Elena Setien, Grande Days eta Xabier Erkizia elkarrekin

Forbidden Colours diskoetxearen eskutik “Mirande” izenburupean plazaratu berri den diskoa osatzen dute Elena Setien kantari eta konposatzaile donostiarrak, Grande Days post-rock taldeak eta Xabier Erkizia musikari eta ekoizle nafarrak. Hirurek ere Jon Mirande idazlearen poesia dute ardatz.
Elena Setien eta Grande Daysek Beasaingo Igartza jauregian emandako kontzertu batean sortu zen Jon Miranderen olerkiak musikatzeko ideia. “Haur besoetakoa” nobelaren egilearen poemak gutxitan musikatu izanak alde batetik, eta “poeta madarikatu” haren arte munduan barneratzeko gogoak bestetik, bultzatu zituzten proiektua martxan jartzera. Bidean Xabier Erkizia —Grande Daysen “A Way to Collapse” (2019) diskoaren ekoizlea— batu zitzaien eta elkarrekin grabatu dute “Mirande” izeneko diskoa. Beñat Sarasola idazleak testu bat sortu du diskorako eta Koldo Almandoz zinemagileak ere kolaboratu du proiektuan.

Ez da lehen aldia Jon Miranderen poemak rock musikara ekartzen dituztena. 80ko hamarkadan Hertzainak eta Zarama taldeek olerki bana musikatu zuten, “Eder bati” eta “Oianone” hurrenez hurren, baita Niko Etxartek ere (“Eresi”, “Ortziren ttunttuna”, “Ametsetarik”). Baina gehienbat musika herrikoiari lotutako artistek jo dute Miranderen obrara, bereziki Oskorri taldeak eta Imanol kantariak. Mikel Markezek Miranderen hiru olerki musikatu zituen “Kantu erotikoak” diskoan, eta Antton Valverdek bi ale sartu zituen “Larogeitamazazpi” lanean.

Elena Setien kantariak bi disko ditu plazaratuak, folk eta pop doinuetan maisuko murgiltzen da. Grande Days taldearen kasuan rock doinuak dituzte hizpide, post-rock estilotik abiatuta beraien abestiak intentsitatea eta giro eta testura bereziak bilatzen dituzte.

 

Gotzon Uribe

2020, Azaroa 02