uribe Kostak irabazi du Bertsolari Gazteen XXIX. BBK sariketaren finala Bilboko BBK Salan giro polita izan zen Uribe Kosta eta Lea Artibai taldeen artean. Bilbon jokatu zen finalean azken emaitzan bi puntuko aldea izan zen Uribe Kostakoen alde. Izan ere talde irabazleak 443,50 puntu lortu zituen eta Lea Artibai taldeak 441,5. Aurtengo finaleko protagonistak hamabi bertsolari hauek izan dira: Uribe Kostatik, hemezortzi urtera artekoetan: June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago eta Lea Artibaitik Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga. Adinez nagusi diren taldeetan, Uribe Kostak, Mikel Arrate, Oihan Diaz eta Peru Irastorza izan ditu kantuan eta Lea Artibaik Aissa Intxausti, Garazi Navarro eta Naia Ibarzabal. Taldeko agurra puntuagarria izan da, eta ariketa bat gehiago moduan puntuatu dute epaileek. Bestalde, aurtengo sariketako kantaera onenaren saria Uribe Butroeko Jokin Arriolak jaso du.
Sari banaketa ekitaldian Koldo Bilbao BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko ordezkariak eta Ainhoa Markinez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko ordezkariak hartu zuten parte. Finaleko protagonistez gain, oholtzara igo dira sariketan parte hartu duten eta saioan egon diren gainontzeko eskualdeetako ordezkariak ere, eta opari bana jaso dute. Erabakita bizkaiko finaleko zortziko taldea Larrabetzuko hirugarren eta azken finalaurrekoan erabaki zen zein zortzi bertsolarik abestuko duten Bizkaiko bertsolari finalean; Lehen finalaurrekoa irabazita sartu zen Gorka Pagonabarraga gaztea lehen aldiz ariko da finalean. Galdakaoko saioa irabazita Etxahun Lekuek lortu zuen zuzeneko pasea eta azken finalaurreko zuzeneko aukera Nerea Ibarzabalek eskuratu zuen. Ondoren puntuazioz sailkatu dira gainontzeko bostak. Aitor Bizkarra, aurreko finalean ere abestu zuena, Xabat Galletebeitia inoiz buruz burukoa ere jokatu izan duena, Jone Uria, azken edizioetako aurpegi ezagunetako bat, Aitor Etxebarriazarraga lehen aldiz Miribillan abestuko duena eta Onintza Enbeita egungo txapelduna. Finala abenduaren 18an izango da Miribillan.
Saioa Alkaiza Nafarroako txapelduna Lehen aldiz finalera iritsi eta txapela jantzi zuen Saioa Alkaizak, Eneko Lazkozekin buruz burukoa jokatu eta gero. Estitxu Arozenak jantzi dio txapela irabazleari. Final dotorea osatu zuten Julio Sotok, Saioa Alkaizak, Eneko Fernandezek, Joanes Illarregik, Eneko Lazkozek, Josu Sanjurjok, Xabat Illarregik eta Xabier Silveirak. Ekitaldiaren lehen zatian, ofizioka binaka zortziko handian, binaka zortziko txikian, banaka puntu erantzunean, binaka hamarreko txikian, eta banaka bakarkako lanean aritu ziren bertsolariak. Saioa Alkaizak eta Eneko Lazkozek bildu zuten buruz burukora pasatzeko puntu gehien. Atal honetan, puntuka eta seiko motzean aritu dira hasieran, eta kartzelako lanarekin bukatu dute eguneko saio puntuagarria. Zehazki, horrela gelditu da finaleko sailkapena 1.Saioa Alkaiza (995 puntu) 2. Eneko Lazkoz (992 puntu) 3. Julio Soto (627,5 puntu) 4. Joanes Illarregi (596 puntu) 5. Xabier Silveira (592,5 puntu) 6. Xabat Illarregi (582,5 puntu) 7. Josu Sanjurjo (580,5 puntu) 8. Eneko Fernandez (573 puntu)