Unai Egia bakarka

Beleak bakardadea, isolamendua eta denbora luzez bere burua ezin kokatuta egon den norbait adierazten du. Hori da hain zuzen ere Unai Egia une honetan. Naturaren elementuetan oinarritutako 5 diskoak bukatu ondoren, bakar-bakarrik datorkigu bere soinua, estiloa eta estetika berriturik Lekeitioko musikari hau.

Soinu konplexuetatik, hamarnaka pista dituzten abestietatik eta distortsiotik ihesi oraingoan: ahotsa, gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, ohin bonboa eta ohin panderetarekin. Diskoan ere soinu tresna hauek baino ez ditugu entzungo. Kantautore klasikoaren soinua dakar Nabilek 6 abestiz osatutako EP  berri honetan. Bizitzen berriro ikasi behar izan duen edozein pertsonari buruz hitz egiten duen lana da honako. Batzuetan barrura begiratzen duten abestiak dira bereak.

Nabil taldea 2007an jaio zen, “Bere begiei” diskoarekin. Lehenengo lan hori Unai Egia beraren esperimentua izan zen eta naturaren “Ura” elementuaz jantzita zetorren. Ondoren argitaratu zituzten “Egunsenti bat lez” (2010, lurra), “Oroimenen mosaikoa” (2013, airea) eta “Ordu kiskaliak” (2015, sua).

Taldearen azken lana “Eter” izenburuarekin plazaratu zuten 2019an. Aurreko diskoetako abestiak hartu eta kolaborazio ezberdinekin birgrabatu egin zituzten disko bakoitzetik hiru abesti hartuz. 12 abestiz osatutako lana da “Eter“. Guztira, 18 musikariren laguntza izan zuten disko hura birgrabatzerakoan.

Orain aurkezten duen disko berria autoekoizpena da eta Unai Egia berak burutu ditu musika, hitzak eta azala bera. Bedroom studioseko Iraun Urkaregirekin batera grabatu du eta El Burrito Fillmseko Aitor Zugadi izan da bideokliparen grabazioa zuzendu duena. 

 

Gotzon Uribe

2020, Azaroa 25