Tenpora taldearen lan berria
Tolosaldetik datoz Tenpora taldeko lagunak. “Berriro asma nazazu” deitzen da berain disko berria. Hirugarren diskoa dute honakoa eta 7 abestiz osaturiko lana da. Giro eta estilo ezberdinak ukitzen dituen diskoa plazaratu du boskoteak.
Taldea Elena Arandia abeslariak gidatzen du eta berarekin batera Juantxo Zeberio (teklatua), Itsaso Etxebeste (baxua), Beñat Barandiaran (gitarra) eta Hasier Oleaga (bateria) aurkitzen ditugu. Eragin musikal ugarri azaltzen dira beraien kantuetan. Nagusiki jazz eta pop giroetan mugitu arren, badaude ere rockaren eta folk musikaren ikutuak. Honekin lotuta beraien kantuen letrei berebiziko garrantzia ematen die. Abestien letrak eratzeko orduan kolaboratzaile ezberdinak izan ohi dituzte, kasu honetan Harkaitz Cano eta Karlos Linazasoro izan dira eta beraiekin batera Leire Bilbao idazle ondarrutarrak pisu berezia izan du. Diskoko bi abestietako letra berak idatzi ditu eta lanaren izenburua ere bere testu batetik aterata dago.
Diskoaren ekoizpen lanetan Aitor Etxebarria musikari gernikarra aritu da eta zenbait kolaboratzailek hartu dute parte, hala nola, Xendarineko Ahizpak (ahotsak), Ruben Salvadorrek (tronpeta), Gonzalo Fernandez de Larrinoak (tronboia) eta Et Incarnatus hari hirukotea.
Tenpora 2013. urtean Tolosan jaiotako euskarazko pop-jazz kutsuko musika taldea da. Lehendabiziko maketa 2014ko abuztuan kaleratu zuten, sei abestiz osatutako autoekoizpena. Ondoren, “Mundu Berria” (2015) eta “Itzulika” (2017) autoekoizturiko lanak etorri ziren.