Hiru bertso egun 2021.urtean
Urtarrilean urtero hutsik egin gabe antolatu izan den ohiko hitzorduaz gainera, beste bi egun ere ospatuko dira 2021.urtean. Hiru ekimenak bertso plazen osasunean eragiteko asmoz sortu dira eta dagoeneko sarrerak eskuragai daude online bertsozale elkartearen web orrian.
Iazko urteak, 2020ak, orokorrean gizartera eta bereziki kulturara ekarri duena ahaztu nahian eta pandemiaren eraginari aurre egiteko bertso plaza hauspotzen lagungarri izango diren hiru jarduera aurkeztu dira 2021 urtera begira.
Hiru Bertso Egun izango dira: Lehena, urtarrilaren 30ean egingo da Hazparnen otsailaren 13an, Iruñean bigarrena; eta hirugarrena, martxoaren 27an, Getarian.
Urtarrilaren 30ekoa Hazparneko Mendeala gelan izango da: Amets Arzallus, Elixabet Etxandi, Maialen Akizu eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan. Gayarre antzokian izango da, Iruñean, otsailaren 13koa: Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan; Getariako Balenciaga museoak hartuko du martxoaren 27koa. Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi egongo dira kantari. Garai hauetan ere aurrez aurreko jardueren mugatzea dela eta, zaletu guztiengana iristeko internet bidez ere ikusgai izango dira saioak, www.bertsoa.eus atarian.