Ahostegunak abian dira
Ahots Baten sormen egonaldiak emandako pausoei jarraituta antolatu dute Ahostegunak. 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta, antzerkia, bertsolaritza, kantua eta literatura lantzen dira: ahozko kultur sorkuntzekin ondo pasatzeko aukera eskaini nahi du egitasmo honek ere unibertsitatearen eremuan gauzatzen diren saioen bidez.
Kultur diziplina horietan murgiltzeko, gozatzeko eta sakontzeko aukera ematea; zale diren gazte horien arteko harreman sareak eragitea; eta diziplinartekotasunaren esperimentazioari espazioa ematea dira ekimenaren helburuak. Izenak ongi adierazten duen moduan, saioak ostegunez izaten dira, arratsaldez. Kultur sorkuntza bat lantzen da egun bakoitzean eta azken jardunaldian, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egingo da. Olatz Salvador kantautorea izango da lehen gonbidatua. Hurrengoetan, Erika Olaizola aktorea, Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta sortzailea izango dira gonbidatu.
Irekita dago Ahots Baten topagunerako izen-ematea Abenduaren 9ra arte egongo da zabalik izen ematea eta urte guztian antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan eta kontalaritzan edota literaturan aritzen diren gazte sortzaileei zuzendua dago. Bi egunetan, kultur diziplina horietan aditu diren gonbidatuak batuko zaizkie taldera, eta partekatzeko, esperimentatzeko, hitz egiteko... aukera izango dute. Azpeitiko Dinamoa sormen gunean izango da aurten Ahots Baten.
Ez da ohiko egonaldia izango, eta bi saiotan gauzatuko da, abenduaren 28an eta 29an. 9:30ean elkartuko dira Azpeitiko Dinamoan bi egunetan; 18:30ean amaituko da saioa lehen egunean, eta 19:45an bigarren egunean, bi eguneko jarduna biribiltzeko ikuskizuna eskainiko da. Lehen egunean, literatura eta bertsoa izango dira mami: Iratxe Retolaza literatura adituak hasiko du saioa, eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak batuko dira taldera. Bigarrenean, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego kantariak hartuko dute parte; amaitzeko, Agirrezabalak Satiro bere bakarkako antzezlana eskainiko du.
Bost urteko ibilbidea Iaz esate baterako 40 lagunetik gora elkartu ziren Ahots Baten sormen egonaldian Azkoitiko Abaraxka aterpetxean. Antzerkia, bertsoa, kantua eta kontalaritza izan zituzten orduan ere gozamenerako iturri, eta ohiko duten kultur diziplinatik harago, beste batzuk ere ezagutzeko abagune bikaina izan zuten. Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar Amorante abeslaria, Harkaitz Cano idazlea eta Amets Arzallus eta Onintza Enbeita bertsolariak izan dira beraiekin egun banatan. Ikastolen Elkartearekin elkarlanean antolatzen du Mintzola Ahozko Lantegiak Ahots Baten.