“Begin” deitzen da Irati Bilbaoren estreineko lana

“Begin” izenburuarekin aurkezten da Irati Bilbao Durangar kantari gaztearen estreineko lana. Musikene, Euskal Herriko goi mailako ikastegian jazz gradua ateratzen jardun den lau urteetan pixkanaka eta mimo guztiz garatutako proiektu bat da bere hau, gaitasun tekniko izugarriaz gain oso sentsibilitate pertsonal batez eratutakoa eta konposaketen doinu eta hitzen arteko joko berezi batez hornituta datorrena. Eta hori gutxi balitz musikari laukote bikain bati bere espresio artistikoa ekartzeko aukera eta tokia eskaintzen dio gainera. 

Diskoa burutzeko orduan leku ezberdinetatik edaten duten eragin musikalak aurki ditzakegu, beti ere jazz musika, pop doinuak eta musika garaikidea izan dituelarik erreferentzia nagusiak. Laukoteak bereak dituen eraginak erabiliz taldeari ekarpen ezberdinak egin dizkio, abestiaren beharren alde eginez eta berau biribiltzeko eta osatzekko gaitasun nabarmena azaltzen du Iratik lan berri honetan.

Bere ondoan Eva Alcaide gitarrajole madrildarra aurkitzen dugu, besteak beste Creativa ikastegian Emmet Crowleyren ikasle izandakoa, Musikenen bukatu eta gaur egun Eskoziako kontserbatorio errealeko ikaslea dugu. Alicanten jaiotako Jorge Fernandez pianojolea ere badu bidelagun, Iñaki Salvadorren ikasle izan da eta No Land taldeko partaide da. Bestetik Carlos Montu Huescado baxulariak eta Jo Krauseren ikasle den Aitor Bravo arabar baterijoleak osatzen dute taldea.

Diskoa 2019ko udazkenean grabatu zuten Oiartzungo Mecca recording estudioan.

 

Gotzon Uribe

2020, Azaroa 25